Inaki Galdos
ARKUPEAN

Dilema

2020ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Pasa den astean Madrilen eztabaidatu eta bozkatu zen zentsura mozioak hainbat aje utzi ditu gure artean. Tamalez, gure artean entzuten ari garen oro —edo gehientsuena— Granadan, Toledon, Zaragozan edota Leonen entzun daitekeenaren bertsua da, berriz ere marko eta kontakizun orokorrak (errelato idatzi behar ote nuen?) irentsi gaituen seinale. Casadoren diskurtso (ustez) historikoa gora, Abascalen (ustezko) bumerana behera, Sanchezen (ustezko) sendotzea erdira, nekez egin diogu ihes oraingoan ere dinamika horri. Arkupe honetan zerbait esan beharra sentitu dugu horregatik, barruak hustu, arindu eta lasaitzeko besterik ez bada ere.

Hasteko, ezin ezkutatu Vox alderdiarekiko euskal alderdi abertzaleek izan zuten jarreran izan nuela lehen ezustea. Astebete lehenago EAJk eta EH Bilduk Gasteizko legebiltzarrean iragarri ziguten ez zutela ultraeskuindarrek aurkeztutako ekimen parlamentarioetan parte hartuko, eta txalo zaparradak jaso zituzten horregatik euskal jendartearen gehiengoaren partetik. Aitortzen dut zalantzak ditudala estrategia horri buruz, baina egun gutxiren bueltan Madrilen gertatu zenak harriduraz bete ninduen. Aitor Estebanek hitza hartu bai, hartu zuen, baina bota zuena eta erabilitako denbora urria nahiko koherentea da hemen bere alderdiak egindakoarekiko, ikusiko da beti horrela izango den. Baina Mertxe Aizpurua eta Oscar Matuterenak ez datoz bat, inolaz ere, Julen Arzuagaren Gasteizko azalpenekin, are gutxiago mozioa baino bi egun lehenago EH Bilduk, ERC eta Compromisekin batera, bilkuran inork ez hitz egiteko egin zuen proposamenarekin. Arrazoi pobrea da PSOE eta Podemosek proposamen horri ezetza eman ziotela esatea, egin zutena egin zutela zuritzeko.

Ez nuke patxikontra izan nahi, baina hainbat alorretan historikotzat hartu den Voxen kontrako manifestuarenak ere ez ninduen asebete. Ez dakit zergatik eskaini behar zaion horrelako ohorea ustez behintzat arbuiatu, gutxietsi eta baztertu nahi den alderdi bati. Ez da hori muzin egitetzat hartzen dudana. Ulertu ulertzen da proposamena mahai gainean egonda sinatu beharra, baina gustura entzungo nieke Esteban eta Aizpuruari ez zela euren ekimena izan eta saiatu zirela gainerakoei buruan sartzen ez zela hura ideia ona. Ez dakit horrela izan zen.

Baina ororen gainetik, politikan ere (zertan ez?) gero eta espainolagoak garelako sentipena areagotu zidaten bai osteguneko zentsura mozioak, bai horren inguruan ikusi eta entzundakoak. Gero eta usuago irudikatzen dituzte jelkide eta bildukideak Madrileko gehiengoaren blokean; ez babesen artean, blokean baizik. Eta eskuin muturraren ustezko mehatxua sekulako pagotxa izaten ari da Pedro Sanchezentzat Euskadiko, Kataluniako eta Galiziako abertzaleak kate motzean lotuta edukitzeko, txintxoak izateko. Begiratu non geratu den bestela Gabriel Rufianen adierazpen hura, Madrilera 18 hilabeterako soilik joango zela argitzen zuena. Eta ez da hau kritika bat, konstatazio hutsa baizik. Gorago aipatutako hanka-sartzeak hanka-sartze, benetan diot nekez egin diezaiekedala euskal alderdi eta koalizio hauen estrategiei sakoneko kritikarik, are gutxiago alternatiba egokiagorik aurkitu. Baina aldi berean nekez (eta inpotentziaz) ezkutatu dezaket egonezina. Paradoxa maltzurra: oro har gauzak egoki egiten ari direla pentsatu, baina luzera honek nora eraman gaitzakeen pentsatu nahi ez.

Dagoeneko gure artean ez dagoen abertzale zahar batek beti esaten zidan gu Espainian gauden bitartean berak nahiago zuela monarkia. Errepublika batean, ezinbestean —eta gero eta gehiago— murgildu beharko litzatekeela abertzalegoa Madrileko politikan: «Imajinatzen al dituzu PNV, HB edo EA Espainiako hauteskunde presidentzialetan alderdi unionista bateko kide batentzat kanpaina egiten eta botoa eskatzen? Ba hori gertatuko litzateke». Dilema ederra, Buridanen astoarena bezala. Aitor dezadan asko gogoratzen ari naizela aspaldion adiskide zahar harekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.