Deskolonizazio linguistikoa

2020ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Oso gustura irakurri ditut asteburuko BERRIA egunkarian Idurre Eskisabel eta Lorea Agirrek feminismoa eta hizkuntzaren arteko lotura azaltzeko egiten duten hausnarketa eta baita Maite Asensiok ondoren plazaratutako Periferiatik emandako bultzada lana ere. Nire asmoa funtsezko hausnarketa horri beste ikuspuntu bat gehitzea da.

Egia da hizkuntza bat erabiltzeak pertsonalki ez gaituela desberdinak egiten, hau da, ez garela desberdinak hizkuntza bat ala bestea erabiltzen dugulako. Baina ez dut zalantzarik kolektiboki desberdinak bagara, hizkuntza desberdinak erabiltzen ditugulako ere badela, hizkuntza bakoitzak berarekin bere karga osoa baitarama.

Batzuek ez dute onartu nahi herri bat hiltzen dela bere hizkuntza suntsitzen denean. Baina ez al da horrela? Non daude Europako kolonizatzaileak iritsi aurretik Latinoamerikan, Asian edota Afrikan berezko hizkuntza zuten dozenaka jatorrizko herri? Desagertu egin dira. Izan ere, atzoko eta gaurko kolonizatzaileak ez dira mugatu kolonietako aberastasuna lapurtzera, beren hizkuntza inposatzea ere helburu izan dute. Eta, zergatik horrelako ahalegina?

Kolonizatzaileek oso ondo zekiten, eta denborak arrazoia eman die, zapaldutako herri eta pertsona horien hizkuntza ordezkatuz, kolonizazio pertsonala, geografikoa, politikoa eta ekonomikoa iraunaraziko zutela; baita koloniak beraiek independentzia lortu eta gero ere, hizkuntzarekin batera gainerako guztia zetorrelako, hain zuzen.

Beraz, hizkuntzaren gatazkaz ala normalizazioaz ari garenean, arazo nagusia ez da hizkuntzak ni indibidualaren identitatean duen garrantziaz jabetzea, baizik eta gu kolektiboan duen eragina ikustea, hau da, gu euskaldunaren identitate kolektiboan euskarak duen indar eraikitzaileaz jabetzea.

Baina hizkuntza hautua librea al da? Eta hautatzen den hizkuntzaren ezaugarri linguistikoen araberakoa al da? Inolaz ere ez. Galde diezagutela bestela euskaldunoi, Euskal Herrian bizi garen lekuaren arabera, ofizialki gaztelaniaz soilik, frantsesez soilik, eta toki batzuetan euskaraz eta gaztelaniaz bizi gaitezkeenean. Hori bai, euskaraz eta frantsesez ala euskara hutsez inon ez,20.000 km2-ko lurralde txiki batean. Hautu hori librea dela uste al du inork?

Bistan denez, honek guztiak ez du zerikusirik hizkuntzen balio linguistikoekin, baina bai hizkuntzekin batera doazen gainerako aspektuek gure ni indibidualean eta gu kolektiboan duten eraginarekin, hizkuntzarena ez delako inoiz hautaketa pertsonal eta askea izaten.

Gauzak horrela, argi dago identitate pertsonal zein kolektiboaren eraikuntzan faktore linguistikoa erabakigarria izaten dela askotan, baina ez beti. Mexikon eta Espainian denek gaztelaniaz hitz egiten dute, baina batzuk espainiar sentitzen dira, eta besteak, mexikar. Gauza bera gertatzen da Frantzia eta Quebec artean, adibidez. Egoera horietan garbi dago hizkuntza ez dela identitate pertsonal zein kolektiboaren aspektu determinantea. Baina zergatik gertatzen den hori kasu horietan? Ez al da izango hizkuntza faktorea ez dela erabakigarria izaten hizkuntza ordezkapenaren prozesua amaitu eta bi hizkuntzetako bat inposatu den tokietan? Ez al da hori sistema kolonialen emaitza pertsonala eta kolektiboa?

Baina hori ez da euskararen eta euskaldunen kasua, eta ezta beren jatorrizko hizkuntza galdu ez duten beste herriena ere. Eta hori hala da gure kasuan erdarek euskara oraindik erabat ordezkatu ez dutelako. Horregatik, gurean erabakigarria da gure identitatea osatzen duten ni pertsonal eta gu kolektiboaren eraikuntzan hizkuntzaren aspektua; euskararena, alegia. Hori da, besteak beste, Txillardegi bezalako pentsalarien ekarpenari esker ikasi duguna. Xalbadorrek esaten zuen moduan, «herria da gorputza, hizkuntza bihotza».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.