Jauzi handiago baten peskizan

Joera onari eutsi nahi dio Realak, gaur Betisen etxean irabazita. Bautista eta Llorente min hartuta daude, eta deialditik kanpo geratu dira
Zaldua eta Oiartzabal, erdilariak Celtari sartutako gola ospatzen.
Zaldua eta Oiartzabal, erdilariak Celtari sartutako gola ospatzen. J. ETXEZARRETA / EFE

Jon Ander De la Hoz -

2018ko abenduak 2
Emaitza onen olatuari jarraitu nahi dio Realak, sailkapenean gora egiteko. Joera ona egonkortzea dute xede, eta abendua hilabete aproposa dute horretarako. Ligako lau partida jokatuko dituzte estreinatu berri den hilabetean, eta sailkapenean atzetik dituzte aurkarietako hiru: Betis, Valladolid eta Getafe. Alaves da laugarrena. Mugarri izan daitezke neurketa horiek, eta ondo daki hori Asier Garitano Realeko entrenatzaileak: «Bidea markatuko digute. Ikusi dugu azken bi partidak irabazita zer-nolako jauzia egin dugun, eta orain beste bat egin nahi dugu».

Gaur eguerdian abiatuko dute hil honetako ibilbidea, Sevillan (Espainia), Betisen zelaian. Quique Setienek entrenatutako taldea hamaseigarrena da sailkapenean, eta kostatzen ari zaio emaitza onak lortzea. Azken sei partidetatik bakarra irabazi du ligan, baina handia egin zuen irabazi zuen hartan: Bartzelonari bere etxean irabazi zion (3-4), neurketa bikaina jokatuta.

Orain artean, Betisen balantzea hobea da Europa ligan: ez du partidarik galdu, eta irabazi egin zuen joan zen ostegunean (1-0, Olympiakosen aurka). Andaluziarrek bi eguneko atsedena izan dute Realaren aurka aritu aurretik, baina txuri-urdinen entrenatzailea ez da horrekin fio: «Betisek talde garrantzitsua du, eta jokalari asko». Bergarako entrenatzaileak azpimarratu du Setienek zenbait aldaketa egin zituela ostegunean, «ligan pentsatzen», eta adierazi du «orekatu» egingo dituela orduko eta gaurko hamaikakoak.

Quique Setienek, berriz, azaldu du «aldaketaren bat» egingo duela donostiarren aurka jokatzeko. Bide horretan, deialditik kanpo utzi ditu Antonio Barragan eta Sergio Leon. Halaber, Sergio Canales ere ez da ariko. Realeko jokalari izandakoak bosgarren txartel horia ikusi zuen Valladoliden aurkako partidan, eta neurketa bateko zigorra bete beharko du. Canales jokalari garrantzitsua da Setienen eskeman, baina horrek ez du kezkatzen espainiarra: «Garai onean dago, baina halako gauzak kontuan hartu behar izaten dira».

Hutsuneak hutsune, lehia «gogorra» espero du Garitanok. Betisen estiloa «ezberdina» dela uste du, erasoko jokalari «asko» erabiltzen dituelako: «Betisek oso barneratuak ditu mekanismo guztiak, eta, goian presioa egiten baduzu, jende azkarra utzi ohi du aurrealdean». Andaluziarren aurrelariei aurre egiteko atzeko lerroa aldatu egin beharko du Garitanok, ezinbestean; Diego Llorentek min hartu du ezker zangoan, eta deialditik kanpo utzi du. Haren ordezkoa nor izango den ez du aurreratu txuri-urdinen prestatzaileak, baina litekeena da Robin Le Normand Reala B-ko jokalariak lehen taldearekin debuta egitea. Jon Bautistak ere ez du Sevillara bidaiatu. Errenteriakoak lehen graduko lesioa du eskuineko izterrean.

Mikel Oiartzabal, berriz, zerrendan da. Aste barruan kolokan zegoen parte hartuko zuen, baina eibartarra jokatzeko moduan dago, eta litekeena da hasieratik aritzea. Adnan Januzaj ere prest da Betisen aurka aritzeko; Garitanok zehaztu du «ondo» egongo dela gaurko norgehiagokarako: «Ondo dago. Beti esan dut partida hauek denboraldi-aurrekoak izango direla harentzat; ez da erraza, partida asko eta entrenamendu gutxi daudelako». Azken jardunaldian pizgarri izan dira belgikarra eta eibartarra, eta Realak ezinbesteko ditu jauzia egiteko. Gaur du horretarako lehendabiziko aukera.

BETIS-REALA

Betis. Pau Lopez; Tello, Mandi, Bartra, Sidnei, Junior; Guardado, William Carvalho; Joaquin, Lo Celso; eta Loren.

Reala. Moya; Zaldua, Le Normand, H. Moreno, Theo; Zubeldia, Illarramendi, Zurutuza; Januzaj, Oiartzabal eta Willian Jose.

Epailea. Cuadra Fernandez.

Lekua. Benito Villamarin (60.720 ikusle).

Ordua. 12:00etan (Bein La Liga).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna