Indarrak neurtzen ikasi du

Etapa eta lidergoa eskuratu ditu Simon Yatesek Les Praereseko igoera pikoan, amaieran eraso bizia jota. Ion Izagirrek sufritu egin du berriz ere, eta 37 segundo galdu ditu

Indarrak neurtzen ikasi du.
enaut agirrebengoa
2018ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Hoztu egin zaio odola Simon Yatesi (Mitchelton). Interpretazio hori egin daiteke britainiarra Espainiako Vueltan izaten ari den jarrera ikusita. Apika, iraganeko hutsegiteetatik ikasi du. Nagusitasun handia erakutsi zuen Italiako Giroan, baina indar gehiegi xahutu, eta, azkenean, hondoratu egin zen elastiko arrosa irabaztear zela. Vueltan, aldiz, oso bestela ari da jokatzen. Lidergoa lortu zuen lehen atseden egunaren aurretik, baina, bestelakoan, agerraldi gutxi egin du lasterketaren lehen zatian, etapa garrantzitsuenetara fresko iristeko. Horietako bat zen atzokoa, eta pedal kolpe sendoa erakutsi zuen; horren sendoa, ezen gainontzeko oilarrak menperatu, etapa irabazi, eta atzera ere maillot gorria soineratu baitzuen.

Garaipena lortzeko moduak ere ondo islatzen du Yatesen jarrera aldaketa: Giroan ez bezala, zuhur jokatu, eta helmugatik 700 metrora egindako erritmo aldaketa batekin irabazi zuen etapa. Indarrak behar bezala neurtu zituen, eta meritu handia du, su handia izan baitzen Les Praeresko aldapa bortitzetan. Hautagai nagusiak batera iritsi ziren 4 kilometro eta batez beste %12,5eko pendiza duen mendatera, eta zalaparta handia izan zen. Thibaut Pinoten Groupamak estutu gogorra eman zuen hasieran; hurrena, Steven Kurijswijk (Lotto Jumbo) indarrez abiatu zen, eta, azken bi kilometroetan, hiru saiakera egin zituen Nairo Quintanak (Movistar). Yatesek, berriz, azken kilometroaren aurretik egin zuen lehen imintzioa, eta, bigarrengoan, denak atzean utzi zituen.

Miguel Angel Lopezek ere (Astana) sentsazio oso ona eman zuen azken igoeran. Quintanaren hiru saiakerei erantzun zien, eta bigarren helmugaratu zen, Yatesengandik bi segundora. Harekin batera iritsi zen Alejandro Valverde (Movistar). Laugarren Pinot izan zen, bost segundora, eta bosgarren Quintana, zazpira. Alde handirik ez zen izan faborito gehienen artean, eta gauzek oso estu jarraitzen dute sailkapeneko lehen postuetan. Movistarreko bikotea dago Yatesen atzetik: Valverde 20 segundora, eta Quintana 25era. Lopez, berriz, laugarren dago, 47 segundo galduta.

Orain gutxi arte, horiengandik gertu zegoen Ion Izagirre (Bahrain), baina hankek ez diote nahi bezala erantzun azken bi etapetan. Atzo 37 segundo utzi zituen helmugan, eta lidergoa 1.40ra du orain. Zazpigarren postuari eutsi zion, bederen. Hautagaien artean, izan zen gehiago sufritu zuenik; kasurako, iaz podiumaren lehian ibili zen Wilco Keldermanek (Sunweb) minutua galdu zuen, eta hala, lidergoa 3.27ra urrundu zitzaion. David de la Cruz (Sky), berriz, Yatesengandik ia 5 minutura helmugaratu zen, eta sailkapen nagusian 16. posturaino egin zuen atzera. Ez da profitatzen ari Skyk emandako askatasuna.

Kataluniarra eguneko hirugarren mendatearen jaitsieran gelditu zen moztuta, helmugatik 30 kilometrora, Bahrainen joaren eraginez. Gauza bera pasatu zitzaion Jesus Herrada (Cofidis) liderrari, eta etapa sufrikario bihurtu. Gorriz jantzita segitzeko ilusioa zuen, baina bederatzi minutu baino gehiagoko atzerapena izan zuen helmugan.

Klasiko baten txanda

Tropelaren legea nagusitu zen atzo, aurreko hiru egunetan ihesaldiak arrakasta izan ondotik. Seikote indartsua osatu zuten lasterketa buruan Michal Kwiatkowksik (Sky), Thomas De Gendtek (Lotto-Soudal), Ivan Garcia Cortinak (Bahrain), Brent Bookwalterek, Nicolas Rochek (BMC) eta Michael Woodsek (Education First), baina Cofidisek, Movistarrek eta, batez ere, Bahrainek jarritako erritmoak ezerezean utzi zuen haien ahalegina. Inoiz ez zuten lau minututik gorako errentarik izan. Kwiatkowskik iraun zuen gehien; Les Praeres igotzen hasi aurretik harrapatu zuen onenen multzoak. De Gendtek, berriz, mendiko sailkapenerako puntuak biltzeko baliatu zuen etapa. Bigarren dago orain, Luis Angel Materengandik (Cofidis) hamar puntura.

Gaurko etapa Covadongako igoera mitikoan bukatuko da. Mendate luzea eta etzana da azken bi etapen amaieren aldean: 13 kilometro eta batez besteko %7ko pendiza du. Hori gutxi ez, eta aurretik tropelak birritan igo beharko du lehen mailako Fito. Covadongak oroitzapen gozoak dakarzkio Quintanari, bertan besoak altxatu baitzituen 2016an. Lehia bizia espero da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.