Iritsi, jokatu eta irabazi

Realak 0-1 irabazi dio Espanyoli, eta gaurko emaitzen zain, lider da. Marta Cardonak sartu du partidako gol bakarra, 65. minutuan

Marta Cardona, atzo. Berak sartu zuen partidako gol bakarra. ESPANYOL.
Julen Etxeberria.
2019ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Ederrak izan dira azken bi egunak Realeko kideentzat. Herenegun, omenaldi handia jaso zuten Donostiako Belodromoan. Sua-Irabazi arte Espainiako Kopako tituluaren ibileraren inguruko dokumentala estreinatu zen Zinemaldian, eta bertan izan ziren maiatzaren 27 gogoangarri horretako protagonista guztiak. Guztiek belodromoan bildutako ehunka lagunen aitortza jaso zuten.

Emozioak borborka zituztela oheratu ziren Realeko kideak. Ordu gutxi zituzten lo egiteko, goizean goiz Bartzelonara abiatu behar baitzuten, hegazkinez, eguerdiko ordu batean Espanyolen aurka jokatzeko. Halakoetan kosta egiten da burua hotz izatea, eta arriskua dago bete-betean ez zelairatu eta muturrekoa jasotzea.

Baina ez. Talde heldua da Reala, eskarmentuduna. Eta atzo erakutsi zuen. Norgehiagoka serioa jokatu zuen, eta lan on horren saria jaso zuen: garaipena, 0-1. Marta Cardonak sartu zuen norgehiagokako gol bakarra, 65. minutuan. Espanyolek estu hartu zuen Reala azken minutuetan, baina ez zuen helburua lortu, hein handi batean Adriana Nanclares atezainaren lanari esker.

Lau partida jokatuta, txuri-urdinek ez dute galdu: bi partida irabazi dituzte —jokatu dituzten azkeneko biak— eta bi berdindu. Zortzi puntu dituzte, eta gaurko emaitzen zain, lider dira. Bi asteko etena dago orain, eta Athleticen aurkako derbia da hurrengo lehia.

Athletic, Deportivoren aurka

Hain zuzen, talde zuri-gorriak gaur jokatuko du, Lezaman, Deportivoren aurka. Zuri-gorriak ez dira ondo hasi, hiru puntu bakarrik baitituzte: lehia bat irabazi dute, eta bi galdu. Gaur, aukera dute gorako bidea hasteko, baina aurkari zaila dute, igo berria izanagatik Galiziako taldea bikain ari baita: zazpi puntu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.