Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Bereizezina

2021eko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Eguneko ordu gehienetan ez da bereizten non hasten den itsasoa eta non bukatzen den zerua. Iluntasun berean bat egiten dute eta oso nekosoa egiten zaio horizontera begira dagoenari. Open Arms itsasontzian lan egiten duen adiskide batek kontatu zidan hori aspaldi, eta hala ez denik ezin dut esan, adiskide hark eskarmentuaz eta eskarmentutik hitz egiten duelako: urteak dira zeregin horretan diharduela Mediterraneoan itsas-salbamenduko lanak egiten, bereizezina den iluntasuna zelatatzen eta argi-izpirik txikienari eusten. Mugimendu guztiak zelatatu behar dira eguneko ordu guztietan, etengabe, gerta litekeelako han urruti altxatuz bezala mugitu egiten den dena delakoa ontzi modu bat izatea, ikaraturiko jendez zamatuta datorrena auskalo nondik, noraezean; edo ez. Okerrena gaua omen da.

Joan den astean, Palermoko fiskaltzak erabaki zuen auzitara emango duela Matteo Salvini, Lega eskuin muturreko alderdian buru eta Italiako Barne ministroa izan zena. Berak sinatua da 2019ko abuztuan Open Arms itsasontziak erreskatatu zituen 149 migratzaileri hiru astez portura sartzea galarazi zien agindua. Itsasontzia kudeatzen duen gobernuz kanpoko erakundearen ekimenak agerian jarri du Italiako Gobernuaren estrategia ankerra, eta, abuztuko egun horietan jazotakoa ez ezik, Salviniren portu itxien estrategia bera ere epaituko du neurriren baten. Palermoko auzitegiaren esku dago estrategia politiko horri izen bat jartzea: Salvinik —eta bere zur bereko ezpala diren beste eskuin muturrek— aberria babestea dela esaten dute, baina bahiketa eta botere-gehiegikeria leporatzen zaio orain.

Nire adiskidea pozik dago, baina ez pozarren. Bihar bertan beste itsasontzi bat ager daiteke, istriborrean edo ababorrean, eta beldur da zantzuren bat galduko ote zaion; ez dauka itsasoa ez den beste ezertaz pentsatzeko astirik eta kemenik. Lerro hauek idazten ari naizen bitartean, Open Arms berriro geldirik dago, ehunka migratzailerekin portura sartu ezinda, neurrigabeko kontrolak pasarazten dizkietelako Italiako agintariek.

Nazio Batuen Erakundeak 2014-2020 urteen artean 20.000 hildako baino gehiago zenbatu ditu Mediterraneoa alderik alde zeharkatzen duten ibilbide desberdinetan. Sorospen-taldeek eta beste zenbait iturrik datu horiek oso motz geratzen direla ohartu dute: erreskatatu diren gorpuak galdu direnak baino askoz gutxiago direla diote behin eta berriro, eta nik sinistu egiten dut: eskarmentutik eta eskarmentuz hitz egiten dute-eta.

Salbuespen bakanetan baino ez du egunkarietako lehen orrietara jauzi egiten Mediterraneoa hiltoki erraldoi bilakatu duen auziak: handik heltzen diren irudiek beste aldera begiratzea eragozten digutelako (adibidez, hondartza bazter baten ageri den gorpua ume batena denean) edo onargarri zaigun hildako-kopurua gainditzen delako.Zenbat hildako onartzeko prest gaude? Nola har dezakegu normaltzat ehunka pertsona itota hiltzea portuak itxi egiten dizkiegulako?

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala munduan itzulpen-bertsio gehien duen agiria da, 520 hizkuntzatara itzulia baita. Beren jatorri-herrietan bizimodurik ez dagoelako beste leku batera erbesteratu edo errefuxiatu diren milaka herritarrek beren hizkuntzan irakur dezakete Aldarrikapena, eta beren jatorri-hizkuntzan madarika ditzakete beren portuak itxi egiten dizkieten herrialdetako agintariak. Gaitz erdi.

Itsasoan bezala, lehorrean ere, antzera gertatzen zaigu: egun gehienetan ez dugu bereizten zer den zenbaki bat eta zer pertsona, zer den drama eta zer den lotsa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.