Maliko juntak bozen data aldatzea aztertuko du, zigorren presioagatik

Militarrek aurtengo otsailerako zituzten iragarriak hauteskundeak, eta 2025era atzeratu zituzten

Manifestari talde bat Frantziaren armada Malitik joan dadila eskatzen, ostiralean, Bamako hiriburuan. HADAMA DIAKITE / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Nazioartearen presioak Maliko junta militarra mugiarazi du. Herrialdean agintean diren militarrek agindu bat eman zuten ostiralean, trantsizio aldirako ituna berrikusi eta bozetarako egutegi berri bat aztertzeko. Bozak aurtengo otsailaren 27rako iragarri zituzten militarrek, 2020ko abuztuan boterea indarrez hartu ostean, baina data hori baztertu zuten iazko maiatzean beste estatu kolpe bat eman ondoren. Bozak 2025era atzeratu zituzten. Erabaki horren ondorioz, Maliren kontrako hainbat zigor ekonomiko onartu dituzte Frantziak, EB Europako Batasunak eta Ecowas Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Erkidegoak, eta junta egutegi berri baten bila ari da orain.

Ecowas zigorrak indargabetzeko prest agertu zen asteazkenean, junta militarrak ordena konstituzionala ezartzeko «bide orri onargarri bat» aurkezten badu.

Malik zigor horien eraginari egotzi die aste honetan 27 milioi euroren bonuak ordaindu gabe utzi izana.

Hauteskundeen atzerapenak eta ondorengo zigorrek harremanak gaiztotu dituzte Maliren eta haren kolonizatzaile izandako Frantziaren artean. Are gehiago laztu ziren joan den astelehenean, junta militarrak Frantziak Malin zuen enbaxadorea kanporatu zuenean, herrialdeko agintearen aurkako «adierazpen onartezinak» egiteagatik.

Milaka herritarrek erabakia ospatu zuten ostiralean, Bamakoko kaleetan. Manifestazioa egin zuten Yerewolo Ton mugimenduak deituta —Aberriaren egiazko seme-alabak esan nahi du bambara hizkuntzan—. Han bildutakoek Frantziako tropak erretiratzeko ere eskatu zuten.

Frantziak 5.000 soldadu baino gehiago ditu Sahel eskualdean, matxino islamisten kontrako borrokan, 2013tik. Parisek operazio horien etorkizuna eztabaidatuko du datozen egunetan EBko herrialdeekin, Malik Wargner taldeko mertzenario errusiarrak kontratatu dituelako islamisten aurka aritzeko. Europako estatuek ohartarazi dute Errusiako mertzenarioen presentzia ez dela bateragarria haien misioarekin. Frantziako indarrek talde armatu islamisten oldarraldia ito zuten Malin, estatuaren iparraldeko hirietatik kanporatu zituzten, baina matxinoak basamortuan bildu dira, eta ugaritu egin dituzte Maliko armadaren kontrako erasoak.

Kolpe «kutsakorra»

Maliko estatu kolpeari beste hainbatek jarraitu diote Afrika mendebaldean: Ginean, iazko irailean; Burkina Fason, joan den astean, eta Ginea Bissaun huts egin zuen kolpe saiakera batek, asteartean.

Azken herrialde horretara tropak bidaliko dituela iragarri du aste honetan Ecowasek, herrialdeko egoera egonkortzeko. Ginea Bissauko Gobernuak talde zehaztugabe bati leporatu zion, atzo, kolpe ahalegina. Haren esanetan, narkotrafikoarekin lotutako soldaduak, paramilitarrak eta matxinoak izan ziren erasoa egin zutenak. Erabili zituzten armek adierazten dute taldeak finantzaketa ahalmen handia zuela, gobernuaren iritziz. Herrialdeak hamar estatu kolpe edo kolpe saiakera jasan ditu 1974an Portugalen kolonia izateari utzi eta estatu independente bihurtu zenetik. Presidente bakar batek lortu du agintaldia osorik amaitzea.

Burkina Fason agintea eskuratzea lortu zuten militarrek, urtarrilaren 24an, eta kolpistak prest agertu dira Ecowasekin elkarlanean aritzeko, ordena konstituzionala berriz ezartze aldera. Adierazi dutenez, gobernua boteretik kanporatu dute ez zelako gai Al-Qaedari eta Estatu Islamikoari lotutako matxinoen oldarraldiei aurre egiteko. Ecowasek bloketik kanporatu du Burkina Faso, baina ostegunean iragarri zuen ez dizkiola zigor gehiago ezarriko, militarrek «elkarlanerako interesa» agertu dutelako.

Afrika mendebaldeko estatu horiek jasan dituzten kolpeak eta Sudanen iazko urrian izandakoak eztabaidatuko dituzte, besteak beste, Afrikako Batasunaren goi bileran. Bilkura atzo hasi zuten Addis Abeban, eta gaur amaituko da. Macky Sall batasuneko txandako presidenteak estatu kolpeen arriskuaz ohartarazi zuen, «kontinentearen egonkortasun instituzionalaren kontrako erasoa» direla nabarmenduta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.