Vila-real 1-1 Athletic

Puntu bat, joko ona, eta jo gutxi

Athleticek gol aukera asko eta garbiak sortu ditu Vila-real mendean hartu ahal izateko. Hala ere, partida galtzeko arriskuan egon da

Mario Gaspar eta Raul Garcia, nor baino nor gehiago, atzoko partidan. DOMENECH CASTELLO / EFE.
haritz gallastegi
2022ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Raul Garciak (44. min.). 1-1: Alfonso Pedraz (60 min.).

Athleticek puntu bat irabazi zuen atzo Vila-realen zelaian: 1-1. Puntu horri eskerrak zazpigarren postua eskuratzeko lehian jarraitzen du. Vila-Realek baino puntu bat gutxiago dauka, baina, sasoi amaieran berdinduta amaituz gero, bi taldeen arteko partidetako emaitzek Athletic jarriko lukete aurretik. Hori da Madrigalen jokatu zen norgehiagokak utzitako ondorio nagusia. Betisek Espainiako Kopako finala irabazten badu, datorren sasoian Europan lehiatzeko aukera izan dezakeela, alegia.

Irabazitako puntuak ekarri dituen ondorioak alde batera utzita, Athleticen joko maila ona dela berretsi zuen partidak. Zuri-gorriak hazi egin dira. Sasoi guztian zehar izan dira lehiakorrak, baina txapelketaren bigarren zatian aurrerapausoa eman dute erasoko jokoan. Talde zuzen eta azkarra da. Hiruzpalau pase nahikoa ditu aurkariaren arean arriskua sortzeko. Askotan eta argitasunez iristeko gai dela erakutsi zuen Madrigalen. Baina, lehiaketako talderik onenei aurre egiteko azken urratsa falta zaio. Ate aurrean eraginkorragoa izatea. Eta, arlo horretan, gabezia handiak ditu. Sarri barkatu egiten du, eta ondoren ordaindu. Aurkariek ere jokatzen baitute. Atzo ikusi zen.

Bana amaitu zen partida. Baina gol gehiago egoteko eman zuen neurketak. Athleticek abagune gehiago eta garbiagoak sortu zituen, baina Unai Emeryren taldeak ere izan zituen bereak, eta, bat asmatu izan balu, irabazi egingo zuen. Ez zen horrela izan.

Athleticek hiru aldaketa egin zituen hamaikakoan: Yeray, Balentziaga eta Raul Garcia izan ziren berritasunak. Azken biak protagonista izan ziren, gainera. Balentziaga Chukwueze zaintzeko zelairatu zuen entrenatzaileak, eta bikain bete zuen bere lana. Raul Garciak, berriz, zuri-gorrien gol bakarra sartu zuen. Horretarako dago, besteak beste. Vila-realen Emeryk atseden eman zienTxapeldunen Ligako partida jokatu zuten futbolari guztiei. Hala ere, lehen ordu erdian nagusi izan zen. Baloiaren jabetzari esker,atzean sartu zen Athletic. Baina ez zen kapaz izan aukera garbirik sortzeko. Neurketa hasierako estutasunak pasatuta, lehen zatiaren azken txanpan, jokoaren ekimena eta aukerak Athleticenak izan ziren. Lau zein baino zen garbiagoak izan zituen gola sartzeko, baina bakarra asmatzearekin konformatu behar izan zuen. Lehen abagunea De Marcosek izan zuen, buruz, taldeak eskuin hegaletik jositako jokaldi eder baten ostean. Indar gabeko errematea erraz gelditu du Asenjok; bigarrena IƱaki Williamsek izan zuen, baina ezker hegaletik berak sortutako jokaldiari amaiera eskasa eman zion aurkariaren gorputzera jaurtita; hirugarrena, Del Cerro Grandek adierazi barik utzi zuen penalti argia izan zen. Aurierrek ezker besoarekin jo zuen Munianien jaurtiketa, baina epaileak ez zuen eskurik ikusi. Bada, laugarrenean iritsi zen Raul Garciaren gola. Asenjori izkin egin ostean, Munianek bultza egiteko utzi zion baloia, eta aurrelariak ez zuen huts egin.

Bigarren zatia ere ondo hasi zen. Athleticek kontrolpean izan zuen lehia, baina etxekoek kalitatea daukate, eta ezker hegaletik egindako jokaldi on bat Pedrazak bidali zuen sareetara jaurtiketa gurutzatu on bati esker. Emeryk taldeko izarrak zelairatzeko baliatu zuen banakoa, eta Danjumak izan zuen bigarrena egiteko aukera. Azken ordu erdian parekatu egin zen lehia, eta Nico Williamsen ezkerkada bat izan da aukerarik garbiena. Asenjok oinarekin gelditu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.