Hiru puntuak zakuratzeko beharrean dira

Eibarrek gaur lor dezake mailari eustea, Espanyoli han irabazi eta Mallorcak galtzen badu. Athleticek Levanteri irabazi behar dio

Pape Diop baloiaren bila, aurreko ostegunean, Leganesen aurka. J.C. RUIZ / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2020ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Hiru partida geratzen dira aurtengo denboraldiari amaiera emateko Lehen Mailan, eta sailkapeneko goian zein behean txinparta da nagusi. Eibarrek eta Athleticek, behinik behin, ahalegin berezia egin beharko dute azken hiru norgehiagoketan euren helburuak betetzeko.

Gipuzkoarrek lehenbailehen ziurtatu nahi dute salbazioa. Aurkari samurra izango du gaur. Hain zuzen, joan den astean mailaz galdu zuen Espanyol (14:00etan, La Liga). Zuri-gorriek, berriz, Europa ligara sartzeko aukera apur horiei ez diete ihes egin nahi. Horretarako, ezer askorik jokatzen ez duen Levante menderatu beharko dute (17:00etan, Gol).

Jaisteko postuetatik urruntzea du jomugan Eibarrek. Aurreko jardunaldian, Ipuruan Leganesen aurka erakutsi zuen joko apalak zalantza ugari sortu zituen. Aurkariaren atean aukera argirik sortu gabe norabidea zuzentzeko ezinean ibili zen, eta partidako hondarrean are gehiago. Mendilibarren jokalariei nekea pilatu zitzaien, gainera. Nabari zuten indarrez justu zeudela, izan ere, 72 ordu aurretik beste neurketa bat jokatua zuten. Baina ez zen aitzakia Zaldibarko entrenatzailearentzat. Bere taldeak erakutsitako irudiarekin haserre zen, eta zer esanik sasoiko garairik garrantzitsuenean. Erasorako Fabian Orellanak eta Gonzalo Escalantekutzi duten hutsunea estaltzeko lanak ditu Mendilibarrek, eta hori emaitzetan ikusi egiten da. Hiru partida daramatzate golik sartu gabe, eta erasoan ez dabiltza bat ere fin.

Sailkapenean hamabosgarren lekuan dira gipuzkoarrak 35 punturekin, Mallorca, hamazazpigarrena, lau puntura dutela. Hala, Eibarrek zezenak harrapatu baino lehenago egin beharko ditu etxerako lanak. Gaur hiru puntuak lortuta, eta Mallorcak Sevillaren aurka galtzen badu, gipuzkoarrak matematikoki salbatuta egongo lirateke. Eibarrek azken bi partidak Valladoliden eta Vila-realen aurka dauzka.

Athletic, ostera, azken bi partidetan esku hutsik gelditu da. Hori dela eta, puntuak poltsikoratzeko beharrean da Athletic. Bederatzigarren postuan da, zazpigarrena hiru puntu duela, eta gaur Levanteren aurka irabazi egin behar du.

Dani Garciak ezingo du jokatu, txartel pilaketagatik, eta atzeko lerroan ere hutsuneak izango ditu Derioko entrenatzaileak. Yeray Alvarezek min hartuta ez zuen aurreko neurketa amaitu, eta Yuri Berchiche ziurrenik ez da jokatzeko moduan izango. Raul Garcia berreskuratuko du, ordea.

Gorabeherak gorabehera, gaurko aurkariak ez du ezer jokoan. Aurreko partidan Mallorcaren aurka 2-0 galdu zuen, aparteko jokorik erakutsi gabe. Zuri-gorriek garaipena erdietsi ezean, Europako trenak azkar asko egingo die ihes.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.