Zazpigarrenez buruan

Urrizak jantzi du banakako txapela, final ederrean Endikari 30-27 irabazita

Javier Urriza, buruz buruko txapelarekin, atzo, Galarretan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Hark aitortu du. Jokatzen jarraitu edo utzi zalantza izan zuen Javier Urrizak COVID-19aren pandemiak eragindako etenaldi luzean. Adinak eragiten zion duda gehien: 38 urte izanik —39 beteko ditu azaroan—, ez zuen argi ikusten ea gai izango zen bere onena emateko horrenbeste denbora jokatu gabe egon ondoren. Indartsu ikusten zituen erremontista gazteak, eta ez zegoen seguru haiekin nor baino nor gehiago aritu ahal izango zuen. Baina asko pentsatu ostean, baiezkoa eman zion Oriamendi 2010 enpresak egindako eskaintzari, eta beste urtebeterako sinatu zuen. Maiatz amaiera zen. Hilabete bat pasatuta, berriz ere ari zen jokatzen.

Hiru hilabete eskas joan dira ordutik, eta agerian geratu da Urriza goitik behera okertuko zela jokatzeari utzi izan balio. Gailurrean dago oraindik. Bi txapelketa jokatu dituzte lehiari berriz ere ekin zitzaionetik, eta bietan nagusitu da aurrelari iruindarra: uztailean, Galarretaren 50. urteurrenaren txapela jantzi zuen Aritz Zubirirekin; atzo, berriz, txapelik handiena jarri zuen buruan, Kutxabank Banakako Txapelketarena. 30-27 irabazi zion Endika Urrutiari finalean, Galarreta frontoian. Zazpigarren txapela du buruz burukoan, zazpigarrena azken bederatzi urteetan. Oso urruti du oraindik Koteto Ezkurraren marka —11 txapel ditu irabaziak banakakoan—, baina itzela da egiten ari dena. Haren izena letra larriz azalduko da erremontearen liburuetan.

Faboritoa zen, faboritoa, final-laurdenetako ligaxkan oso erraz irabazi baitzion Endikari: 30-19; eta faboritoa zen ere final batean garrantzi handia baitu eskarmentuak. Bederatzigarren finala zuen Urrizak, bederatzigarrena segidan. Endikak, ordea, lehena zuen. Baina tentsioak inori eragin bazion, Urrizari eragin zion. «Izugarri sufritu dut. Deseroso aritu naiz, tentsioa gainetik kendu ezinda. Baina borrokatzen jarraitu dut, eta horri esker irabazi dut. Oso pozik nago», aitortu zuen partida amaieran.

Endikaren partida handia

Eta Endikak ezin hobeto aprobetxatu zituen aurkariaren nerbioak eta zalantzak, eta gertu izan zuen ezustekoa ematea. Partida handia egin zuen txapeldunordeak: bikain hasi zen (0-5 eta 6-11), eta gai izan zen Urrizaren susperraldiari eusteko, baita 27-22koarekin norgehiagoka amaituta zegoela zirudienean indarrak atera, 27na berdindu eta Urrizari beldurra barruraino sartzeko ere. Baina azkeneko ahalegin horrek hustuta utzi zuen, eta Urrizak ez zuen barkatu. Hala ere, «oso gustura» zegoen Endika finala amaitu zenean. «Oso pozik nago neure buruarekin. Inoiz baino lan gehiago eman diot Urrizari. Ikusi dut txapela irabazteko gai naizela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.