Iraitz Agirre Aranguren.
ARKUPEAN

Bakarrik

2021eko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Joan den astean gertatu zait. Beste behin. Honez gero enplegu kontuetarako zabalik zeuden dena delako muga batzuk zeharkatzeko aukera ematearekin batera. Azken hilabeteotan noria bihurtutako eguneroko inertziari kontrapuntua jartzeari ezin muzin egin. Badakizue, aspaldiko partez, eskapada bat.

Egun batzuk kanpoan egin ostean, banator ni paisaia desertuetan barrena, tripazorriak dantzan eta autoko orduak amaigabeak bihurtzen hasten diren momentuaren jakitun. Jatetxe baten koordenaden bila hasi naiz mugikorreko mapen aplikazioan. Iritsitakoan autotik ikusi dut justu- justuan Bar errotulua, aldameneko herria baino handiagoa den industrialdean, kamioi erraldoi mordoaren atzean ezkutatuta. Segundo gutxitako tartea behar izan dut lekuak atzeraka egin, bidean aurrera jarraitu, hurrengo jatetxea topatzeko beharko dudan denbora kalkulatu, lekuak atzerakada ze arraiorengatik sortu didan pentsatzen gelditu, eta hurrengo errotondan, berriz itzultzeko. Beti esan izan izan didate kamioi asko dagoen lekuetan jateko, bertan beti ederto ematen dutela eta.

Jantokian sartzera gonbidatu nau tabernako zerbitzariak. Mahai bat seinalatu, eta hantxe jasarri naiz, apur bat uzkurtuta, jendarte ezezagunetan sartzeak sortu ohi didan urduritasunarekin. Zerbitzari bat gerturatu, eta «bakarrik?» galdetu dit. «Bai, bakarrik», erantzun diot. Eta badakit edozeini egingo liokeen galdera bera dela, mahaiko bigarren platera utzi edo kendu behar duen jakiteko besterik ez duela informazio hori behar. Seguru. Baina nire buruan hamaika lekutatik egin du oihartzuna «bakarrik?» horrek.

Hamaika aldiz egin didate galdera bera, noski, baina auskalo zenbat alditan etorri den galderaren ostean behar eta nahi ez diren oharren zerrenda; hura ez dela leku segurua eta mesedez, zuhurtziaz jokatzeko; ordu horietan badaezpada bestelako inguru hauetan ez ibiltzeko; horrelako leku batean sartzerakoan janzkerak apur bat zaintzeko. Zer egiten du zu bezalako neska batek horrelako leku batean?

Urteak joan eta urteak etorri, bakarrik —ere— edozein lekutara joan naitekeela etengabe gorpuzten dudan arren, segurtasunik ezaren argi hori askotan, gehiegitan, aktibatu ohi zait oraindik ere. Jendetzak batzen diren leku batetik bakarrik pasatzean sentitzen jarraitzen dudan zaurgarritasun bera da, zerbait esango ote duten, zelabait begiratuko ote nauten, norbaitek jarraituko ote nauen, zerbait gertatuko ote zaidan... Beldurraren mamu honengatik aurreprogramatuta gaude noranahi goazela ere.

Emakume gorpuztuak horrela hezi gaituzte, eremu publikoan erasoak izateko arrisku etengabean gauden gorputzak bezala. Beti babesteko esaten zaigu. Eta ahal dela, bakarrik ez ibiltzeko. Bortxaketa eta eraso asko gertatzen direlako «horrelako lekuetan». Estatistikek eta gure bizipenek kontrakoa dioten arren, hau da, eraso gehienak segurutzat jotzen ditugun eremu eta harremanetan gertatzen direla, jatetxe honetan sartu edo ez sartu bezalako hautu txikien aurrean aktibatzen zaizkit horrelakoei lotutako segutasun-ez kontziente eta inkontzienteak.

Gauzak egiteari utzi edo egiten jarraitu? Kasu hauetan behintzat, ohartuta nago aukera egina dudala honez gero. Deserosotasun handien, komentario desegokien eta eraso pare baten ondoren, baina batez ere behin eta berriro saiatzearen eta bizipen eder askoren ondorioz, urduritasunak eta beldurrak gainditu eta bakarrik ibiltzeko eskubidea aitortua diot nire gogo eta gorputzari.

Oraingoan, baina, beste behin gertatu zait: ez dut eguneko menua bakarrik jaten dagoen beste emakumerik ikusi jatetxe honetan ere. Uste dut, gertatzen denean, keinu konplize bat egingo diodala. Eta bai, industrialdeko tabernako menuko txerri-ukondoa eta urteko ardoa itzelak zeuden.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.