Podiuma ausarten lekua da

Simon Yatesek maisuki kontrolatu du etapa, eta hark irabaziko du gaur Espainiako Vuelta. Enric Mas gailendu da Gallinan, eta bigarren izango da. Miguel Angel Lopez, hirugarren

Podiuma ausarten lekua da.
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Txirrindularitzak edo, hobeto esanda, loriak ez du beti ausardia saritzen. Arrisku gehien hartzen dutenek ez dute beti saria lortzen, baina, paradoxa krudel hori betetzen ez denean, kirola gauza handia da. Espainiako Vueltak amaiera ikusgarria izan du, eta hein handi batean adorearen meritokrazia errespetatu duelako da. Itzulia gaur bukatuko da, Madrilen —100 kilometroko etapa laua falta da—, eta podiumeko goiko koskan Simon Yates (Mitchelton) egongo da. Eskuinean, bigarren postuan, Enric Mas (Quick Step) 23 urteko kataluniarra izango du, eta ezkerrean, Miguel Angel Lopez (Astana) 24 urteko kolonbiarra. Masek, gainera, etapa garaipen handi batekin biribildu zuen atzo bere jarduna.

Masek eta Lopezek sailkapen nagusiko 4. eta 5. postuan, hurrenez hurren, ekin zioten atzoko etapari. Mendiko egun gogorra zen, Pirinioetan, Gallinako azken igoera gogor eta pikoarekin (%8,3ko pendiza). Simon Yatesek 1.38ren aldea zuen herenegundik, eta, txakalaldi erraldoirik ezean, ziurtatua zuen elastiko horia. Emozioa, beraz, podiumerako borrokan behar zuen. Eta egon zen. Lopezek eta Masek, anbizioa eta gaztetasun erregai hartuta, ordagoa jo zietelako Alejandro Valverderi (Movistar) eta Steven Kruijswijki (Lotto-Jumbo), sailkapeneko bigarrenari eta hirugarrenari.

Etapa motza zen, 98 kilometrokoa, eta Astanak bizi eta urduri bilakatu zuen. Hasieratik ibili zen egurrean, faboritoen multzoa ahalik eta gehiena aletu eta Superman Lopezen aukerak elikatzen. Entresaka eraginkorra izan zen, eta azken igoeretan oilarrak ia bakarrik zeuden. Lopezek helmugatik 20 kilometrora egin zuen aurrera, Comellan. Eguneko azken-aurreko igoera zen, eta Nairo Quintana (Movistar) erkidea harrapatu zuen. Geroxeago gehitu zitzaizkien Yates eta Mas. Liderra taldekiderik gabe zegoen, eta aurrera egitea erabaki zuen sozio bila. Herenegun eraso indartsua jo zuen, eta atzo ere ez zen ezkutatu.

Elkarrekin iritsi ziren laurak Gallinako lehen aldapetara. Atzean, Valverde sufritzen ari zen, etaQuintana hari laguntzeko gelditu zen. Yatesek, berriz, ez betetzea erabaki zuen. Etapa bikain kontrolatu zuen, eta azken igoeran burua hotz izan zuen, potentziometroari begiratu eta garaipena ziurtatuz. Masek eta Lopezek, bestalde, elkarlana hasi zuten. Valverde, 3.09ra, eta Kruijswijck, 1.15era, urrun ziren, eta buruz buruko lehia galdu zuten. Nabarmentzekoa Movistarrek aurten ez duela podiumik zapaldu hiru handietan. Bi iheslariak elkarrekin iritsi ziren azken metroetara, eta Masek irabazi zuen esprinta. Azken bihurgunean aurretik sartu, eta horregatik gailendu zen. 2012ko etapa amaierako bideoa aztertua zuen, Valverdek irabazi zuenekoa.

Igor Antonen agurra

Ion Izagirrek (Bahrain) egun gogorra izan zuen, 4.58ra helmugaratu zen, baina lehen hamarren artean bukatzea lortu du. Hura izango da lehen euskal txirrindularia sailkapenean, 9. postuan. Igor Antonek (Dimension Data), berriz, gaur du azken lehiaketa eguna. Atzo jakinarazi zuen gaur utziko duela jardun profesionala hamalau urteko ibilbidearen ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.