elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Argi urdinak

2021eko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Sirena hotsetan eta larrialdietako argi urdinetan blai gabiltza azkenaldian hirian. Anbulantzia ez denean, udaltzainen edo, batez ere, ertzainen autoa izan ohi da, aurrean suertatzen zaizkionak bazterrera botaz, ziztu bizian eta semaforoak gorrian pasaz, telefilm merkeetako lainezarekin. Hasieran, izurritea iritsi berritan, benetako larrialdiak izango zirela pentsatzen nuen: gaitz madarikatuak jota zeuden gaixoak; eta bestela, egoera arraroak erraztutako istripuak, suteak, lapurretak... baina gero, zorionez, ez da halako albisteetatik horrenbeste izan, ez behintzat sirena eta zalapartaren proportzioan. Zoritxarrik gertatu baino lehen, hobe dute segurtasun-indarrek protokoloa doitzea.

Hogeita bat gizonezko eta hogeita bost emakumezko zenbatu ditut COVID-19aren Liburu Zuria-ren lantaldean. Gehienek ikerkuntzan dihardute, nork bere esparruan; osasungintzari dagozkion hainbat adarretakoak dira nagusi, baina badaude ekonomialariak, soziologoak, legelariak, gizarte arloko profesionalak, komunikaziokoak... Aski ezagun eta mediatikoak horietako zenbait. Hiru unibertsitatetako jendea ageri da: EHU, Deustu eta Mondragon. Diziplinartekoa, anitza eta transbertsala da taldea, benetako auzolana gogorarazten du.

Duela hiru aste COVID-19aren Liburu Zuria aurkezteko eman zuten prentsaurrekoak ordubete iraun zuen. Tarteka txori-txioren bat entzuten da grabazioan, lorategi batean egin baitzuten, aire zabalean, Zorrotzaurreko Espacio Open-en. Kazetariak ahalegindu ziren titular zirikatzaileak ateratzen, baina oso zuhur ibili ziren Oier Ateka eta Ugo Mayor bozeramaileak, xextrarako biderik eman gabe.

175 proposamen zehatz jasotzen ditu Liburu Zuriak, lau esparrutan sailkatuta: osasungintza, ekonomia, arlo sozialak —komunikazio politika barne— eta hezkuntza. Proposamenak pandemiak —eta haren kudeaketak— gurean eragin eta azaleratu dituen arazo eta gabezien analisian oinarrituta daude. Arazo eta gabezia koiunturalak nahiz egiturazkoak.

Lagin gisa, hara osasungintzatik egindako salaketa bat: «Gain-informazioa eta desinformazioa zabaldu dira, eta hala ere, horren aurrean, administrazioetatik ez da lan ildo zehatzik bultzatu unez uneko ebidentzia zientifikoan oinarritutako mezuen zabalkuntza sustatzeko». Eta beste hau ere bai: «[...] antolatu den erantzuna 'medikuntza ikuskizunaren' ikuspuntutik antolatu da maiz: PCR masiboak, kamioiak alde batetik bestera eramatea, polikiroldegiak, estadioak eta antzekoak erabiltzea, etab. [...] Informazio eskas, interesatu eta ez-gardenak biztanleen jokabide arriskutsuak bultzatu egin ditu, ekidin beharrean».

Gain-informazioaren eta desinformazioaren arteko ur uherretan, gardentasuna galtzaile eta herritarrak noraezean. Testuinguru horretan, ETBko albistegiak populismoak jota ikusten ditut: neurriz kanpo darabilte mikroa kalean, orokorkeriaz eta topikoz gainezka doazen adierazpen errepikakorrak jaso eta emitituz, eguna joan eta eguna etorri, auzo-lotsa emateraino. Praktika horrek gaina jotzen du Loiuko aireportuko zorioneko bidaiariei eta saltoki handietako bezero apetatsuei hitza ematen dietenean. Kontsumismoaren sustapenean sartuta, halako jatetxe izardun eta hiper-garestik itxialdia bukatu eta berriro ateak ireki dituela albiste bihurtzea, deontologiaren ikuspegitik, eztabaidagarria da.

Komunikazioaren esparrutik, eta erakundeetako ordezkari eta bozeramaileei buruz diharduela, ohartarazpen hau egiten duCOVID-19aren Liburu Zuria-k: «Komunikazio emozionala zaindu egin behar da. [...]Egunetik egunerako bilakaera itogarritik haratago, egoeraren eta bilakaeraren ulermen zabalagoa zein neurriei zentzua ematea ahalbidetuko duten kontakizunak behar dira». Hori bezalaxe, sirenak nahiz argi urdinak tentuz erabiltzea derrigorrezkoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.