Elezkano II.a-Rezusta 22-12 Victor-Albisu

Pauso sendoz hasi dira

Elezkano II.a-Rezustak nagusitasunez irabazi diete Victor-Albisuri Labriten, finalerdietako ligaxkako lehenbiziko norgehiagokan

Danel Elezkano eta Beñat Rezusta, elkar besarkatuta, garaipena ospatzen, atzo, Labriten. GORKA RUBIO / FOKU.
Julen Etxeberria.
2019ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Pilotakadak. 528.

Iraupena. 62.57.

Sakez. Elezkano II.ak bi; eta Victorrek bat.

Markagailua. 2-0, 2-5, 6-5, 6-6, 10-6, 10-7, 12-7, 12-8, 14-8, 14-10, 21-10, 21-12 eta 22-12.

Bestelakoak. Bete egin zen Labrit pilotalekua: 1.200 ikusle inguru izan ziren harmailan. Apustuak Elezkano II.a-Rezustaren alde atera ziren nabarmen, 100-50ri.

Danel Elezkanok eta Beñat Rezustak indartsu ekin diote Binakako Txapelketako finalerdietako ligaxkari. Aspeko bikoteak nagusitasun osoz irabazi zion atzo Victor Estebanek eta Jon Ander Albisuk osatutako Baikokoari, Iruñean, Labrit pilotalekuan: 22-12.

Elezkano II.a-Rezusta bikain aritu ziren final-laurdenetako ligaxkan, baina txakalaldi txiki bat izan zuten azken txanpan. Atzo, ordea, berriro utzi zuten agerian sasoi betean daudela, eta hautagai sendoa direla txapela irabazteko. Iaz txapeldunorde izan ondoren, aurten goia jo nahi dute.

Victor-Albisuk, ordea, behetik gora egin beharko dute finalerako sailkatu nahi badute. Badute heldulekurik itxaropenari eusteko: iaz Elezkano II.a-Rezustak galdu egin zituzten finalerdietako ligaxkako aurreneko bi partidak, eta finala jokatu zuten gero. Horretarako, hala ere, Baikokoek koska bat igo beharko dute euren errendimendua.

Maila ona eman zuten atzo, baina nabarmen geratu zen agerian, gaur-gaurkoz, alde handia dagoela bikote baten eta bestearen artean. Aspekoek bi urte daramatzate elkarrekin jokatzen Binakako Txapelketan, bikain jokatu ere: 33 partidetatik 25 irabazi dituzte. Baikokoak, ordea, bederatzi aldiz bakarrik aritu dira elkarrekin: hiru irabazi dituzte, eta sei galdu. Lehen ligaxkako azken-aurreko jardunaldian gai izan ziren Elezkano II.a-Rezusta ustekabean hartzeko —22-17 irabazi zieten—, baina atzo ez zuten aukerarik izan bigarrenez ezustea emateko.

Victorrek berak emana zuen partidako gakoa egunkari honek aste honetan egindako elkarrizketan: «Jon Anderrek eta biok huts gutxi egiten baditugu, edozein bikoteri aurre egiteko moduko pilotariak gara».Bada, hortxe egon zen gakoa atzo, Victorrek eta Albisuk nahi baino huts gehiago egin zituztela: aurrelariak bost eta atzelariak lau. Lan ona egin arren —Victorrek sei tanto egin zituen, eta Albisuk lau— huts gehitxo dira, eta are gehiago ez aurrean ia hutsik egiten ez duen bikotea izanda: huts bana besterik ez zuten egin Elezkano II.ak eta Albisuk —aurrelariak hamabi tanto egin zituen, eta atzelariak bakarra—. Alde handia dago.

Hain zuzen, segurtasun horri esker lortu zuten Aspekoek Baikokoen hasiera indartsuari buelta ematea: 2-5etik 12-7ra. Gogotik lan egin ondoren, 14-10 gerturatu ziren urdinak, baina 7-0ko partzial batek eman zien errematea.

Gaur, Eibarren

Gaur, jardunaldiko azken partida jokatuko dute Altuna III.a-Martijak eta Irribarria-Zabaletak Eibarren (Gipuzkoa), Astelenan (17:00, ETB1). Irribarria-Zabaleta dira faborito, aurkariak baino erregularrago aritu baitira txapelketan. Baina ezin dira deskuidatu. Altuna III.a-Martija behetik gora egin dute nabarmen, eta azken bost partidak irabazi dituzte. Horri esker daude finalerdietako ligaxkan. Hain zuzen ere, gaur aurkari izango duten bikotea mendean hartuta hasi zuten susperraldia. 22-20 irabazi zieten Tolosan (Gipuzkoa), Beotibarren. Beste horrenbeste egin zuten ere aurreneko itzulian, Eibarren: 22-19. Beraz, neurria hartua diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.