Orro egiteko eguna da

Athletic derbiko zapore txarra kentzen saiatuko da gaur Bartzelonaren kontra. Zuri-gorriek puntu premia dute zulotik aldentzeko

De Marcos eta Busquets, lehian, Camp Nouko partidan. ANDREU DALMAU / EFE.
haritz gallastegi
Bilbo
2019ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Athleticek Bartzelonaren eta Huescaren kontra jokatuko ditu ligako hurrengo partida biak, hau da, ligako lehen sailkatuaren eta azkenaren kontra ariko da. Lehia batek zerikusi gutxi izango du bestearekin. Hasteko, Athleticek etxean jokatuko du gaur liderraren aurka. Gainera, aspaldiko partez, bazkideek ez dute ordainketa berezirik egin behar izango. Ondorioz, beste urte batzuetan Bartzelonaren zaleak ikusi izan diren eserlekuetan Athleticekoak izango dira. Huescaren kontra, berriz, zaleen babesetik urrun jokatuko du, eta astelehenez. Beraz, giroa oso ezberdina izango da.

Athleticen ingurutik kanpo eta, akaso, talde zuri-gorriaren inguruan ere, ez dago alderatzerik neurketa batek eta besteak izango duten oihartzuna. Mundu osoan ezaguna den talde baten kontra jokatzeak interes gunearen erdian jarriko du Gaizka Garitanoren taldea. Besteak beste, mundu mailan izarrak diren futbolariek bisitatuko dutelako San Mames, eta, Alcorazen, gorengo mailan lekua egin gura duten futbolari askok jokatuko dutelako. Hortaz, litekeena da gaur talde zuri-gorriak baloiaren atzetik denbora asko egin behar izatea. Huescaren kontra, ordea, baloia izateko erraztasun handiagoa izango du. Baina Athleticen ikuspuntutik antzekotasunak ere badituzte bi lehiek: batean zein bestean hiru puntu egongo dira jokoan. Eta, zuri-gorrientzat, bi partidak dira oso garrantzitsuak. Jaisteko postuak gertu ditu. Beraz, puntu asko irabazi beharko ditu arrisku eremutik behin betiko aldentzeko.

Huescaren kontrako lehia prestatzeko denbora egongo da bihartik aurrera. Gaurko neurketa gertatzeko nahikoa buruko min izango zuen Garitanok. Izan ere, ez baita erraza izan behar baliabide ugari dituen talde baten aurkako neurketa prestatzea. Lionel Messi zaintzea da entrenatzaileen ardura nagusia. Argentinarra bere kabuz partida irabazteko gai da. Gol sen aparta dauka, eta, asmatzen ez duen apurretan, taldekideak nabarmentzeko bidea ematen du. Kili-kolo dabil, arazo fisikoekin. Dena dela, Bartzelona Messi baino gehiago da. Horregatik, Athleticeko jokalariek arlo pertsonalean zein talde gisa duten onena eman beharko dute saria lortzeko. Atzean ahalik eta zulo gutxien lagatzen ahaleginduko da talde zuri-gorria. Anoetako derbira arte, defentsan egindako lan bikainari esker lortu du lehiakor izatea. Kontzentrazioa eta taldekideen arteko elkartasuna ezinbestekoak izango dira pitzadurarik ez izateko. Bestalde, erasoan eraginkortasuna izan behar du. Athletici kosta egiten zaio golak sartzea. Hamaikakoan, De Marcosek jokatuko du Caparen ordez, azken horrek partida bateko zigorra bete behar baitu. Kenan Kodro deialdian da lehen aldiz, eta estreinakoa egin dezake.

ATHLETIC-BARTZELONA

Athletic. Herrerin; De Marcos, Yeray Alvarez, Iñigo Martinez, Yuri; Dani Garcia, Beñat; Ibai, Muniain, Cordoba; eta Williams.

Bartzelona. Ter Stegen; Semedo, Pique, Vermaelen, Sergi Roberto; Busquets, Rakitic, Arturo Vidal; Messi, Luis Suarez eta Dembele.

Epailea. Del Cerro Grande.

Lekua. San Mames (53.000 ikusle).

Ordua. 20:45ean (Mov. Partidazo).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.