Athleticek Betisi irabazten badio gaur Sevillan, Kopako finalerdietan da

Aitor Manterola Garate.
2021eko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Athleticek Espainiako Kopako partida eta kanporaketa garrantzitsua du gaur: final-laurdena, Betisen zelaian. Kale edo bale egitekoa denez, irabazten badu, finalerdietan izango da, bigarren denboraldiz segidan. Bada beste datu bat esanguratsua: kanporaketa gainditzen badu, 11.a izango du erreskadan, aurreko sasoiko eta oraingo Kopakoak eta denboraldi honetako Superkopako finalerdia batuta. Marcelinok ondo daki zer duten jokoan: «Irabazita, bi partida baino ez zaizkigu faltako finalerako sailkatzeko».

Athleticeko entrenatzaileari begira egongo dira begi asko gaur partidaren atarian, zer hamaikako aterako duen zain. Izan ere, orain arteko bi kanporaketetan—biak Bigarren B Mailako taldeen aurka—, ezohiko jokalarien aldeko hautua egin zuen. Gaur, ordea, ez du ematen hori egingo duenik, atzo iradoki zuenez: «Hasieratik aritzen diren jokalariek aukera izan zuten atseden hartzeko Eivissaren eta Alcoyanoren aurkako partidetan». Betisi gehitxo oparitzea litzateke, adibidez, Unai Simon atean ez izatea gaur, edota Muniain, Raul Garcia eta Williams aulkian gordetzea gauza okertzen bada ateratzeko, aurreko bi kanporaketetan egin bezala.

Ez dira elkar ikusi zaharrak gaurko bi aurkariak. Azaroaren 23an jokatu zuten San Mamesen, ligan, eta Athleticek astindua eman zion Betisi (4-0). Baina oraingo Betis ez da ordukoa. Marcelinok nabarmendu zuen hori atzo: «Defentsan, hobetu egin du, eta, gainera, etxean itxura hobea ematen du».

BETIS-ATHLETIC
Betis. Joel Robles; Emerson, Mandi, Victor Ruiz, Miranda; William Carvalho, Guido Rodriguez;Aitor Ruibal, Fekir, Canales; eta Borja Iglesias.
Athletic. Unai Simon; Capa, Yeray, Iñigo Martinez, Yuri; De Marcos, Dani Garcia, Vencedor, Muniain; Raul Garcia eta Williams .
Epailea. Hernandez Hernandez.
Lekua. Benito Villamarin estadioa.
Ordua. 21:00 (Dazn).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.