Lasaiago bada, are eta hobeto

Alaves eta Eibar jaitsieratik aldentzen saiatuko dira gaur. Arabarrak Sevillaren zelaian arituko dira, eta gipuzkoarrek Betis hartuko dute

Lucas Perez eta Cote, lehian, Ipuruan jokatutako derbian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2020ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Beti sortzen du larritasuna jaitsierako postuak gertu ikusteak. Sekula ez da atsegina amildegitik gertu egotea. Egoera horretan daude Alaves eta Eibar. Emaitza onak kateatu ezinik dabiltza, eta horregatik, bete-betean daude sartuta mailari eusteko borrokan. Hori bai, puntu aldetik, ez daude horren estu: jardunaldia hasi aurretik, sei punturen aldea zuten 18. postuarekin. Errenta handitzen saiatuko dira gaur, Sevillaren eta Betisen aurkako partidetan.

Sanchez Pizjuanen balentria egiten saiatuko da Alaves (18:30). Etxetik kanpo ezinean ibili da hainbat hilabetez, baina, paradoxaz, bisitari moduan lortu ditu azken bi garaipenak, Eibarren eta Levanteren aurka (0-2 eta 0-1). Hortaz, arabarrek badute gaur ezustea emateko itxaropena. Gainera, jota iritsiko da Sevilla, Mirandesek astindua eman baitzion Espainiako Kopako final-zortzirenetan (3-1). Halako kolpeek arrastoa uzten dute talde ahaltsuen aldartean; beraz, aurkariaren nahigabe posibleari etekina ateratzen saiatuko da Alaves. 64 urte daramatza Sevillaren zelaian irabazi gabe, baina ez da beldur.

Lucas Perez, Aleix Vidal eta Ely gabe moldatu beharko du: aurrelaria min hartuta dago; Sevillak ez dio Alavesei uzten hegalekoa zelairatzen, beldurraren klausula delakoa tarteko; eta Ely zigortuta dago, eta litekeena da Ximok ordezkatzea. Bestalde, Ljubomir Fejsak hasieran joka dezake.

Ipuruan dago giltza

Eibarrek gora egin du azken hilabetean, eta arriskutik pixka bat aldendu da. Ez du joko onik egiten, baina eraginkorra ari da izaten, batez ere Ipuruan. Irabazi egin ditu han jokatu dituen azkeneko bi partidak. Nagusi izan da bietan, bost gol sartu baititu, eta bakar bat ere ez baitu jaso: 3-0 hartu zuen mendean Granada, eta 2-0 Atletico Madril.

Gaur, etxeko bolada onari segida eman nahi dio, Betisi irabazita (14:00). Espainiako taldeak asmo handiko helburuak zituen denboraldi honetan, baina, sarritan gertatu zaion moduan, ez da espero zena ematen ari. Sevillatik (Espainia) urrun ari da bereziki gaizki, hamar partidetatik bakarra irabazi baitu, eta lau berdindu. Bide eskas hori aprobetxatu nahi du gaur Eibarrek. Lehen itzulian, jada erakutsi zuen Betisekin nor gehiago aritu daitekeela: bana egin zuten Benito Villamarinen.

Gipuzkoarrek Sergio Alvarezen hutsunea izango dute. Ziurrenik, Cristoforo ariko da haren ordez. Bestelakoan, ez da berritasun handirik espero. Deialdian da Rafa Soares, azken fitxaketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.