Atzerako kontua abian jarri du EBk

«Datozen egunetan» hauteskundeetara deitu ezean, Guaido Venezuelako presidentetzat hartuko duela azaldu du Europako Batasunak.

Juan Guaido oposizio burua, atzo, Caracasen egindako protestan. MIGUEL GUTIERREZ / EFE.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2019ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Europako Batasunak ate bat zabaldu dio Juan Guaidori. Asteazkenean izendatu zuen Guaidok bere burua behin-behineko presidente, eta alde batera edo bestera lerratu dira nazioarteko herrialdeak egunotan. EB Europako Batasunak ez du orain arte oposizioko buruaren izendapena aitortu, eta Nicolas Maduro presidenteari hauteskundeak egin ditzala eskatu dio. Orain, berriz, posizio gogorragoa azaldu du. Zortzi egunean bozetara deitu ezean, Guaido oposizioko ordezkariaren presidentetza onartuko dutela ohartarazi zuten atzo goizean Espainiak, Frantziak, Alemaniak eta Erresuma Batuak, batak bestearen atzetik. EB mugiarazi zuen laukotearen erabaki horrek. Arratsalderako, EBko 28 estatuek onartutako adierazpena kaleratua zuen Federica Mogherini Bruselako diplomaziaburuak. Madurok «datozen egunetan» hauteskundeetarako deia egingo ez balu, oposizioko burua Venezuelako presidentetzat aitortuko luke EBk. Kronometroa martxan jarri dute, baina ez dute zehaztu epea noiz bukatzen den.

Hala dio EBk onartutako testuak: «Datozen egunetan, beharrezko diren bermeekin, hauteskundeetara deitu ezean, EBk neurriak hartuko ditu, baita buruzagitza aitortzeko auzian ere, Venezuelako Konstituzioaren 233 artikuluak dioen gisan». 233. artikuluaren arabera, Asanblea Nazionalak presidenteak kargua utzia duela erabakiko balu, Asanblea Nazionaleko presidenteak hartuko luke gobernuaren gidaritza, hauteskundeetarako deia egiteko. Guaido urtarrilaren 5etik da parlamentuko presidentea. Asanblea Nazionala Gorenaren aginduz indargabetuta dago.

EBk ez zuen nolanahiko eguna aukeratu adierazpena plazaratzeko, Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluaren bilera egin baitzuten atzo, Washingtonek eskatuta. AEBen presioa nabari du Moskuk Europan atzo izan ziren mugimenduetan. «Gertatzen ari denak ez du Venezuelaren egoera larriagotu besterik egiten», esan zuen Vassily Nebenzia Kremlineko ordezkariak.

Mike Pompeo AEBetako Estatu idazkariak hasieratik azaldu zuen nazioarteak Guaido presidente gisa onar dezala eskatzeko baliatuko zuela Segurtasun Kontseiluaren bilera. Izan ere, zatituta daude Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorrak diren herrialdeen posizioak. AEBek, Erresuma Batuak, Errusiak, Frantziak eta Txinak osatzen dute, gaur egun, kontseilu iraunkorra; eta, guztien artean, AEBek bakarrik onartu dute Guaidoren presidentetza. Nolanahi ere, atzo egindako adierazpenak ikusita, badirudi bide beretik joko dutela Frantziak eta Erresuma Batuak ere. Txina eta Errusia, aldiz, Maduroren alde lerratu dira, eta hala jardun ziren atzoko bileran ere.

Arrakalak areagotzen

Posizioak gerturatzeko urrun, AEBen eta Errusiaren arteko arrakala areagotu du Venezuelako krisi politikoak. Guaidoren aldeko posizioak biltzen saiatu zen Pompeo Segurtasun Kontseiluko bileran, adieraziz Venezuelako «krisi humanitarioaren» erantzule dela Maduro, eta ordena ezarriko duela oposizioburuak. «Presidente berria dugu Venezuelan, Juan Guaido, zeinak hauteskundeetara deitu eta ordena konstituzionala berrezartzeko prestasuna azaldu duen». Moskuren ordezkariaren hitzetan, aldiz, nazioarteko zuzenbidea hautsi du Guaidok, eta «estatu kolpea orkestratzeko» saiakeratzat hartu zuen AEBek Segurtasun Kontseilua biltzeko deia egin izana. Txinako ordezkarien arabera, barne arazoa da Venezuelakoa. «Ez du nazioarteko bake eta segurtasuna arriskuan jartzen», azaldu zuen Ma Zahoxu Txinako ordezkariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.