Reyes Ilintxetak 'Altxa burua' saioa aurkeztuko du Hamaikan

Hamasei ataletan, pandemiaren inguruan «modu baikorrean» hausnartuko dute. Asteazkenean estreinatuko dute programa

Reyes Ilintxeta kazetariak Nafarroako zenbait arlotako herritarrak elkarrizketatu ditu saio berrirako. HAMAIKA.
urtzi urkizu
2021eko irailaren 5a
00:00
Entzun
Aurrera begira jarri eta hausnarketarako eta irakaspenetatik ikasteko tartea hartuko du Reyes Ilintxeta kazetariak Nafarroako gizarteko herritarrekin Hamaikaren Altxa burua saio berrian. Ekhiñe Atorrasagasti Hamaikako eduki arduradunak hala iragarri du: «Ahantzi aurretik, balizko irakaspenez edo aintzat hartzekoez arituko gara kaleko espazioetan kokatutako aktualitate saio berrian». Asteazken gauean estreinatuko dute programa —larunbatetan eta igandeetan berriro emango dute, 15:00etan—.

Zoe Martikorenak eta Eneko Lanasek sortu dute saioa. Haiek dira zuzendariak. Martikorenak ideiaren abiapuntua aipatu du: «Pentsatu genuen saio bat sortzea pandemiaren inguruan hitz egiteko, baina beste modu baikorrago batetik, eta ez hain modu ezkorrean. Hainbat gaitan pandemiak nola eragin duen aztertuko dugu, eta hortik zer atera dugun jasoko dugu».

Ilintxetak esperientzia luzea du Euskalerria Irratian eta prentsa idatzian elkarrizketak egiten. Telebistan estreinako lana du. «Ez dut esperientziarik telebistan, baina oso interesgarria iruditu zitzaidan bai planteamendua, bai lantaldea», azaldu du Ilintxetak. «Iruditzen zait orain dela garaia, hain zuzen ere, hausnarketa egiteko eta gonbidatzeko jendea gogoeta horiek egiteko. Pandemiaren oroitzapenak fresko ditugula, orain da garaia hitzetan jartzeko bizipenak eta oroitzapenak, eta partekatzeko gogoeta horiek. Eta ikusteko zer ikasi dugun honetatik guztitik». Zera ohartarazi du kazetariak: «Bazter batean uzten badugu, laster ahaztu egingo dugu, eta deus ez da aldatuko».

Eneko Lanasek nabarmendu du estetikoki berezitasunak izango dituela Altxa burua-k: «Saiatu gara irudiak beste modu batean agerrarazten. Jokatu dugu mugimenduekin, enkoadre artistikoekin. Zuri-beltza sartu dugu, bestetik. Pandemiaren irudiak zuri-beltzean jarri ditugu, iragana balitz moduan. Eta elkarrizketak koloretan izango dira». Lanasi iruditzen zaio «aurrerapauso bat» izan dela lantaldearentzat.

Hamasei atal izango ditu programak. Abenduaren 22ra arte, astero emango du Hamaikak. Atal bakoitzean gai bat landuko dute: turismoa, hezkuntza, musika, ostalaritza, haurrak... Aurreneko atalean, datorren asteazkenean, ingurumenaz mintzatuko dira. Horretarako, Ilintxetak Greenpeaceko koordinatzaile Lorea Flores elkarrizketatuko du. Atal bakoitzean, dena den, elkarrizketa bat baino gehiago emango dituzte. 60 inguru grabatu dituzte. Martikorenak hala esan du: «Atal bakoitzerako lehen pertsonan hitz egingo duten herritarrak bilatzen saiatu gara. Ez dago narrazio jarraitu bat: atal bakoitzean hausnarketa bat sustatzen da gai baten inguruan».

Nafarroan grabatu dituzte elkarrizketa horiek guztiak. Baina Ilintxetari iruditzen zaio Euskal Herriko beste lurraldeetan antzeko erantzunak aurkituko lituzketela. «Espero dezagun saioa baliagarria izatea, zoritxarreko pandemiak guztiongan izan baitu eragina».

Atal bakoitzak 30 minutuko iraupena du. Ilintxetaren arabera, saioak ez dira luzeak. «Baina bai mamitsuak».

Iruñerriko sortzaileak

Hamaikaren Nafarroako lantaldeak, era berean, beste saio berri bat estreinatu du aste honetan: Klik batean. Ostiraletan eta asteazkenetan emango du programa hori Hamaikak, 22:00etan, eta bertan Iruñerriko sortzaileak izango dira protagonistak. Zoe Martikorena saioko zuzendariak azaldu du azkeneko urtean Iruñerrian «kultur borbor bat» piztu dela. «Unea aprobetxatuz, elkarrizketak egin ditugu egitasmo desberdinetan ari diren sortzaileekin». Gaika emango dituzte, ikus-entzuleek ezagut dezaten Iruñerrian zer sortzen ari den.Hamasei atal izango ditu Klik batean saioak, eta bakoitzean bi elkarrizketa emango dituzte.

Urritik aurrera, bestalde, Nafarroa gaur albistegi laburra emango du Hamaikak gauero. Josu Ganuzak aurkeztuko du. Programa hori orain arte astean behin ematen zuen Hamaikak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.