Frantziako Tourra

Era ezberdinak ihesaldi batez baliatzeko

Mollemak irabazi du Tourreko 14. etapa, eta nagusian bigarren jarri da Martin. Frailek seigarren bukatu du. Gaur, Pirinioen txanda

Bauke Mollema besoak altxatzen, atzo, helmugan. GILLAUME HORCAJUELA / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko uztailaren 11
00:00
Entzun
Etapa garaipena izan ohi da ihesaldian sartzen den txirrindulariaren jomuga. Tropelaren aginteari muzin egin, iheskideak garaitu eta helmugan besoak altxatzeko ilusioz egiten du eraso.Bada, atzo Bauke Mollema (Trek) izan zen zorioneko gidoi hori aplikatu zuena, Tourreko 14. etapan. Nolanahi ere, bestelako moduak ere badaude ihesaldi bati probetxua ateratzeko. Galde diezaiotela bestela Guillaume Martini (Cofidis): tropelari 5.25 atera, eta bigarren jarri zen sailkapen nagusian, Tadej Pogacarrekiko (UAE) 4.04ko atzerapenarekin. Mattia Cattaneok (Deceuninck), berriz, hamargarren posturaino egin zuen jauzi, Pello Bilbaoren (Bahrain) kaltetan. Gernikarra 11. da orain.

Aurrez hezurmamitutako planari heldu zion Mollemak etapa bereganatzeko. 2017ko Tourrean egin bezala, maldan behera utzi zituen atzean iheskideak, helmugatik urruti. 25 kilometro falta zirenean egin zuen eraso duela lau urte; eta are lehenago, bukaeratik 42 kilometrora, abiatu zen atzo, hirugarren mailako koska baten jaitsieran. Ekinaldi suizida zirudien, baina Herbehereetakoak bikain kudeatu zituen indarrak. Alferrikakoak izan ziren gainontzeko iheslarien ahaleginak. Haien artean zegoen Omar Fraile (Astana); santurtziarrak seigarren postuarekin konformatu behar izan zuen.

Bihurria eta hautsia zen ibilbidea, bigarren mailako hiru mendate eta hirugaren mailako birekin. Agerikoa zen liderrak ez zirela sartuko etaparen borrokan, beraz, aukera ezin hobea zuten tropeleko abenturazaleek. Asko ziren ihesaldia harrapatu nahi zutenak. Talde ugari jada garaipen premia nabaritzen hasiak dira. Su batean hasi zen etapa, eta hala jarraitu zuen luzaroan. Helmugatik 100 kilometrora, aurrera egitea lortu zuten Cattaneok, Michael Woodsek (Israel) eta Wouter Poelsek (Bahrain), eta handik tarte batera, beste zazpi txirrindulari batu zitzaizkien. Horien artean zeuden Mollema, Martin eta Fraile. Sergio Higuita (Education First), Esteban Chaves (Bike Exchange), Patrick Konrad (Bora) eta Louis Meintjes (Wanty) ziren besteak. Behin hamarkotea osatuta, egonkortu egin zen lasterketa.

Woodsek eta Poelsek lehia bizia izan zuten mendiko puntuak lortzeko. Saria ere lor daiteke ihesaldietan. Hamabi lortu zituen kanadarrak, eta, horri esker, puntu gorridun maillota kendu zion Nairo Quintanari (Arkea). Azken igoera buruan pasatu zuena, berriz, Mollema izan zen. 1.30en aldearekin hasi zen igotzen, multzotik bakarrik ihes egin eta gero. Gertu zeukan garaipena. Baina sufritu egin zezakeen Saint Louiseko malda pikoetan. Atzetik aurrera egiten saiatu ziren Cattaneo, Higuita, Woods eta Konrad, baina Mollemari 25 segundo baino ez zizkioten kendu. Hortaz, azken jaitsiera eroso egin zuen, eta azken kilometroan sartu aurretik hasi zen garaipena ospatzen. Konradek irabazi zuen bigarren postua lortzeko esprinta, Higuitaren aurretik.

Martin 11. postuan iritsi zen, baina helmuga igarotakoan, ez zion erreparatu etapako sailkapenari, sailkapen nagusiari baizik. Zazpi postu igo zituen, bederatzigarrenetik bigarrenera. Haren mehatxuari ez ikusia egin zion tropelak, etaez zen itsutu jazarpenean. Faboritoek indarrak gordetzeko hautua egin zuten, gaur Pirinioetan jokatuko den etapari begira. Lasterketako 15.a izango da, eta Ceret eta Andorra la Vella lotuko ditu, 191,3 kilometroko ibilbide menditsu batekin. Lau mendate kateatuko dituzte: lehen mailako Mont Louis, Envalira eta Beixalis, eta bigarren mailako Puymorens. Beixalis izango da igoko duten azkena; helmugatik hamalau kilometrora dago gaina.

Zaharrak berri Giroan

Etapa nagusia jokatu zen atzo Italiako Giroan, eta beste behin ere, erabateko nagusitasuna erakutsi zuen SD Worxek, talde horretako hiru txirrindulari izan baitziren aurreneko hiru sailkatuak: Ashleigh Moolman, Demi Vollering eta Anna van der Breggen, ordena horretan. Sailkapen nagusiaren buru ere haiek dira, baina kontrako ordenan. Moolmanek azken-aurreko igoeran egin zuen eraso, eta 1.26ren aldea atera zien taldekideei Matajur mendian zegoen helmugan. Hori horrela, 1.23ra gerturatu zitzaion Van der Breggeni maglia arrosaren lehian. Volleringek, berriz, 3.05eko atzerapena dauka. Gaur jokatuko da azken etapa, eta, oker handirik gertatu ezean, Giroa laugarrenez irabaziko du Van der Breggenek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.