Beste pauso bat bide orrian

TKEk uztailaren 4an ekin nahi die Eusko Label eta Euskotren ligei, Coruñan, baina, horretarako, arraunlariek ekainaren 8an hasi beharko lukete taldeka uretan lanean; bestela, uztailaren 11n hasiko litzateke lehia, Donostian. Igoerak eta jaitsierak egongo dira

Orioko arraunlariek atzo egin zuten itxialdiaren osteko lehen entrenamendua, eta testak egin zizkieten taldeko kide guztiei. GORKA RUBIO / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Arraunak beste aurrerapauso bat eman du urtero legez udan traineruak elkarren artean lehia daitezen. TKE Traineru Kluben Elkarteko hamabi klubek batzarra egin zuten atzo, batzar oso luzea, sei ordukoa. Baina, azkenean, erabaki zuten erabaki beharrekoa. Lehena, noiz hasiko diren Eusko Label eta Euskotren ligak: osasun egoerak horretarako aukera ematen badu, uztailaren 4an abiatuko lirateke biak, Coruñan (Galizia). Egun horretan jokatuko lirateke bi ligetako lehen estropadak. Hori hala izateko, hala ere, baldintza bat bete beharko litzateke: ekainaren 8an, hirugarren fasearen hasieran, arraunlariek aukera izatea taldekako uretako entrenamenduak hasteko. Data horretan entrenatzen hasi ezean, eta beste bi astez zain egon behar izanez gero, astebete geroago hasiko litzateke lehia, uztailaren 11n, Donostian. Hasieran, ekainaren 28an zen hastekoa denboraldia, baina, azkenean, gutxienez astebete geroago ekingo zaio lehiari.

Ondo bidean, hemezortzi estropada jokatuko dira Eusko Label ligan —kanporaketako biak barne—, eta irailaren 20an amaituko da, Portugaleten (Bizkaia). Egun eta toki berean amaituko da Euskotren liga, hamalau estropada jokatu ondoren —kanporaketako biak kontuan hartuta—. Emaitzari dagokionez, bi ligak balekoak izateko, estropada kopuru jakin bat jokatu beharko da: Eusko Label ligan, hamabi, eta kanporaketako biak; Euskotren ligan, berriz, zortzi, eta kanporaketako biak.

Igoera eta jaitsierena zen zehaztu beharreko beste gaia. Zarautzek proposamena egina zuenigoerarik eta jaitsierarik ez egoteko, «ezohiko denboraldia» izango dela kontuan hartuta. TKEko zenbait klub ados zeuden proposamen horrekin, baina proposamena ez eztabaidatzea erabaki zuen batzarrak. Izan ere, aldeko hamar boto behar ziren proposamena bozkatzeko, eta zazpi bakarrik azaldu ziren alde. Beraz, ohiko sistemari eutsiko diote: azkena jaitsi egingo da KAE 1 ligara, eta bigarren mailako aurrena igo egingo da. Halaber, Eusko Label ligako azken-aurrenak, KAE 1 ligako bigarrenak eta hirugarrenak, eta Galiziako ligako aurreneko biek kanporaketa jokatuko dute.

Osasun protokoloa ere zehaztu zuten. Eusko Label eta Euskotren ligetan parte hartu duten klubak hasiak dira euren taldeetako kideei testak egiten. Lehiaketan ere COVID-19a eragozteko protokolo zorrotza beteko dute, eta medikuek aukera izango dute behar izanez gero testak egiteko.

Borja Rodrigo TKEko presidentea «pozik» azaldu zen. «Beste pauso bat eman dugu. Taula eta jokoaren arauak zehaztu ditugu, aukera dagoenean lehiari ekiteko. Ahalegin handia egin du jende askok, eta, ahalegin hori egin bada,lehiaketa ohiko baldintzetan egiteko modua egongo dela uste dugulako egin da. Asko dugu eskertzeko jende askori. Inor ez da ontzitik jaitsi. Baikor nago».

Rodrigok esan zuen TKEk aurrekontua murriztu behar izan duela, baina horrek ez duela eraginik izango lehian. «Gure lehiaketaren DNAri eutsiko diogu. Ez dugu ukituko lehiaketa bestelakotu dezakeen ezer, eta tresnak betikoak izango dira». Aldiz, ligaren inguruko zenbait esparrutan murrizketak egongo direla azaldu zuen; adibidez, estropada eremuetan, ordezkari eta ikusleentzako toki gutxiago egongo da.

Beste ligetakoak, aurki

KAE Kantauri Arraun Elkarteko eta ETE Emakumeen Traineruen Elkarteko ligetan, berriz, aurki zehaztuko dute egutegia, klubek gaur arte baitute epea bi elkarteek egin dieten proposamena bozkatzeko. Horren arabera, uztailaren 11n hasiko lirateke ligak, Pasaian (Gipuzkoa), eta abuztuaren 30ean amaitu, Castro Urdialesen (Espainia). Hamabi estropada jokatuko lirateke liga bakoitzean, bost eremutan —bederatzi eta hiru ziren hasieran— eta egun berean: hiru estropada jokatuko lirateke Getarian (Gipuzkoa) eta Getxon (Bizkaia), eta bi Pasaian (Gipuzkoa), Castro Urdialesen eta Santanderren (Espainia).

Ligak balekoak izateko, zortzi estropada jokatu beharko dituzte, eta talderen batek COVID-19ak eraginda KAE 1etik KAE 2ra jaisteko bidea hartu behar badu, talde hori ez litzateke jaitsiko. KAE 2ra igotzeko, Bigarren Mailako ligak balekoa izan beharko du; zortzi estropada jokatuta. Berez, bi talde igoko dira KAE 1era, eta bi jaitsi KAE 2ra, kanporaketarik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.