Real Madrilen sasoiaz ez da fio Athletic

Europan sartzen lagundu diezaieketen puntuak pilatzen saiatuko dira zuri-gorriak. Garitanok eskuin hegalean ditu arazoak

Real Madrilen sasoiaz ez da fio Athletic.
haritz gallastegi
Bilbo
2019ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
«Aurten ez bada, inoiz ez». Aste honetan sarri entzun da esaldi hori Athleticen inguruan. Talde zuri-gorriak Santiago Bernabeu bisitatuko du gaur. Real Madril bere etxean ezustean harrapatzea nekeza da. Oso gutxitan gertatzen da. Kontua da talde zuria aspaldiko mailarik eskasena eskaintzen ari dela denboraldion. Zinedine Zidanen itzulerak ere ez du taldearen gosea handitu. Aspalditik dago tituluren bat irabazteko aukera barik: ez Espainiako Liga, ez Kopa, ezta Txapeldunen Liga ere, azken urteetan Madrilgo taldea salbatu duen lehiaketa. Ondorioz, badirudi taldean eta inguruan sasoia amaitzeko irrikaz daudela. Horregatik guztiagatik, Athleticek Bernabeun emaitza ona lortzeko aspaldi izan duen aukerarik onena duela dirudi.

Horrek, baina, ez du esan nahi lortuko duenik. Izan ere, Real Madril eskasena mendean hartzea ere oso gaitza da. Eta bere jarraitzaileen aurrean ari bada, are zailagoa. Athleticek duela hamalau denboraldi irabazi zuen Bernabeun azkenengoz. Asier Del Horno eta Andoni Iraola izan ziren golegileak. Ordutik hamahiru aldiz bisitatu du etxe zuria. Bada, azken garaipena eskuratu eta ondorengo hamabi denboraldietan galdu egin zuen —behin baino gehiagotan astinduak hartuta—. Iragan sasoian, halere, puntu bat lortuzuen Iñaki Williamsek sartuko golari esker. Altxorra.

Athleticek azterketa gogorra dauka. Ezin zaio eskatu punturen bat irabazteko. Ondo lehiatzea da helburua. Gaizka Garitanok taldearen ardura hartu zuenetik gertatzen ari den moduan, hain zuzen ere. Irabazi, berdindu edo galdu, Athletic talde itxura ematen ari da partida gehienetan. Ez da denboraldiaren lehen zatiko talde hauskor hura. Atea ondo ari da zaintzen, eta hori lortzen duen taldeak beti izaten du aukera garaipenak eskuratzeko. Bada, aurreko partidetan erakutsi dituen dohain nagusiak erakutsi beharko ditu Bernabeun. Ez baita erraza Real Madril golik sartu barik lagatzea. Cristiano Ronaldorekin zuen gol sena falta arren, oraindik ere baliabide asko ditu aurkariaren atea zulatzeko.

Lekue, hasieratik

Athleticek ideiak garbi ditu. Garitanok azkar konbentzitu ditu jokalariak. Defentsan sendo agertzea da lehentasuna. Erasoan Iñaki Williamsen bueltan ari da taldea. Panteraren dohainak ahalik eta gehien baliatzeko antolatutako taldea da. Ondorioz, azkar eta zuzen jokatzeko eskatzen die entrenatzaileak bere jokalariei. Oraingoz, asmatzen ari da. Eta, horretaz gain, geldikako jokaldiei ere garrantzi handia ematen die. Egungo futbolean puntu ugari lortzen dira area ertzeko faltei eta kornerrei esker. Astean zehar asko entrenatu arren, zuri-gorriek ez diote etekin handirik atera aukera horri.

Bestalde, Garitanok garrantzi handia ematen dio arlo fisikoari. Jokalari indartsuak eta oldarkorrak ditu gustuko. Alde horretatik, Capak eta De Marcosek eskuin hegalean osatu duten bikoteak oso ondo funtzionatu du. Gaur, ez bata eta ez bestea ez dira egongo hasierako hamaikakoan. Ondorioz, Iñigo Lekuek denboraldian lehen aldiz hasieratik jokatzeko aukera izango du. Hegalekoa entrenatzailearen gustukoa da, baina min hartuta egon da luzaroan, eta oraindik kosta egingo zaio teknikariak eskatzen diona ematea. Bestalde, Dani Garciaren lesioak ere eragin handia izango du Athleticen jokoan. Taldeko zutabeetako bat da. Garitanok eta berak oso ondo ulertzen dute elkar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.