Puntuan jarri du erlojua

Rohan Dennis izan da azkarrena erlojupekoan, eta lehen liderra da Espainiako Vueltan. Ion Izagirre bikain aritu da; Richie Porte, gaizki

Puntuan jarri du erlojua.
Julen Etxeberria.
2018ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Rohan Dennisek (BMC) jantzi du aurreneko maillot gorria aurten Espainiako Vueltan. Txirrindulari australiarra izan zen azkarrena atzo Malagan (Espainia), zortzi kilometroko erlojupekoan. Faboritoen artean zegoen, eta ez zuen huts egin. Nagusitasunez irabazi zuen, gainera, hasi eta bukatu izan baitzen azkarrena. Harengandik sei segundora sailkatu zen Michal Kwiatkowski (Sky), eta zazpira Victor Campenaerts (Lotto-Soudal). Jonathan Castroviejo (Sky) izan zen onena euskal txirrindularien artean, zazpigarren izan baitzen, Dennisengandik 21 segundora.

Castroviejorengandik segundo bakarrera eta irabazlearengandik 22ra sailkatu zen Ion Izagirre (Bahrain). Ormaiztegiarrak bezperan esana zion BERRIAri «sasoiko» iritsi zela Vueltara, eta atzo agerian utzi zuen, hura izan baitzen onena sailkapen nagusia lehiatuko dutenen artean, Wilco Keldermanekin batera (Sunweb). Izagirrek eta Keldermanek bi segundo atera zizkioten Alejandro Valverderi (Movistar) eta Gorka Izagirreri (Bahrain) —bikain aritu zen Izagirre anaietan zaharrena—; bost Bauke Mollemari (Trek); zazpi Steven Kruijswijki (Lotto-Jumbo) eta Simon Yatesi (Mitchelton); zortzi Nairo Quintanari (Movistar) eta Ilnur Zakarini (Katuxa); hamabi Enric Mas (Quick Step) eta Rafal Majkari (Bora); hamahiru Miguel Angel Lopezi (Astana); hamasei Dan Martini (UAE); hamazazpi Fabio Aruri (UAE); hemezortzi Thibaut Pinoti (FDJ), Vincenzo Nibaliri (Bahrain) eta Adam Yatesi (Mitchelton); 23 Rigoberto Urani (Education First) eta David de la Cruzi (Sky); eta 29 Richie Porteri (BMC). Azken hori izan zen galtzailea atzo. Gastroenteritis batek oso ahul utzi du, eta jada aurreratu du ez dela Vuelta irabazteko lehian izango.

Goian amaituko dute gaur

Marbella eta Caminito del Rey artean jokatuko da gaur bigarren etapa, 163,5 kilometrokoa. Ekitaldi honetan goian amaituko diren bederatzi etapetako bat da. Guadalhorce hirugarren mailako gainean dago helmuga. 7,1 kilometroko luzera eta %2,8ko batez besteko pendiza du. Ihesaldientzat aproposa izan daiteke, baita oilarren bat mugitu dadin ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.