Derbia aldarte eragile bat da; gaur, gehiago

Realak eta Athleticek urrats bat egin nahi dute sailkapenean, irabazita. Biak antzera ari dira ligan; txuri-urdinek hiru puntu gehiago dituzte

Jon Ander De la Hoz.
2020ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Espainiako Kopa bazter utzi, eta ligan dute burua Realak eta Athleticek. Bi taldeek urrats bat egin nahi dute sailkapenean, derbia irabazita. Txuri-urdinek sei puntura utzi nahi dituzte zuri-gorriak; bizkaitarrek, berriz, gipuzkoarren puntuak berdindu nahi dituzte. Bi kluben arteko neurketek bakoitzaren aldartean eragina izaten dute, eta are handiagoa izango da hori gaur gertatzen denaren arabera. Norabide bat zehaztu dezake.

Realak Athleticen aurretik egin du orain arteko ibilia, eta gisa horretara segitu nahi du etxean irabazita. Horretarako, badaki ezingo dela aritu ligako azken neurketan bezain kamuts; Leganesen aurrean hutsal aritu zen bigarren zatian, eta Athletic ez dago barkatzeko. Zuri-gorriek ere porrot handia pairatu zuten joan zen igandean. Getafek aise eraman zituen puntuak San Mamesetik.

Bi estiloren arteko talka izango da derbia. Reala bikain ari da erasoan, eta erraz ari da golak sartzen. Defentsan, berriz, huts handiak egin ditu azken jardunaldietan. Erabat aurkakoa da Athleticen egoera; atzeko lerroan sendo ari da, baina zailtasun ikaragarriak ditu golak egiteko.

Horiek horrela, neurketa estua aurreikusi dute Imanol Alguacilek eta Gaizka Garitanok. Realeko entrenatzaileak uste du bere taldea ondo iritsiko dela: «Athletic, gu bezala, lehiatzeko prest dago beti, eta, kopako kanporaketa gaindituta, hazita etorriko dira». Garitanok, berriz, garrantzia kendu nahi izan dio Kopari: «Ez gara kexatuko. Derbi bat da, eta guztia emango dugu. Irabazten saiatuko gara».

Bi prestatzaileek goraipatu egin dute aurkaria. Imanolen esanetan, «Athleticek jokalari onak ditu, eta hegaletan azkarrak dira. Ez da jokalari bakarra; talde jokoak eramaten ditu ondo lehiatzera». Garitanoren ustez, berriz, «talde ona» da Reala, eta lanak zail jarriko dizkie bilbotarrei. Halere: «Oso ondo ari dira, eta partida zaila izango da. Saiatuko gara haientzat ere zaila izan dadin».

Hutsuneak bi aldeetan

Gustatu ala ez, bi entrenatzaileek ezingo dute beren ohiko hamaikakoarekin zelairatu. Realean, Diego Llorente ez da osatu, eta ikusteko dago Martin Odegaard hasieratik ariko den. Oker handirik ezean, deialdian sartuko du Imanolek. Aldiz, hamaikakoa osatzeko orduan buruhauste gehiago izango ditu Garitanok. Deialditik kanpo geratu dira Yuri Raul Garcia eta Iñigo Martinez. Lehen biek arazo fisikoak dituzte; ondarroarra, berriz, zigortuta dago.

REALA-ATHLETIC

Reala. Remiro; Zaldua, Aritz, Le Normand, Monreal; Gebara, Merino, Januzaj; Oiartzabal, Portu, eta Isak.

Athletic. Unai Simon; Capa, Nuñez, Yeray, Balentziaga; Unai Lopez, Dani Garcia, Beñat; Muniain, Williams, eta Villalibre.

Epailea. Munuera Montero.

Lekua. Anoeta (39.500 ikusle).

Ordua. 14:00etan (Gol).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.