Jakak zuntz haustura du, eta Retegi ariko da haren ordez ligaxkan

Ondo bidean, bi aste beharko ditu osatzeko, baina etzi du lehen partida, Elezkanoren aurka

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko urriak 11
Erik Jakak zuntz haustura txikia du eskuineko sorbaldan, eta ezingo du jokatu lau eta erdikoaren final-laurdenetako ligaxkan. Ondorioz, Julen Retegik ordezkatuko du, Retegi izan baitzen tanto gehien lortu zuena final-zortzirenetako galtzaileen artean —22-17, Victorren aurka—. Etzi jokatuko du lehen partida, Elezkanoren aurka, Arnedon (Espainia).

Jakak aurten oso zorte txarra izan du giharretako lesioekin. Udan hiru hilabete egin zituen geldirik saihetsaldeko zuntz haustura baten erruz, eta herenegun beste zuntz huastura bat izan zuen sorbaldan, entrenatzen ari zela. Ez da aurrekoaren toki berean, eta askoz arinagoa da, lehen gradukoa baino ez, baina ez du sendatzeko astirik. Ondo bidean, bi aste beharko ditu osatzeko, baina partida etzi da, eta arautegia argia da horretan: pilotari batek ezin badu hasi, beste batek ordekatuko du. Jakak fisioterapia tratamendua hasiko du osatzeko.

Altuna eta Elezkano

Jakak ez du jokatuko ligaxkan, eta ikusteko dago harena izango den arazo fisikoek eragingo duten hutsune bakarra. Retegik Elezkano izango du aurkari, bai behintzat haren minaren eboluzioa orain artekoa bezalakoa baldin bada. Elezkanok kolpea hartu zuen igandean, eta atzo, oraindik, mina nabari zuen arnasa hartzean. Masaje emaileak hobera egingo duela esan dio, eta baikorra da.

Jokin Altunaren kasua, berriz, ez dago hain argi. Hark ere zuntz hustura izan zuen eskuineko besoan, eta epez oso justu ibiliko da. Igandean bi aste beteko dira min hartu zuela, hasiera batean jarri zioten epea, eta astelehenean du Olaizola II.aren aurkako partida. Gaur du pilota aukeraketa, Tolosan, eta gaur eta bihar artean argituko du jokatuko duen ala ez. Aste hasieran, Altuna baikorra zen, baina proba serio bat egin nahi zuen partidaren aurretik. Ez balu jokatuko Asier Agirrek ordezkatuko luke ligaxkan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Imanol Magro Eizmendi

Informazio osagarria