Mina areagotu, eta bidea ireki

Sevillaren zelaian jokatuko du gaur Realak. Pablo Machinen jokalariak seigarren dira sailkapenean, baina urak ez daude batere lasai

Sandro Ramirez, Sevillaren aurkako partidan, Anoetan. JON URBE / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2019ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Kolpe bikoitza eman nahi du Realak Sevillan (Espainia). Irabazita, Europako postuetan sartu nahi dute txuri-urdinek, helburua lortuz gero, lehia horretan aurkari zuzena den etxeko taldeari aurrea hartuko bailioke sailkapenean. Ez da hori bakarrik, ordea; urak nahasiak datoz Sevillan, eta porrot batek kinka larrian utziko luke Pablo Machin entrenatzailearen kargua, baita klubaren proiektua bera ere.

Espainiarrek bina berdindu zuten ostegunean Europa ligan, Slavia Pragaren aurka, eta emaitza horrek sutan jarri zituen zaleak.Partida amaitu orduko piztu zen haserrea Sanchez Pizjuan estadioan, eta haserre hori areagotu nahi du gaur Realak. Onura besterik ez baitio ekarriko horrek.

Hargatik, irabaztea xede bakar duela ariko da Sevillaren zelaian. Bolada txarrean dira etxekoak, eta horren jakitun da Imanol Alguacil txuri-urdinen prestatzailea: «Ea klima kaltegarri bat sortzeko moduan garen, guri interesatzen zaiguna, haien alde jarri beharrean aurka egingo diena». Hala, oriotarrak azpimarratu du «min eginez gero, egoera astun egin eta deseroso egon» daitezkeela Machinenak.

Alabaina, oriotarrak badaki une txarra igaro arren maila oneko taldea dela Sevilla, eta ez du uste lan erraza izango dutenik: «Aurkari zaila da, estadio zail batean». Hargatik, Imanol ez da fio Sevillak eskain dezakeenarekin: «Ostegunean, txistuak jasota eta nekatuta amaitu zuten. Halako egoeretan, entrenatzaileak ultimatuma duenean-eta, baliteke aurkariak min egitea, baina bestelakoa ere jazo liteke; taldea haren inguruan indartu, zaleak hazi eta aurkakoa gertatzea». Ligako azken hiru partidak galdu egin ditu Sevillak, Vila-real, Bartzelona eta Huescaren aurka.

Nahi baino lesio gehiago

Reala, berriz, goranzko bidean doa urtea hasi zenetik. Europa du begiz jota, eta nahiz iragan astean galdu egin zuen, bi puntura du Sevillaren seigarren postua. Alabaina, lesio formako zenbait oztopo izaten ari dira txuri-urdinak, jokalari garrantzitsu batzuk min hartuta baititu. Esaterako, azken astean lesionatutako Willian Jose eta Diego Llorente. Brasildarrak Atletico Madrilen aurkako partidaren hasieran hartu zuen min; hura da erasoan Realaren itsasargia, baina Imanolek ez dio behar besteko garrantzirik eman haren hutsuneari: «Baditugu jokalariak, eta Atleticoren aurka aukera argiak izan genituen, nahiz eta gero asmatu ez».

Asier Illarramendi ere min hartuta dago, eta, harekin, taldearen bizkarrezurra osatzen duten hiru jokalariren hutsunea du teknikariak: «Kezkatzen nau, baina min hartuta dudelako. Ez faltan botatzen ditudalako».

Gaurko partidarako berreskuratuko duen jokalaria Adnan Januzaj da. Belgikarra ez da aritu azken bi partidetan, bihurritu batengatik: «Iritsiko da, agian justu samar, baina entrenatzen ari da eta gogotsu dago». Ezin hobea da albistea: haren abilezia berebizikoa bilaka liteke irabazi, Europako postuei heldu eta Sevilla sutan jartzeko.

SEVILLA-REALA

Sevilla. Soriano; Navas, Mercado, Carriço, Sergi Gomez, Promes; Sarabia, Banega, Franco Vazquez; Ben Yedder eta Andre Silva.

Reala. Rulli; Zaldua, Le Normand, Navas, Theo;Zubeldia, Merino, Zurutuza; Januzaj, Sandro eta Oiartzabal.

Epailea. Iglesias Villanueva.

Lekua. Sanchez Pizjuan (43.383 ikusle).

Ordua. 18:30ean (Bein La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.