Komeni indarberritu izana

Realak eta Osasunak gaur ekingo diete norgehiagokaz betetako bost aste gogorri. Talde txuri-urdinak Gironan jokatuko du, eta gorritxoak Real Madrili egingo dio bisita

Juan Cruz Osasunako atzelaria eta Alexander Sorloth Realeko aurrelaria, lehian, aurreko denboraldian Anoetan jokatutako partidan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Iñigo Lasa Fresneda.
2022ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Astebeteko etenaren ostean, gaur ekingo diote Realak eta Osasunak berriro lehiari. Gaurtik hasita, partida asko elkarren jarraian jokatu beharko dituzte datozen asteetan, eta hori ahalik eta hobekien menderatzeko ezinbestekoa da ondo hastea.

Realak jokatuko du lehenbizi. Gironan (Herrialde Katalanak) ariko da bertako taldearen aurka (18:30, Movistar LaLiga). Liga, Europa liga eta Espainiako Kopa tarteko, txuri-urdinek hamahiru partida jokatuko dituzte 43 egunetan. Hala ere, Imanol Alguacilek ez dio beldurrik datorrenari: «Ez dugu ezer aldatu honi aurre egiteko. Beldurra? Ez, erronka polita da, gogorra, baina ilusioz beterik gaude. Hala ere, badakigu igandekoa [gaurkoa] dela neurketarik garrantzitsuena».

Igo berria izan arren, ondo ari da Girona. Kataluniarrek bi partida baino ez dituzte galdu, eta biak gol bakar batengatik. Horregatik, Imanol ez da fio: «Oso ondo landutako taldea da; oso ondo jokatzen du. Beste neurketa batzuekin alderatuta, ez dut uste asko aldatuko dutenik euren jokamoldea. Maila handiko jokalariak ditu lerro guztietan. Partida zaila izango da».

Atzean jokalari garrantzitsuak falta ditu Realak: lesionatuta zegoen Robin Le Normand, eta aste honetan hartu du min Igor Zubeldiak. Imanolek lehen taldeko bi erdiko atzelari baino ez ditu: Aritz Elustondo eta Jon Pacheco. Hala ere, lasai dago Imanol, haren ustez jokalari nahikoak baititu. Deialdiari dagokionez, Carlos Fernandez da berritasun nagusia: aurrelari espainiarra jokatzeko prest dago; hamabost hilabete daramatza jokatu gabe.

Erronka handia

Osasunak, berriz, orain arte dena irabazi duen talde bati egingo dio bisita: Real Madrili (21:00, Dazn). Jagoba Arrasateren taldeak sasoi hasiera onari eutsi nahi dio: «Egiten ari garenari jarraipena eman nahi diogu. Taldea sasoiko dago, eta neurketa hau hori baieztatzeko aukera da. Galtzekotan, haiek hobeak izan direlako izan dadila, ez guk erraztasunak eman dizkiegulako».

Aurreko denboraldian nafarrek puntu bat urratzea lortu zuten Bernabeun (0-0), eta litekeena da Arrasatek norgehiagoka hartan egin bezala, berriz bost atzelariren alde egitea. Carlo Ancelottiren taldeak dituen dohain guztiak ikusita, zelaiko zenbait zati agerian uztera behartuta dagoela uste du Osasunako entrenatzaileak: «Zelaian dauden hutsune guztiak ezin dira estali. Erabaki behar dugu non utzi nahi dizkiogun Real Madrili hutsuneak: defentsa lerroa aurrera bota, eta gure bizkarra libre utzi; edo atzeraxeago jarri, eta haien zelaian utzi jokatzeko tokia».

Deialdian bada berritasunik: Aimar Oroz zerrendan dago, bi jardunaldiz min hartuta egon eta gero. Aldiz, Chimy Avilak ezin du jokatu: argentinarra zigortuta dago, azken neurketan epaileak txartel gorria atera baitzion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.