Olatz Arrieta
LEKU-LEKUTAN

Terrorismoaren aurkako gerra 20 urteren ondoren

2021eko irailaren 12a
00:00
Entzun
Gutxienez, gerra bat hasiko dute Ameriketako Estatu Batuek». Hau izan zen, 2001ean, Irailaren 11ko atentatuen egunean, New Yorken nengoela pentsatu nuen lehenengo gauza. Gerra bat baino gehiago izan ziren eta, George W. Bush presidenteak «terrorismoaren aurkako gerra» izena eman zien denei. Dorre bikien eta Pentagonoaren aurkako atentatuez geroztik, Ameriketako Estatu Batuek ez dute orduko tamainako atentaturik jasan eta terrorismo jihadista urruntzea lortu dute euren lurraldetik. AEBetan azken urteetan egin diren eraso terrorista gehienak estatubatuarrek egin dituzte, eskuin mutur eta supremazista zuriek. Irailaren 11ko atentatuek eta AEBetako Gobernuak emandako erantzunak, xenofobia eta islamofobia bultzatu zituzten eta hauspoa eman zioten eskuin muturreko taldeei eta terroristei. Oklahomako atentatuaren ondoren polizia operazioak ahuldu zituen mugimenduak indartu zituen Irailaren 11k ekarri zuen islamaren aurkako diskurtsoak. Europan ere talde xenofoboen eta eskuin muturreko alderdien argumentuak legitimizatu zituen kasu askotan, eta orain Europako herrialde batzuetan gobernuan daude.

Irailaren 11koa bezalako beste egun bat saihesteko, segurtasun nazionalaren eta inteligentziaren alorretan bakarrik, AEBek 600 mila miloi euro gastatu zituzten 2011ra arte, The New York Times egunkariaren arabera. Kopurua handiagoa izango da ziurrenik, sekretuak diren aurrekontuak ezin direlako zenbatu. Alor hauetan aurrekontuak handituz joan dira urtetik urtera, segurtasunaren industriaren eta teknologiaren garapenarekin batera. 2001ean dorre bikien aurkako atentatuen ondorioz sortu zen Segurtasun Nazionalerako Departamentuakia hogei mila milioi dolarreko aurrekontua izan zuen bere lehen urtean. 2020an 52 mila milioikoa. Administrazio demokratek zein errepublikanoek, eta baita populazioaren gehiengo zabal batek ere, gastua beharrezkotzat jotzen dute. Irailaren 11ko atentatuak saihestu ez izana errepikatu ezin daitekeen akatsa dela uste dute. AEBetatik kanpo, Afrikan eta Ekialde Hurbilean ere dirutza eta baliabide militar handiak inbertitzen dira oraindik terrorismoaren aurkako operazio publikoetan eta ezkutuetan. Teknologia militarrean 2001az geroztik eman diren aurrerapausoek, droneak adibidez, jihadismoaren aurkako operazioak erraztu dituzte, eta atzerrian egiten diren operazio militarren prezio politikoa merkatu dute.

Ekialde Hurbilean eta herrialde musulmanetan AEBek ez dute aliaturik lortu azken hogei urteotan, kontrakoa baizik, etsaiak indartu dituzte eta, gainera, talde terrorista berrien sorrera eragin dute. Baina terrorismoaren arriskua urruti ikusten dute Atlantikoaren beste aldean. Herritar gehienentzat Europan, Afrikan edo Ekialde Hurbilean egiten diren atentatuek ez daukate zerikusirik AEBen interes nazionalarekin.

AEBek Irailaren 11ko erasoak jasan zituztenean, Errusia izan zen Etxe Zuriari laguntza eskaini zion lehen herrialdea. Txetxenian Errusiako indar militarrek egindako sarraskiak zuritzeko erabili zituen Moskuk atentatuak, eta Txinak Xinjianen uigurren kontra terrorismoaren aurkako gerra hasteko aprobetxatu zuen, besteak beste, talde batek Osama Bin Ladenek bezala Afganistanen trebakuntza jaso zuela argudiatuz.

Irailaren 11k, Txinaren eta Errusiaren gorakadarekin batera, Gerra Hotzaren amaieraren ondoren AEBek nazioarteko sisteman zuten botere hegemonikoa kolpatu zuen, eta hegemoniaren amaiera hasi zen. Afganistanen eta Iraken okupazioen hasierak AEBen ahalmen militarraren botere erakustaldia izan ziren. Epe luzera estrategia gabezia eta porrot erakustaldia bihurtu ziren. Porrotak ageri zirenean, Bushen terrorismoaren aurkako gerrak amaitzea agindu zuen Barack Obamak. Donald Trumpek hasitakoari jarraitu zion Iraken eta Afganistanen, baita Txina atzerri politikaren lehentasun bihurtuz ere. Afganistango okupazioa amaituz, Joe Biden presidenteak itxitzat eman ditu Irailaren 11k eragin zituen atzerriko mobilizazio militar handiak. AEBetako atzerri politikak hegemoniaren galerarekin hasi zuen norabidean jarraituko du, historian zehar ohikoena izan duen norabidean: kanpora baino gehiago etxera begira dagoen potentzia ekonomikoarena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.