Gero eta zailago daukate

Olaizola-Urrutikoetxeak eta Bengoetxea-Mariezkurrenak burua altxatu ezinik segitzen dute

Mikel Urrutikoetxea, pilota jotzeko prest, atzo Mungian jokatutako norgehiagokan. ARITZ LOILA-FOKU.
ainara arratibel gascon
2020ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Binakako Txapelketa aurrera doa, eta, atzoko emaitzen ostean, bi bikotek gero eta zailagoa dute aurrera egitea: Olaizola II.a- Urrutikoetxeak eta Bengoetxea VI.a-Mariezkurrena IIak. Lehenengoek 22-9 galdu zuten Mungian (Bizkaia), Artolaren eta Imazen kontra; bigarrengoek, aldiz, 22-19 Lasoren eta Albisuren kontra Iruñean. Hala, zuloan segitzen dute.

Urdinak dira Mungiako (Bizkaia) frontoiaren pareta eta zorua, eta atzokoan ere kolore hori izan zuen han jokatutako partidak. Azken hiru neurketak galdu eta gero, garaipena behar zuten atzo Artolak eta Imazek, eta ez zuten huts egin. 22-9 hartu zituzten mendean Olaizola II.a eta Urrutikoetxea. Hala,gorriz jantzitakoek ezin izan zioten aurreko jardunaldiko partidari segida eman, eta ezin izan zuten urratsa egin finalerdiak jokatzeko aukera emango liekeen kanporaketarako postuetan jartzeko.

Hasieratik izan ziren nagusi gipuzkoarrak, eta, ohartzerako, 9-1 jarri ziren aurretik. Atzean egon zen lehen tanto horietako gakoa. Imazek beste partida on bat jokatu zuen, eta Urrutikoetxeak baino jo handiagoa erakutsi zuen. Zaramatamokoari, aldiz, deseroso ikusi zitzaion neurketa osoan zehar, zazpigarren-zortzigarren koadroan sartuta, aurrera egin ezinik.

9-2koarekin, Olaizolak eta Urrutikoetxeak pilota biziagoa atera zuten, eta hiru tanto egin zituzten erreskadan. Baina ez zen hori izan galtzaileek partida iraultzeko behar zuten bultzada. Erreskadan hiru tanto galdu, eta partida erabat hautsi zen. Pilota berriro aldatu zuten Artolak eta Imazek, eta nagusi izan ziren.

Bigarren parte horretan 70 pilotakadatik gorako hainbat tanto izan ziren, baina guztiak urdinen alde amaitu ziren. Ohikoa izan ez arren, Olaizolak ez zuen tantoak amaitzen asmatu, nahiz eta arriskatu egin zuen horretarako. Hiru baino ez zituenegin lehia osoan. Artolak, berriz, 11. Hor egon zen gakoetako bat.

Bestea, garaileek pilotari emandako abiaduran egon zen. Izan ere, haien eskuetatik ateratzen zenean bizitasun askoz handiagoa hartzen zuen, Olaizolaren eta Urrutikoetxearen eskuetatik egiten zutenean baino. 9-1eko partzial batekin, 18-6 ziren aurretik Artola eta Imaz.

Buelta handia behar zuten Olaizolak eta Imazek partidaren norabidea aldatzeko, baina zuloak topatu ezinik jarraitu zuten, eta tanto bat egiteko lan eskerga egin behar izan zuten. Hiru garaipenekin geratuko dira hala.

Emozio gehiago izan zuen Lasok eta Albisuk Bengoetxearen eta Mariezkurrenaren aurka jokatutakoak. Huts asko egin zituzten bi bikoteek, eta horren ondorioz gorabehera asko izan ziren markagailuan. Bengoetxea eta Mariezkurrena 2-0 jarri ziren aurretik, baina gero bost tanto egin zituzten segidan Lasok eta Albisuk. Hortik aurrera berdindu egin zen lehia.

Ez bikote batek, ez besteak, ez zuten partidaren aginte makila izatea lortu. Mariezkurrena min hartuta zegoen, eta ezin izan zion nahi beste lagundu Bengoetxeari. Leitzarrak eraman zuen bikotearen zama. Baina azken tantoetan, Lasok gehiago asmatu zuen aurreko koadroetan, eta horrek erabaki zuen lehia. Hura izan zen partidako pilotaririk onena.

Gaur amaituko da hamargarren jardunaldia. Eibarren, sailkapenaren puntan dauden bi bikoteak ariko dira nor baino nor gehiago: Jaka eta Zabaleta Altuna III.aren eta Ladis Galarzaren kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.