Albistea entzun

Txileko konstituzio berria. Zirriborroa

Estatu parekidea, plurinazionala, soziala eta ekologikoa ezarriko du Txileko konstituzio berriak, onartzen bada

Txileko Biltzar Konstituziogileak amaitu du konstituzio berriaren zirriborroaren artikuluak bozkatzen, eta astelehenean entregatuko dio Harmonizazio batzordeari. Kutsu feminista argia du, eta bide bat ezarriko du etorkizunerako. Historikoa da jatorrizko herrien aitortza ere. Eskubide sozial ugari jaso dituzte, Pinocheten 1980ko konstituzioa atzean uzteko.> 

Pinocheten kontrako protesta bat, 2012an, Santiagon.
Pinocheten kontrako protesta bat, 2012an, Santiagon. FELIPE TRUEBA / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Jon Ordoñez Garmendia -

2022ko maiatzak 15

«Aurreikuspenak handiak ziren, eta bidean gauza batzuk geratu dira. 'Txile berriro sortu behar dugu', esan zuen [Elisa] Lonconek. Ideal hori genuen denok, eta prozesua moderatu egin da. Baina gauza oso oinarrizkoak daude, eta oso politak. Biltzar Konstituziogilea gauza historikoak egiten ari da». Camila Higuera kazetariak (Santiago, 1986) Interferencia hedabide digital independentearentzat eman du Txileko Biltzar Konstituziogilearen saioen berri. Historiaren lekuko da. «Erortzear da, erortzear da, erortzear da / Eta herria batzen bada, ziur eroriko dela / Txile ez da errenditzen, arraioa», abesten zuten txiletarrek 1980ko hamarkadan, Augusto Pinochet diktadorearen kontra. Erori zen, bai, baina hark 1980an idatzi zuen konstituzioak zutik iraun zuen, demokrazian aurrera egiteko funtsezko aldaketak oztopatuz. Orain arte.

Hamar hilabeteren ondoren, bihar amaituko dute konstituzio berriaren zirriborroa 154 konstituziogileek (155 ziren, baina batek uko egin zion irailean, minbizia zuela gezurra zela jakin ostean). Larunbatean bozkatu dituzte azken artikuluak. Ehun osoko bilkura baino gehiago egin dituzte, eta batzordeetan landutako artikuluak banan-banan bozkatu dituzte. «Ezker antineoliberala izan zen garaile konstituziogileak hautatzeko bozetan, eta artikulu gehienak %80ko kontsentsuarekin sartu dira. Indarra ematen dio horrek», dio Eneko Compains EHUko Konstituzio Zuzenbide irakasleak (Iruñea, 1981). Txilekoa prozesu berritzailea izan da zentzu askotan, eta aitzindari zenbaitetan. Zirriborroa orrazten dutenean, Gabriel Boric presidentearen eskuetan utziko dute, irailaren 4ko plebiszitura dei dezan (Salvador Allendek Txileko Herri Batasunarekin presidentetzarako hauteskundeak irabazi zituen egunaren 52. urteurrena beteko da egun horretan).

Estatu parekidea

«Konstituzionalismo adibide berri bat da», dio Compainsek. «Prozesu parekide baten bitartez historian egiten den lehen konstituzioa izango da», gaineratu du. Txileko Biltzar Konstituziogilea izan da munduko lehen biltzar konstituziogile parekidea, 77 gizonek eta 77 emakumek osatu dute. «Oinarrizkoa izan da hori», Higueraren ustez prozesuan emakumeak funtsezkoagoak izan baitira gizonak baino, ezkerretik eskuinera: «Emakumeek bideratu dute eztabaida».

Parekidetasun hori ez da prozesuan bakarrik ikusi, eta lehen artikuluetako batean (zenbakiak oraindik zehaztu gabe daude) «demokrazia parekidea» aldarrikatzen du zirriborroak. Eta dio: «Estatuaren organo guztiek, organo autonomo konstituzionalek eta administrazioko goi organoek, baita enpresa publiko eta erdipublikoen zuzendaritzek ere, osaketa parekidea izan beharko dute, zeinak ziurtatzen duen gutxienez kideen %50 emakumeak direla». Ondoren gaineratzen du «gizon, emakume, aniztasun eta disidentzia sexogenerikoen ordezkaritza» printzipio bat dela, «gutxieneko baldintza bat demokrazia oso baterako».

Beste eduki batzuetan ere nabarmentzen dira aldarrikapen feministak. Esate baterako, genero indarkeriarik gabe bizitzeko eskubidea jasotzen du, auzitegiek genero ikuspegiarekin epaitu behar dutela dio, eta, zaintzarako eskubidea aitortu eta zaintza lanak beharrezkoak direla aldarrikatzeaz gain, zaintza hori berdintasunez eta erantzukizunez egin behar dela dio. Gaineratzen du zaintzaileei eta etxeko lanak egiten dituzten pertsonei (lan horiek ere beharrezkotzat aitortzen ditu) estatuak gizarte segurantza ziurtatu beharko diela.

Compainsen arabera, genero berdintasunak ez du Txilen bezainbesteko protagonismorik izan beste inongo prozesu konstituziogiletan: «Zehar lerro bat izan da, eta batzorde guztietan izan dute aintzat. Aurrerakada nabarmena da. Benetako mugarria izango da, eta eredu bat utziko du hurrengo prozesu konstituziogileetarako». Antzera pentsatzen du Higuerak ere: «Hori betiko geratuko da hor. Ez du atzera bueltarik».

Compainsentzat argia da kutsu feminista: «Ezaugarri nagusienetako bat da. Abortua ere argi onartzen du zirriborroak. Garaipen handia da hango mugimendu feministarentzat». Txilen, gaur egun debekatuta dago abortatzea, hiru baldintza hauetakoren bat betetzen ez bada: emakumearen bizia arriskuan egotea, fetuak jaio ezin izatea eta haurdunaldia bortxaketa baten ondorio izatea. Konsitituzio berriak dio pertsona guztiek dituztela sexu eta ugalketa eskubideak, eta horien artean dagoela nork bere buruaz modu librean erabaki ahal izatea sexualitateaz, ugalketaz, plazeraz eta antisorgailuez.

Estatu plurinazionala

Historikoa izango da baita jatorrizko herrien eskubideei dagokienez ere. Orain arte ikusezinak ziren horiek estatuarentzat. Txilek 11 konstituzio izan ditu independentzia lortu zuenetik, eta soilik 1822koak egiten die erreferentzia jatorrizko herriei, 47. artikuluan: «Indiarren zibilizazioaren» ardura Kongresuari dagokiola dio. Beste aipamenik ez 212 urtetan. Oraingo honek, baina, estatu plurinazionala aitortu eta herri horiek izendatzen ditu: maputxeak, aimarak, rapanuiak, lickanantaiak, kitxuak, kollak, diagitak, txangoak, kawashkarrak, jaganak eta selk'namak.

Konstituzio berriarekin, herritarrak ordezkatzen dituzten organoetan eserleku kopuru jakin bat gordeko zaie herri indigenei. Hor ere, Biltzarrak ezarri du norabidea, beren ordezkariak zuzenean aukeratzeko hamazazpi eserleku gorde baitzitzaizkien nazio horiei. Hizkuntza indigenak ofizialak izango dira bakoitza bere lurraldean eta hiztun dentsitate handiko beste toki batzuetan, eta haien ikurrak bere egingo ditu estatuak, Txileko banderaren, armarriaren eta ereserkiaren pare jarriz (1980ko konstituzioak azken hirurak soilik jasotzen ditu).

Lurralde Autonomo Indigenak legez eratuko dira, eta oinarrizko eskubide kolektiboak aitortzen zaizkie jatorrizko herriei: autonomiarako, autogobernurako eta kulturarako eskubideak; hezkuntza sistemaren barruan, beren ohitura eta kulturaren araberako erakundeak garatzekoa; naturaz duten ikuskerarako eta beren lur, lurralde eta naturarako eskubideak; eta beren berezko erakunde, justizia sistema eta agintari tradizionalak izateko eskubidea. Horrekin batera, natur baliabideetarako eskubidea ere bai. Txile aberatsa da baliabide naturaletan, eta konpainia askok ustiatzen dituzte jatorrizko nazioen lurrak, batez ere zurgintza enpresek. Zirriborroak dio indigenen lurrek babes berezia izango dutela, eta horiei itzultzea lehentasuna izango dela. Esku pribatuetan dauden lurrak itzultzeko, «prezio justu bat» ordaindu beharko du estatuak.

Estatu soziala

1980ko konstituzioak estatu ordezkatzailea ezarri zuen Txilen. Kontzeptu hori XX. mende erdialdeko Chicagoko Eskolako korronte ekonomiko neoliberalarekin lotuta dago. Horren arabera, estatuak ez du esku hartu behar partikularrek modu egokian kudeatu ditzaketen zerbitzuetan. «Oinarrizko zerbitzuak esku pribatuetan utzi ziren, eta soilik horiek iristen ez diren lekuetan hartzen du parte estatuak», azaldu du Compainsek. Pinocheten ardatzetako bat izan ziren pribatizazioak, eta desoreka eta gabezia handiak eragin dituzte. Desberdintasunen Munduko Datu Basearen arabera, Txilen herritarren %0,001 aberatsagoa da %80 pobreena baino; munduan beste bost herrialdetan soilik gertatzen da hori: Brasilen, Hegoafrikan, Eswatinin, Libanon eta Errusian.

«Txilen ahula izan da estatua, nahiz eta zentro-ezkerrak gobernatu. Orain rol aktiboagoa hartu beharko du berdintasun sozialak ezartzeko», dio Compainsek. Eskubide sozialen arloak berebiziko garrantzia du, horien alde atera baitziren txiletarrak kalera 2019ko urrian; istilu horien ondorioz sortu zen konstituzio berri bat izateko aukera. EHUko irakaslearen arabera, zirriborroan estatuaren rolaren aldarrikapen bat dago, eskubide sozialen aitortza. «Eskubide sozialen multzoa ezinbesteko aurrerapausoa da, hemen ez baitziren existitzen», dio Higuerak: «Zirriborroan ezarrita geratzen dira».

John Bartlett The Guardian egunkariaren Txileko kolaboratzailearen arabera (Ingalaterra, 1992), Txile estatu sozialdemokrata izango da hemendik aurrera, konstituzio berria onartzen bada: «Ez da estatu ordezkatzaile bat edo neoliberal bat izango, eta hala eskatu zen argi eta garbi kalean».

«Txile zuzenbidezko estatu sozial eta demokratikoa da», dio zirriborroak. Hainbat eskubide jasotzen ditu, eta Compainsek dio gakoa eskubideen zatiezintasunean dagoela: «Venezuelako, Boliviako eta Ekuadorko konstituzionalismo berrian eskubide zibil, politiko eta sozialak zatiezinak direla aitortu zen, eta, modu horretan, konstituzioaren bermeak eskubide sozialetara luzatu ziren. Txileko zirriborroan esaten da oinarrizko eskubideak direla zatiezinak, eta ikusi behar da azkenean eskubide sozialak ere hor sartzen diren, adibidez etxebizitzarena, baina itxura guztia du hala izango dela. Oso berri ona da».

Higuerak hutsune bat ikusten du pentsioen atalean, eta hori xedapen iragankor batean jaso beharko dela uste du. Pentsio sistema pribatua da Txilen, eta hori aldatzeko eskaera historikoa da, pentsioak txikiak direlako eta horiek kudeatzen dituzten enpresen irabaziak, handiak. Zirriborroak dio legeak Gizarte Segurantza Sistema publiko bat ezarriko duela, eta bizirauteko ahalmena eta lanerako gaitasuna murrizten zaien pertsonak babestuko dituela. Gizarte segurantzarako eskubidea aitortzen die pertsona guztiei, berdintasunean oinarriturik.

Osasunerako eskubidea ere jasotzen du, eta osasun sistema nazionala publikoa eta unibertsala izango dela dio. Etxebizitza eskubidea aitortzeaz gain, nabarmentzen du estatuak neurriak hartu beharko dituela hori ziurtatzeko. Horrez gain, adindunei duintasunez zahartzeko eskubidea eta horretarako prestazioak aitortzen dizkie; haurrei eta nerabeei, indarkeriatik, tratu txarretatik, abusuetatik, esplotaziotik, jazarpenetik eta zabarkeriatik babestuak izateko eskubidea; gorren hizkuntza ofizial egiten du horientzat, eta eskubide linguistikoak aitortzen dizkie; ezintasunen bat dutenei irispide errazak izateko eskubidea aitortzen die, eta landa eremua ere aitortzen du. Zainketa aringarriak bermatzeaz gain, eutanasiarako eskubidea ere jasotzen du: «Pertsona guztiek dute heriotza duin bat izateko eskubidea. Konstituzioak ziurtatzen du pertsonek beren bizitzaren amaieran beren zaintzaz eta tratamenduez erabakitzeko eskubidea».

Hezkuntza sistema egokitzeko eskaera ere historikoa da. 1980ko konstituzioan jasota dago hezkuntza eskubidea, baina kalitate eskasekoa da sistema publikoa. Praktikan, askoren ustez, kontsumorako gai bihurtu da hezkuntza. Oraingo zirriborroak dio sistema publikoa izango dela hezkuntza sistemaren ardatza, eta estatuak ezin duela bere ardura saihestu. Hezkuntza askatasuna eta ikastetxea aukeratzeko askatasuna ere jaso dituzte zirriborroan.

Estatu ekologikoa

«Kutsu ekologikoa ere badu konstituzio berriak. Aipatzen du mundu osoko krisi klimatiko bat dagoela eta arazo horiei konponbidea jarri behar zaiela», dio Compainsek. Txile estatu ekologiko bat dela dio zirriborroak, eta krisi klimatiko eta ekologikoari aurre egiteko neurriak hartuko dituela. Naturak eskubideak dituela aldarrikatzen du, eta gaineratzen du «estatuak eta gizarteak horiek babestu eta errespetatzeko ardura» dutela. Pertsona guztiek giro osasuntsua eta ekologikoki orekatua izateko eskubidea dutela ere badio, baita aire garbia izateko eskubidea ere. Animaliei tratu txarrik gabe bizitzeko eskubidea aitortzen die.

Ura ere aipatzen du, nola ez. Bartletten arabera, 154 konstituziogileak batu ditu gai horrek. 1980ko konstituzioak ondasun pribatu izendatu zuen ura, eta haren kudeaketa esku pribatuetan izan da harrezkero. Konstituzio berriak dio urarena giza eskubide bat dela, eta estatuak babestu beharko duela ura, bere egoera eta fase guztietan, eta ziklo hidrologikoa. Zehazten du pertsonek ura izateko duten eskubidea, saneamendua eta ekosistemen oreka lehenetsi egingo direla. Ura neurrian erabiliko dela eta uraren erabilera Uraren Agentzia Nazionalak baimenduko duela ere badio. Meatzeen, mineralen, fosilen eta hidrokarburoen jabetza osoa estatuarena izango da, zirriborroaren arabera, eta horien ustiaketak epe bat izango du, eta ingurumena babestu beharko du.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Irango exekuzioak salatzeko iaz Berlinen egindako protesta bat ©FILIP SINGER / EFE

Exekuzioak %20 ugaritu ziren iaz munduan, koronabirusari aurre egiteko murrizketak arindu zirela eta

Ander Perez Zala

Amnesty Internationalen arabera, 579 lagun exekutatu zituzten 2021ean, hemezortzi herrialdetan; horietako 314, Iranen. Gorakada hori «kezkagarritzat» jo du GKEak.

Quad aliantzako lau herrialdeetako liderrak, gaur, Tokion ©EFE

Asia-Pazifikoan Txinari aurre egiteko neurriak adostu ditu Quad aliantzak

Igor Susaeta

AEBek, Indiak, Japoniak eta Australiak leporatzen diote Pekini Indopazifikoan 'statu quo'-a «indarrez» aldatu nahi izatea. Ohartarazi dute eskualdean ezin dela Errusiak Ukrainan egindako inbasioaren «antzekorik» gertatu.

Doktrinatzeko zentroetako ikasgeletako bat, artxiboko irudi batean. ©WU HONG, EFE

Txinako Polizia hackeatu, eta uigurren kontrako jazarpenaren datuak azaleratu dituzte

Uxue Rey Gorraiz

Zibererasoaren ondorioz, poliziek uigurrei ateratako 5.000 argazki baino gehiago gelditu dira agerian; irudiok 2018an ateratakoak dira. Giza Eskubideen Nazio Batuen goi mandataria Txinan da, giza eskubideen urraketak ikertzen saiatzeko.

Trenaren bosgarren zatia, Quintana Roo estatuan (Mexiko). ©LOURDES CRUZ / EFE

Ekosistemaren arnasari entzungor

Zuriñe Iglesias Sarasola

Mexikoko Tren Maiaren bosgarren zatian eraikuntza lanak behin-behinean etenda daude ingurumen kalteak direla medio. Greenpeacek gobernua salatu du legea «urratu» duelako.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...