Lehen helburua bete du

Unai Lasok nagusitasunez irabazi dio Jon Ander Peñari (22-12), eta Lau eta Erdiko Txapelketako final-laurdenetako ligaxkarako sailkatu da

Unai Laso, garaipena ospatzen, eta Jon Ander Peña, etsita, atzo, Donostiako Atano III.a pilotalekuan. GORKA RUBIO / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko urriaren 3a
00:00
Entzun
Punta-puntako pilotaria da Unai Laso. Bazen duela urtebete, Baikotik kanpo geratu aurretik, baina are gehiago da orain. Berezko kalitateari, oldarkortasunari eta indarrari denbora luzez profesionaletatik kanpo egoteak eragindako gosea, sufritzeko ahalmena eta norberarenganako muturreko konfiantza gehitu dizkio. Dohain horiek dituen pilotariak derrigor eman behar du zeresana. Eta halaxe ari da Laso itzuli denetik: zeresana ematen.

Uda bikaina osatu du. Jokin Altunaren aurka jokatu dituen banakako hiru partidetan jo du goia: bi lau eta erdian, eta bat buruz buru. Hirurak galdu izanagatik ere, ikusgarri aritu da, inoiz joan izan ez balitz bezala. Horregatik egin dio tokia Baikok lau eta erdikoan, badakielako bide luzea egin dezakeela: duela bi urte, adibidez, finalerdiak jokatu zituen —orduan ere Altuna III.ak irabazi zion—.

Bada, aurten jada egin du lehen urratsa. Nagusitasunez egin du: 22-12 irabazi zion atzo Jon Ander Peñari Donostian, final-zortzirenetan, eta final-laurdenetako ligaxkan ariko da Erik Jakarekin, Joseba Ezkurdiarekin eta Mikel Urrutikoetxearen eta Victor Estebanen arteko partidako irabazlearekin batera. Bi horiek gaur ariko dira, Lekeition (Bizkaia).

Lasok Ezkurdia izango du aurkari lehen neurketan. Konfiantzaz ekingo dio. «Oso pozik nago. Lehen helburua bete dut. Orain, gozatu egin nahi dut», esan zuen atzo, neurketa amaitu berritan.

Ofizioz eta sufritzen jakinez

Distiraz baino gehiago, ofizioz eta sufritzen jakinez irabazi zion Lasok Peña II.ari. Baita tentsioari eutsiz ere. Hasi eta buka nagusitu zen aurrelari nafarra. Beti joan zen aurretik, lasai antzean egoteko aldeaz: 5-0, 9-2, 13-5, 19-10... Tanto politak egin zituen —hamalau, horietatik sei horma-bikoak—, baina dezente izan ziren aurkariak oparitutakoak ere: zortzi huts egin zituen Peña II.ak. Tolosarra deseroso egon zen une oro, lotuta, tentsioa askatu ezinik, eta jokaldi apur batzuetan bakarrik egin ahal izan zuen bere jokoa.

Lasoren multzoa gaur geratuko da zehaztuta; bestea, berriz, bihar. Danel Elezkanok eta Peio Etxeberriak Tolosan (Gipuzkoa) jokatuko dute. Irabazleak Altuna III.a, Oinatz Bengoetxea eta Aitor Elordi izango ditu multzokide. Elordi herenegun sailkatu zen, etxean, Iñaki Artolari 22-16 irabazita. Altuna III.a izango du aurkari lehenik.

Lau eta erdikotik kanpo, Aimar Olaizolak atzo jokatu zuen azkenekoz Atano III.an, eta omenaldia egin zioten. Gero, hark eta Jose Javier Zabaletak 22-17 irabazi zieten Altuna III.ari eta Ander Imazi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.