Maite Etxezarreta. Mendi korrikalaria

«Iazko marka hobetzea eta gozatzea zen helburua»

BERRIIA.
Unai Ugartemendia.
Intza
2019ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Lesioa ia gaindituta, kilometro bertikalak izango ditu helburu denboraldiaren bukaeran Maite Etxezarretak (Azpeitia, Gipuzkoa, 1991)

Nola sentitu zara?

Ondo. Lasterketaren hasieratik ondo sentitu naiz. Faboritoen artean aurrena irtetea egokitu zait, eta, gainerakoen erreferentziarik gabe, nire lasterketa egitera joan naiz.

Ibilbidea ezagutzen zenuen. Zein asmorekin irten zara?

Aurreko urteko denbora hobetzea eta lasterketaz gozatzea zen.

Iazko denbora hobetu duzu. Gustura?

Bai. Gustuko lasterketa, eguraldi eta giro bikainak, lehia polita eta aurreko urteko denbora baino bi minutu gutxiago. Gainera, txapelarekin etxera.

Zer izan da gogorrena?

Lasterketa osoan neure buruari esfortzu maila horretan eustea. Ordubete eskaseko probak dira, baina asko sufritzen da.

Ba al zenuen irabazteko itxaropenik?

Uste nuen podiumerako borrokan egon nintekeela, baina aurreko denboralditik gisa honetako lasterketarik egin gabe nengoen, eta ez nekien zer-nolako mailan egongo nintzen.

Denen ahotan zegoen zure izena garaipenerako.

Ulertzen dut jendeak hori pentsatzea iazko denborak erreferentziatzat hartuta. Hala ere, maiatzetik ezin izan naiz behar bezala entrenatu, eta zalantzak nituen ea lehiakorra izango nintzen edo ez. Erraza izaten da faboritotzat jotzea, baina korrikalariok lan asko eta bizipen ugari ditugu atzean, eta hau ez da matematika.

Zer dute ezberdin eta berezi mota honetako lasterketek?

Ibilbidearen teknikotasuna kontuan izan gabe, mendiko lasterketetako distantzia guztiak dira espezifikoak. Ez da gauza bera maratoi erdi bat prestatzea edo maratoi bat, kilometro bertikal bat edo ultra bat...

Beste lasterketaren bat egingo al duzu?

Bertikalak egiteko motibaturik nago. Lautan eman dut izena: Intza-Ttutturrez gain, Beriainen [Huarte-Arakil], Nafarroa], Gorbeian [Zeanuri, Bizkaia] eta Anboton [Atxondo, Bizkaia].

Aspaldian geldirik egotea tokatu zaizu lesio bat tarteko.

Bai, lau hilabete igaro dira lesioa izan nuenetik, eta azkeneko astebete hau izan da minik gabeko lehendabizikoa. Ea pixkana-pixkana ondo osatzen den.

Ez zara osatu guztiz?

Ez nago lasterketa luzeak egitekooraindik, baina badut gogoa mendian ibiltzeko. Irailean eta urrian bertikalak egingo ditut, gero atsedenalditxo bat hartuko dut, eta 2020a prestatzen hasiko naiz.

Ez zaitugu Munduko Kopan ikusiko urtea amaitu baino lehen?

Ez dut uste. Helburua izango da belaunak guztiz osatzea eta denboraldiari amaiera polit bat emanez mendiaz gozatzea. 2020an, aukera badut, han izango naiz.

Zein da denboraldiaren balantzea?

Euskal Selekzioak emandako aukera aprobetxatzea nuen helburu. Hasiera polita eman nion, taldeko gehienok oso ondo ibili ginen Espainiako Kopako lasterketetan. Taldean giro bikaina izan dugu, lehia estuak, eta asko ikasteko eta gozatzeko balio izan dit.

Arantzarik gelditu al zaizu?

Bai. Lesioa dela medio, kopako lehia ezin amaitu izana, eta dortsala edukita Zegama-Aizkorrin lasterka ez egitea. Hala ere, udan, taldeko kideekin bidaia batzuk tarteko, esperientzia politak bizi izan ditut: Greziako lasterketan, Zermatten, Pirinioetan... Eskertu beharrekoa da selekzioak eskainitako aukera. Urtea amaitzeko, berriz, gogotsu nago Euskal Herriko lasterketa batzuk egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.