Aurrenekoa irabazita, lasaitua

Ezkurdia-Galarzak lehen garaipena lortu dute, Zubizarreta III.a-Albisu 22-14 mendean hartuta

Joseba Ezkurdia, pilota jotzear, Iraitz Zubizarreta begira duela, atzo, Beotibarren. JON URBE / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Lasaitua hartu dute Joseba Ezkurdiak eta Ladis Galarzak. Lehen hiru partidetan esku hutsik geratu ondoren, lortu dute aurreneko garaipena Binakako Txapelketaren ligaxkan. Iraitz Zubizarretaren eta Jon Ander Albisuren bizkar lortu dute. 22-14 irabazi zieten atzo Tolosan (Gipuzkoa), Beotibar pilotalekuan.

Nagusi izan zen Aspeko bikotea, eta agerian utzi zuen goraka datorrela. Aurreko astean erakutsi zuen, baina tanto bakar batengatik ihes egin zion garaipenak. Atzo, ez. Atzo beste aurrerapauso bat eman zuten Ezkurdia-Galarzak, eta horri esker iritsi ziren lehen aldiz 22ra. Konfiantza emango die estreinako garaipenak.

Lehiak lau zati izan zituen. Aurrenekoan, nor baino nor gehiago aritu ziren bi bikoteak. Espero zen bezala, Ezkurdiak eta Albisuk hartu zuten pisu osoa. Haiek egin zituzten tarte horretako tantoak, ederrak guztiak: Ezkurdiak, 1-0ekoa; Albisuk, banakoa; eta Ezkurdiak, berriz ere, 2-1ekoa. Gogor zihoan partida, borrokatua.

Baina kolpe batez, desagertu egin zen ordu arteko parekotasuna. Materiala lagun, Ezkurdiak erakustaldia hasi zuen. Dantzan jarri zuen Zubizarreta III.a. Espero zen halakorik, alde handia baitago baten eta bestearen artean. Albisuk orekatu behar zuen desoreka hori, baina atzelaria ez zen aritu aurreko partidetan bezala. Ez zen Galarza baino gehiago izan, eta huts dezente egin zituen. Horren ondorioa: Aspekoen hamabost tantoko erreskada. Hala, banakotik 16-1era joan zen emaitza.

Partida erabakita zegoela zirudien, baina Ezkurdiak txapara bidali zuen pilota, Baikokoek pilota biziago bat atera zuten, eta tantoak bata bestearen atzetik lortzen hasi ziren: bederatzi jarraian: 16-10. Lau tantora ere gerturatu ziren (18-14), baina Albisuk aukeran zuen pilota bat huts egin zuen, eta hortxe amaitu zen susperraldia. Hurrengo hiru tantoak Aspekoentzat izan ziren, horietatik bi Ezkurdiak egindakoak. Hura izan zen onena: hamabi tanto egin zituen, eta lau galdu. Goitik behera nagusitu zitzaion Zubizarreta III.ari: hark hiru egin zituen, eta hiru galdu; atzean, berriz, parekotasuna egon zen: Galarzak tanto bat egin zuen, eta lau galdu; eta Albisuk, hiru egin eta sei galdu.

Gaur eta bihar, partidak

Laugarren jardunaldiak gaur eta bihar izango du segida. Gaur, bikote indartsuenetako bik jokatuko dute, Bilbon: batetik, Olaizola II.a-Rezusta; eta, bestetik, Altuna III.a-Mariezkurrena II.a. Baikokoek jokatu dituzten hiru partidak irabazi dituzte; Aspekoek, berriz, bakarra galdu dute, azkenekoa, Elezkano II.a-Zabaletaren aurka.

Hain zuzen, bikote horrek eta Bengoetxea VI.ak eta Arangurenek osaturikoak jokatuko dute jardunaldiko azkeneko neurketa, bihar, Gernika-Lumon (Bizkaia). Muturretan dira: Aspekoek hiru lehiak irabazi dituzte, eta Baikokoek batere ez. Bengoetxea VI.ak berriz ordezkatuko du Artola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.