Athletic 0-0 Valentzia

Asmatu ezean, ezin da irabazi

Athleticek Valentziak baino hobeto jokatu du, baina, beste behin, ez da kapaz izan aukera garbiak baliatzeko. Hala ere, bete-betean ari da Europarako sailkatzeko lehian

Iñaki Williams, etsita, aukera bat huts egin ondoren, atzo, San Mamesen. Ezinean aritu zen Athleticeko aurrelaria atearen aurrean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
haritz gallastegi
2022ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Athletic. Unai Simon, De Marcos (Alex Petxarroman, 83. min.), Yeray Alvarez, Iñigo Martinez, Yuri; Nico Williams (Berenguer, 64. min.), Dani Garcia (Vencedor, 46. min.), Vesga (Zarraga, 80. min.), Muniain; Raul Garcia (Villalibre, 64. min.) eta Iñaki Williams.
Valentzia. Mamardaxvili; Correia, Diakhaby, Alderete, Paulista (Guillamon, 45. min.),Jesus Vazquez; Foulquier, Soler (Jesus Santiago, 97. min.) Ilaix Moriba (Racic, 66. min.), Musha (Guedes, 66. min.); eta Maxi Gomez.
Epailea. Diaz de Mera. Txartel horiak: Athleticeko Yeray Alvarezi, Iñaki Williamsi, De Marcosi eta Unai Simoni; eta Valentziako Diakhabyri eta Moribari. Txartel gorria: Valentziako Guillamoni, epaileak bi txartel hori atera ondoren (98. min.).
Bestelakoak. 40.000 ikusle inguruSan Mamesen.

Irabazteko, bi gauza egin behar dira: aurkariak baino hobeto jokatu, eta aukeretan asmatu. Gerta daiteke kontrarioak baino meritu gutxiago eginda irabaztea. Behin baino gehiagotan gertatzen da, baina ez da bide aproposa. Meriturik egin ezean gehienetan ez baita helburua lortzen. Bada, Athleticek hiru puntuak merezi izan zituen atzo Valentziaren kontra, San Mamesen, baina ez zen gai izan futbolean zailena dena egiteko: golak sartzeko. Ondorioz, hutsean berdindu zuen.

Zuri-gorriek partida serioa jokatu zuten; bikaina defentsan. Valentziak ez zuen aukera bakar bat ere sortu. Unai Simonek ez zuen lanik izan. Defentsan bikain aritu zen talde zuri-gorria, eta ondo erasoan. Batez ere, bigarren zatian. Lehen erdiak ez baitzuen askorik eman. Bordalasek Athletici eta emaitzari eusteko hamaikakoa zelairatu zuen; neurketa berdinduta mantendu, eta bigarren zatian, nekea azaldutakoan, izarren freskotasuna baliatu. Baina usteak ustel, Valentzia ez baitzen fin aritu zelai erditik aurrera.

Athletici ere kosta zitzaion lehen zatian aurkaria gainditzea. Raul Garciak areaz kanpotik egindako jaurtiketa bat eta Iñaki Williamsek behartuta egindako erremate bat izan ziren aukerarik onenak. Bi ahaleginak Mamardaxvili atezainak gelditu zituen. Etxekoak lehiakor aritu ziren tarte horretan, baina baita deseroso ere. Valentziaren defentsako lan onak eta Bordalasen taldeak eragindako etenaldiak ez zioten bizi jokatzen utzi. Erritmo gutxiko lehiak ditu gustuko Valentziak, eta horretarako behar duen guztia egiten du.

Neurketak hartutako bidean irabaztea ezinezkoa zela pentsatuta, aldaketak egin zituen Marcelino Garciak. Hasteko, Vencedor zelairatu zuen baloia azkarrago mugitzeko, eta, ondoren, Villalibre eta Berenguer, aurrean zerbait aldatzeko. Eta lortu zuen, Athletic nagusi izan baitzen bigarren zatian. Iñaki Williamsen ekarpena ezinbestekoa izan zen jokoan nagusitzeko. Aurrelariak erotu egin zituen Valentziako atzelariak, baina egindako lan bikaina golarekin biribiltzea falta izan zitzaion. Bi aukera garbi izan zituen, eta bietan atezainak irabazi zion lehia. Bigarren zatiaren hasieran, bakarrik gelditu zen Mamardaxviliren aurrean, Muniainekin bat-biko ona egin ostean, baina eskuinez egindako jaurtiketa ezker oinarekin urrundu zuen atezainak. Ondoren, Vesgak izan zuen aukera, korner batean bakarrik buruz errematatuta, baina ez zuen baloia ondo jo. Eta, luzapenean, beste bi aukera garbi izan zituen etxeko taldeak, Muniainek eskuin hegaletik erdiratutako bi faltari esker. Lehen errematean, Iñaki Williamsen burukada Mamardax- vilik gelditu zuen, ezker besoa luze-luze eginda, eta, hurrengo jokaldian, langara errematatu zuen Villalibrek buruz. Azkenean, berdinketa. Athleticek Vila-reali hartu dio aurre, eta zazpigarren postuan dago. Baina Emeryren taldeak gaur jokatuko du, etxean, Sevillaren aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.