Tristuraren hegaldian etxera

Athleticek eta Realak 2-0 galdu dute Sevillan eta Bartzelonan, eta Espanyoli eman diote Europa liga jokatzeko aukera. Zuri-gorriak azken unera arte lehiatu dira. Txuri-urdinak, aldiz, ezinean aritu dira

Iker Muniain eta Ander Barrenetxea, lurrean, lur jota, partida amaieran. JULIO MUÑOZ-QUIQUE GARCIA / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2019ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Ilusioaren hegaldian egin zuten helmugarako bidaia, baina tristurarenean etxeratu dira. Europa begiz joa zutela joan ziren Athletic eta Reala ligako azken jardunaldia jokatzera, baina helburua bete ezinda agurtu dute sasoia. Emaitza berarekin agurtu dute denboraldia bi taldeek (2-0). Egoera ezberdinean iritsi ziren azken partidara, eta halakoxe itxura eskaini zuten sasoiko azken partidan ere.

Haizea alde zuela iritsi zen Athletic Sevillara (Espainia). Europa egarriz ziren taldeen artean ondoen kokaturik iritsi ziren zuri-gorriak, baina ezin izan zuen atzetik aurrera egindako sasoia poztasun batekin amaitu. Halere, gertu izan zuen Europarako sailkatzeko aukera ematen zuen zazpigarren postua; berdinketak balio zion, eta azken momentura arte lehia horretan ibili zen. Hainbesteraino estutu zuen Athleticek, ezen hiru minuturen faltan berdinketaren gola sartu eta sailkapenaren bidean jartzeko zorian izan baitzen.

Sevillaren areara etenik gabe gerturatu ziren bilbotarrak, eta aldeko korner bat izan zuten luzapenean. Hiru minutu falta ziren neurketa amaitzeko, eta San Joseren erdiraketa Iñigo Martinezek errematatu zuen. Langara joan zen Ondarroako atzelariaren jaurtiketa, eta hor amaitu zen Athleticen ametsa. Ordurako gol baten abantaila zuen Sevillak kontraerasora jo zuen, eta, Munirrek espainiarren bigarren gola eginda, aukerarik gabe utzi zuen Gaizka Garitanoren taldea.

Derioko entrenatzaileari aho zapore garratza utzi zion atzoko emaitzak: «Une zailak dira, baina harro nago jokalariez, oso behetik gentozelako. Horregatik, bigarren zatian egin dugunagatik, eta 93. minutuan zutoinera joan den baloiarengatik, zazpigarren izatea merezi genuela uste dut».

Reala, kamuts

Athleticen helburu berarekin bidaiatu zuen Realak Espanyolen zelaira, baina urrun izan zuen garaipena. Bilbotarrek baino hiru puntu gutxiagorekin ekin zionazken partidari, eta haien hutsa baliatu nahi zuten zazpigarren izateko. Asmo bertsuarekin zebilen Espanyol aurkaria ere; txuri-urdinekin berdinduta zegoen sailkapenean, eta haiek ziren bi euskal taldeak esku hutsik utz zitzaketen bakarrak. Baita egin ere.

Bigarren zatian bideratu zuen garaipena Espanyolek. Hutsean amaitu zen lehen zatia, eta bi taldeak antzera aritu ziren atsedenaldira arte. Donostiarrek, Athleticen uneko emaitzaren jakitun, bazekiten gol batek helburua lortzeko bidea erraz zezakeela, eta horretan saiatu ziren. Ander Barrenetxea izan zen lehen zatian ondoen aritu zen txuri-urdina.Berak hasitako jokaldi batean, baloia sarera botatzear egon zen Willian Jose. Lehen ordu erdian sortu zuen arriskurik handiena Imanol Alguacilen taldeak.

Pixkanaka gora egin zuen etxeko taldeak, eta berdindu egin ziren indarrak. Wu Leik langara bota zuen burukada, eta, aurrez, Borja Iglesiasek bere oinetan izan zuen 1-0ekoa. Lehen zatiko momenturik txarrenean zirela, apur bat suspertu ziren txuri-urdinak, eta Mikel Oiartzabalen burukada batean aurrea hartzeko aukera garbia izan zuten.

Bigarren zatiari ere hobeto ekin zion Realak, baina, segituan, egoera irauli zuen Espanyolek. Zortzi minutuan bi gol egin zituen, eta lasta hori astunegia izan zen Realarentzat: «Minutu horietan egon da gakoa. Hor galdu dugu partida», adierazi zuen Imanolek. Bi golen abantailarekin eta Athletic galtzen ari zela jakinda, ordutik aurrera eroso aritu ziren kataluniarrak. Etsita amaitu zuen Realak, Athleticek Sevillan bere aukerak zukutzen zituen bitartean. Alferrik. Azkenean, tristuraren hegazkina hartu, eta Europarako bidaiarik erreserbatu gabe etxeratu ziren bi euskal taldeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.