mikel elorza
ARKUPEAN

Debozio berriak behar zaharrendako

2021eko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Luzea da krisi honekin galeretara kondenatuak suertatu diren ogibideen zerrenda, baina erromerien ingurukoekin gogoratu naiz ni. Denarekin gogoratzea ezin da, jakina. Pentsa, terrorismoaren biktimen inguruko memorial bat eraiki dute Gasteizen eta hainbat biktimarekin akordatzea ahaztu zaie! Halakoxea da memoria, flakoa arimaren zapata-zoletan guztiok dauzkagun harri-koxkorrekin, eta joria gure iztarteak lubrifikatzen dituztenekin (koipeztatzea izan diruz, izan beroz...).

Maila kolektiboan bezala norbanakoarenean, norbere iraganetik nahi duguna erreskatatzen dugu, nahi duguna ezabatzen, eta nahi eta ahal duguna denborarekin tuneatzen. Gu zaharrunon otordu osteko txolarteak nozitu besterik ez dago, behin eta berriro errepikatutako pasadizoak, baina norberak beti diferente kontatuak. Literaturaren historia zati handi batean horixe da, iraganaren asmazioa, berreraikuntza. Eta aspaldian, hemen bereziki ikusten ari garenez, historiaren literatura ere bai. Errelatoa deitzen diote.

Ñabardura bat, dena den: memoria batzuen eraikuntzak guztion diruaz egiten dira eta ahanztura batzuk, garai hartako hitzez esateko, ozenegiak dira.

Baina erromeriak ekarri nahi nituen hizpidera, igandeko Antonio deunarena akorduan. Eta elkortzen ari diren ogibide batzuk. Erroskilla-saltzaile, talogile, puxika-puzle eta feriante abar luze batek segituko du penatuta, erte ez ofizialetan. Lirikarako ez ezik, federako ere garai txarrak dira. Analogikorako, bederen.

Izan ere, bestelako santu digitalei eskatzen zaizkie orain nobia-nobioak. Tinder deunari —eta bikote bilaketarako bera bezalako beste appostoluei—. Jakina halakoek ertzak izango dituztela, zaputzak asko, erreklamora joanda harrapari sexualen biskatan itsatsita gelditzeko arriskua... baina nago jende askok instrumentu bat gehiagoren gisa darabilela, eta ugaritu eta normaldu dela erabilera. Eskura dagoen tresna bat, ezeren ordezko izan behar izan gabe, bestelakoen osagarri. Eta trebetasun sozial eskasekiko askorentzat akaso bide bakarra bikotea edo maitalea edo lagun-harremana aurkitzeko. Erabiltzaile berriak —gero eta gazteagoak, diotenez—, gainera, eskrupulu etikorik gabe dabiltza. Internet edo aplikazio bitarteko harremantzeak ez daukala gaitzesgarritik pentsatuz, beste modu bat gehiago dela. Eta ez dagokiola bakardade ez hautatuaren —hori ere bai baitago— desesperazioan eroritakoarisoilik, ez dela merkatutik kanpokoentzako alternatiba bazterrekoa, harreman-mota ez hegemonikoen zaleentzako salbazio-hesola. Beste tresna bat da, kito.

Eta zerbait beharko da, alajaina! Aurreko batean Kattalin Minerrek egindako parrandaren aldarrikapen bikainaren beste hari bat litzateke, hark ere aipatua, ligatzearena, jendea ezagutzearena, harremanena, sexuarena. Hori ere ebatsi digu pandemia malapartatu honek, eta hori gabe herren soziala itzela da. Muxuak eta laztanak eta besarkadak faltan botatzen ditugula aldarrikatzen dugu (edonork esango luke pandemiaren aurretik denak gozo- eta kariño-partitzaileak ginela!), eta haien mira badugu, bai, baina gehiagorena ere bai. Lagunarte berriak, keinuak, begirada hezeak, hitzordu agerikoak, eta itsuak, poto egindako gauak, egunsenti ahantzezinak... hori guztia, badakizue zertaz ari naizen.

Oraindik horiek bahituran dauzkagunez, denen kulpante egin ditugun gazteek, bereziki, bahituak dauzkatenez, tinderren edo kaixomaitiaren deboto egin behar badugu, egingo gara. Gurtu gabe, baina; soilik erabiliz, aldareak ez baitzaizkigu sekula gustatu (nahiz eta santuak gora eta behera ibili), are gutxiago zer debekatu zaigun ikusita, Vatikanoko laboratorio batean diseinaturikoa dirudien birus honen garaiotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.