Huesca 0-0 Osasuna

Saltoka ezin denean, pausoka

Osasunak distira gutxiko partida bat jokatu du azken sailkatuaren zelaian, eta konforme gelditu da berdinketarekin. Esku hutsik gelditzeko zorian izan da azkeneko jokaldian

Kike Barja, Denis Vavroren sarrerak harrapatu ez zezan jauzi egiten, atzo, Huescako Alcoraz zelaian. JAVIER BLASCO/ EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Huesca. Andres; Maffeo, Vavro (Insua, 58. min.), Pulido, Siovas, Galan; Ferreiro, Seoane, Rico (Sergio Gomez, 82. min.); Sandro (Escriche, 58. min.) eta Rafa Mir.
Osasuna. Juan Perez; Vidal, Aridane, David, Juan Cruz (Manu Sanchez, 89. min.); Torro, Brasanac (Torres, 89. min.), Moncayola, Barja (Javi Martinez, 89. min.), Jony (Ruben Garcia, 65. min.); eta Calleri (Budimir, 78. min.). Epailea. Del Cerro Grande. Txartel horiak Huescako Siovasi; eta Osasunako Moncayolari eta Vidali.

Luzea eta gogorra da mailari eusteko egin beharreko bidea. Ondo barneratua du hori Osasunak. Badaki saltoka iristen dela azkarren helmugara, baina, ezin denean jauzi egin, behintzat pausoak eman behar dira. Halaxe egin zuen atzo, Huesca azken sailkatuaren zelaian berdinduta. Garaipena aurrerapen handia izango zatekeen gorritxoentzat, baina urri dabiltza sormen aldetik, eta kamuts baloiak sareratzerakoan. Eta golik ezean, puntu bat da lor daitekeen saririk handiena.

Berritasunekin agertu zen Osasuna Alcorazen. Hamaikakoan, Ruben Garciaren hutsunea izan zen nagusia. Erdilaria titular izan zen atzo arteko 27 partidetatik 26tan, baina atzo atseden eman zion Jagoba Arrasatek, haren tokian Jony ipinita. Aulkian, berriz, Chimy Avilak bereganatu zituen begirada guztiak; deialdi batera itzuli zen 421 egunen ondoren, belauneko lesioak gainditurik.

Denboraldiaren amaiera geroz eta hurbilago dago, eta aurkari zuzenen arteko lehiak tentuz jokatu beharrekoak dira. Taldeak ez dira ero-eroan irteten zelaira; lehen minutuak neurketari eta kontrarioari neurria hartzeko baliatzen dituzte. Kasurako, halaxe egin zuten atzo Huescak eta Osasunak. Ez zen hasierako oldarraldirik izan. Hori bai, gorritxoenak izan ziren lehen hurbilketa arriskutsuak. Lehenik, sasi-erdiraketa pozoitu bat egin zuen Jonyk; eta, gero, tokitatik indarrez jaurti Torrok, Jonyk berak ezkerretik abiatutako jokaldia amaituz.

Lehia beste fase batean sartu zen lehen ordu laurdenaren ondotik. Nagusitzen hasi ziren etxekoak, Seoanek zelai erdiko lema hartu ahala. Bere egin zuten baloia, eta ez zen jabetza hutsala izan: 22. minutuan Vavrok langara bidali zuen baloia, eskuinkada ikusgarri baten bidez; eta, bost minutu geroago, Mirren burukada gurutzatua oso gutxirengatik ez zen sartu Juan Perezek defendatu zuen atean.

Ezkerretik nagusitasun egoerak sortu zituen Huescak, Galan, Rico eta Sandroren bidez, eta Osasunak buru-belarri jardun behar izan zuen zuloak ixten eta erdiraketak urruntzen. Eta, erasoan, ez zen konexiorik izan erdilarien eta aurrelarien artean. Callerik erdiko hiru atzelarirekin egin behar izan zuen talka; ez zen zeregin samurra. Alta, 39. minutuan tokia egin zuen area ertzean, eta, bizkarrez, Moncayolari eman zion baloia. Erdilariak kanpora jaurti zuen, ordea. Nafarrek neurketa parekatzea lortu zuten atsedenaren aurretik.

Kolpe trukea

Orekak bere hartan jarraitu zuen etenaren ondoren. Galanek erdiraketa gaiztoa egin zuen bigarren zatia hasi eta berehala, baina ez zuen inork errematatu. Jonyk bai, harrapatu zuen Barjak ezkerretik eginiko erdiraketa, 51. minutuan. Ez zuen garbi errematatu, baina. Partida lakartu egin zengero, azken hogei minutuetan ireki aurretik. Osasunak Barjaren bidez izan zuen markagailuan aurrea hartzeko aukera, erdiraketa bat area barruan ehizatuta; alabaina, erdi-erdira errematatu zuen buruz. Huescak, berriz, bi abagune garbi izan zituen, Escricheren eskutik. Lehenik, burukada ia atepetik atera zion Aridanek. Eta, azken jokaldian, gehiegi gurutzatu zuen jaurtiketa. Hala, zapore gozoagoa hartu zuen berdinketak Osasunarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.