Altunak jokatu egingo du bihar

Amezketakoa osatu da ezker eskuan zuen minetik, eta Zabaletaren aurka arituko da. Irabazlea finalerdietarako sailkatuko da

Jokin Altuna, atzo, kazetariei bere erabakia jakinarazten. JON URBE / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2022ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Jokin Altuna osatu da, eta kantxan izango da bihar, buruz buruko txapelketako partidan. Jose Javier Zabaleta izango du kontrario,

Donostiako Atano pilotalekuan (17:15 ETB1). Atzo goizean bertanegin zuen proba, eta, gero adierazi zuenez, duela bi aste espero ez zuena erakutsi zion eskuak: «Ez nuen uste osatuko nintzenik, baina oso gustura nago, ilusio handiz, eta borrokarako prest. Jose jotzaile handia da, eta erasora jokatu beharko dut eskua ez behartzeko». 45 minutuko saioa osatu zuen.

Finalerdietako ligaxkan da txapelketa, eta apirileko azkeneko asteburuan esan zuen nahikoa zuela Amezketakoak. Joseba Ezkurdiaren aurkako partida ez jokatzea erabaki zuen Altuna III.ak, ezker eskua mindua zuelako. Itzulera ez du edonolakoa izango, ligaxka gainditzeko aukerekin aterako delako kantxara, nahiz eta jokatu gabeko partidan22-0eko emaitza izan zuen kontran, araudiak hala dioelako.

Zabaleta izango du kontrario, eta neurketa erabakigarria izango da. Izan ere, Ezkurdia sailkatuta dago dagoeneko hiru punturekin, eta larunbateko norgehiagoka irabazten duena finalerdietan izango da. Bertan Laso izango du aurkari, beste multzoko lehen sailkatua. Iazko txapelketan jokatu zuten buruz buru bi pilotariek azken aldiz, finalerdietan, eta Altuna nagusitasunez gailendu zen: 22-8. Atzokoan, Zabaleta kexu azaldu zen Altunak baino denbora gutxiago izan duelako atseden hartzeko.

Beste norgehiagoka bat baino ez da izango final-laurdenetako ligaxkako hirugarren jardunaldi honetan. Erik Jakak eta Iñaki Artolak jokatu dute, igandean, Bilbon (17:15 ETB1). Kasu horretan ere sailkapena izango dute jokoan. Irabazleak Ezkurdiari egin beharko dio aurre.

Jardunaldi honetako beste bi neurketak ez dira jokatuko.Gaur, Unai Laso eta Beñat Rezusta ziren aritzekoak Baños de Rio Tobian (Espainia), baina Lasok uko egin dio jokatzeari, mina baitu sorbaldan. Beraz, Rezustari eman diote irabazitzat neurketa: 22-0. Emaitzak, hala ere, ez du ondoriorik. Bertan behera geratu da Joseba Ezkurdiak eta Dario Gomezek bihar Iruñean jokatu behar zuten lehia ere, Dariok mina baitu eskuetan. Horretan ere ez zegoen ezer jokoan.

Txapelketa aurkeztu zenean, pilotariek kezka azaldu zuten final-laurdenetako ligaxkaren inguruan. Lesioen arriskuaz ohartarazi zuten.

Bigarren Mailan Javier Zabalak bihurritua du orkatilan, eta ez du jokatuko. Hala, Iker Salaberria finalerako sailkatu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.