Qatarko Munduko Kopa
Argentina sufrituta sailkatu da; Herbehereak, erraz

Egin beharrekoak eginda, final-laurdenetan dira Argentina eta Herbehereak. Australiari eta AEBei irabaztea zegokien, eta ez zuten hutsik egin. Helburua aise bete zuen Louis van Gaalen taldeak, hortzak estutu behar izan gabe. 3-1 gailendu zitzaizkion amerikarrei. Zuri-urdinek, ordea, arnasestuka bukatu zuten Australiaren kontrako neurketa. Gol bakarreko aldearekin nagusitu ziren, 2-1, eta Australia luzapena behartzeko zorian izan zen. Datorren ostiralean, aurrez aurre izango dira atzo sailkatu ziren bi taldeak.
Larritasunak larritasun, Argentinak merezita lortu zuen txartela. Aurkaria baino dezentez hobea izan zen. Halere, Australiaren nahia bete zen neurketaren lehen ordu erdian. Argentinarrak izan ziren baloiaren jabe, baina zailtasun handiak izan zituzten lerro artean jokoa sortzeko. Modu antolatu eta koordinatuan defendatu zen Australia. Hori gutxi ez, eta baloi jabetza luze batzuk ere izan zituen, Argentinak goian estutu ez zuenean. Pazientzia ariketa egin behar izan zuten Lionel Scaloniren mutilek.
Guztiz trabatuta zegoen neurketa, harik eta Messi libragailua atera zuen arte, 36. minutuan. Area barruan Otamendiren kontrol txar bat jaso, eta leuntasunez bukatu zuen jokaldia. Jaurtiketa bainoago, pasea egin zuen sareetara. Betiko Messi; profesional gisa jokatu zuen 1.000. partidan.
Australiak aurrerapausoa eman zuen atsedenetik bueltan. Zer erremedio. Ez zuten jokaldi arriskutsurik sortu, baina, pare bat aldiz, estu hartu zuten Emiliano Martinez atezaina. Doi-doi bada ere, urrundu zuen baloia. Ryan, aitzitik, ez zen horretarako gai izan 57. minutuan: Julian Alvarezek baloia ostu zion atezain australiarrari, eta oparia probestu. 2-0.
Lehia, ordea, ez zegoen erabakita. 77. minutuan, Enzo Fernandezek bere atean sartu zuen jaurtiketa desbideratu bat. Kirioak dantzan harmailetan, baita zelaian ere. Sufritu egin zuen Argentinak. Beich banakoa egitear izan zen, bakarka. Gero, lasaitzeko gola gertu izan zuen Lautarok. Eta bukaeran, salbatzaile agertu behar izan zuen Emilianok, Kuolen jaurtiketa gelditzeko.
Dumfriesen erakustaldia
Asmo onak, baina letagin kamutsak izan zituzten AEBek. Protagonista izaten saiatu ziren, baina ezin izan zuten ezer egin aurkari sendoago eta eraginkorrago baten aurrean. Johan Cruyffen estiloaren maitaleek aurpegia zimurtuko dute Louis van Gaalen taldea ikusita. Baina kontua da Herbehereak lehiakor dabiltzala berriro. Erraz sartu ziren final-laurdenetan, hiru gol sartuta. Hiruretan jokalari bera agertu zen, eta ez zen Gapko izan, Dumfries hegalekoa baizik: lehen bi golak eskaini, eta hirugarrena berak sareratu zuen.
Hasi orduko, laranjondoa indarrez astindu zuten AEBek: Pulisic bakarrik gelditu zen Nopperten aurrean, baina atezainak zangoarekin gelditu zion jaurtiketa. Saskia prest zuten amerikarrek, baina laranjak gainera erori zitzaizkien, erauntsian. Jokaldi azkarra egin zuten Herbehereek, ezker-eskuin, eta Dumfriesen erdiraketa maisuki sareratu zuen Depayk. 10. minuturako, aurretik zen Louis van Gaalen taldea.
Bultza egiten jarraitu zuten AEBek. Bere zelaian sartu zuten aurkaria. Alabaina, Herbehereek kosk egin zuten kontraerasoan. De Jongek Depay aurkitu ahala, dar-dar egin zuen amerikarren atzeko lerro ahulak. Erraztasun handiegiak eman zituzten defentsan. Hala, atsedena ate joka zela, Herbehereen bigarrena egin zuen Blindek, Dumfriesen beste goleko pase bat baliatuz. Tentsio falta handia izan zuen Gregg Berhalterrek zuzenduriko taldeak.
Ez zuen amore eman, bederen. Europarrek, berriz, erritmoa geldotzea izan zuten xede bigarren zatian. Depayk gertu izan zuen hirugarrena, eta, gero, akatsak egin zituen atzean. Horietako baten ondotik iritsi zen Wrighten gol harrigarria, 76. minutuan. Gutxi iraun zuen zirrarak, Dumfriesek 3-1ekoa egin baitzuen bost minutu geroago. Arean bakarrik azaldu, eta aurrelari baten trebeziaz zulatu zuen Turnerren atea. Hala bukatu zen amets amerikarra.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.