Berritasunez beteta dator

Pilota elkarte onenak ariko dira XVI. Berria Txapelketan, datorren asteburuan hasita. Bartzelonako klub bat lehiatuko da lehen aldiz

Berritasunez beteta dator.
jon eskudero
Astigarraga
2019ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Esku pilotaren egutegian gero eta garrantzi handiagoa edukirik, indarrez eta kalitatez josirik dator aurten ere XVI. Berria Txapelketa. Euskal Herriko pilota elkarte onenek parte hartuko dute; Gipuzkoak zortzi ordezkaritza izango ditu; Nafarroak, zazpi; Bizkaiak, sei, eta Arabak, bi. Ordea, nabarmentzeko berritasun bat izango da aurtengo ekitaldian, Bartzelonako Nafarren Etxea elkarteak ere parte hartuko baitu. Aspaldian pilota sustatzeko lanean murgilduta daude Kataluniako hiriburuko elkarte horretan, eta txapelketan aritze hutsa sari izango dute kataluniarrek. Gainerakoan, aurten ere ez da fitxaketarik onartuko, eta kanporaketa guztietan klubek aurkeztuko dituzten pilotariek elkarteko lizentzia eduki beharko dute. Hala, antolatzaileen arabera, klubetako lanari emango dio saria txapelketak. Datorren asteburuan abiatuko da, eta ekainaren 22an amaituko, Hernanin (Gipuzkoa), San Joan jaien egitarauaren barruan.

Txapelketaren aurkezpen ekitaldia atzo egin zuten, Astigarragako (Gipuzkoa) Petritegi sagardotegian —hura da txapelketaren babeslea hirugarren urtez jarraian—. Bertan batu ziren klubetako ordezkariak, eta, ororen gainetik, Bartzelonako elkartearen presentziak harritu zituen. «Haurrekin lan handia egiten ari dira pilota sustatu ahal izateko. Ilusioz gainezka daude txapelketan aritzeko, eta guretzat ohorea izango da haiek jasotzea», esan zuen Andoni Alvarez txapelketaren antolatzaileak. Bartzelona Aste Santuko asteburuan sartuko da lehian. «Bidaia erraztu ahal izateko, oporraldiko asteburu horretan jokatuko dute, eta espero dugu etapa luze baten hasiera izatea».



Txapelketari hasiera emateko, bi kanporaketa jokatuko dira datorren asteburuan: batean, Lizarrako (Nafarroa) San Miguel eta Astigarragako Mundarro ariko dira: eta bestean, Gasteizko Txukun Lakua eta Tafallako (Nafarroa) Peña San Sebastian edo Barañaingo (Nafarroa) Lagunak. Bi klub horiek atarikoa jokatuko dute gaur Iruñeko Labriten. Ohi bezala, kanporaketa sistema erabiliko da, eta bi partida irabazten dituen taldeak egingo du aurrera. Eginiko tanto kopurua ere aintzat hartuko da, baldin eta talde berberak lehen bi partidak irabazten baditu. Partidak Hernanin eta Andoainen (Gipuzkoa) jokatuko dira. Hori bai, inork jaialdirik erosi nahiko balu, aukera hori du 300 euroren truke.

Sariei dagokienez, irabazleak 3.000 euro eskuratuko ditu, txapelaz eta garaikurrez gain. Txapeldunordeak 2.000 euroko saria izango du, eta hirugarren eta laugarren sailkatuek, 1.000 bana eurokoa. Final-laurdenetan kanporatzen direnek, berriz, Petritegi sagardotegian zortzi lagunentzako afaria eskuratuko dute.

Emakumezkoei keinua

Beste berritasun bat ere izango du XVI. Berria Txapelketak. Izan ere, emakumeen arteko lehia txikiago bat antolatzeko asmoa dute antolatzaileek. «Emakumeen pilota etengabeko gorakadan murgilduta dago, eta guk ere horren parte izan nahi dugu», adierazi zuen Alvarezek. Hala, bi finalerdi eta finala jokatuko dira, baina oraindik zehaztu gabe dago zein pilotari ariko diren eta noiz jokatuko duten. Antolatzaileen ideia da Gipuzkoatik, Nafarroatik, Bizkaitik eta Arabatik bikote bana gonbidatzea. «Etorkizunera begira, berriz, pilota elkarte bakoitzak emakume bat plazaratzea nahi genuke, baina, horretarako, gorakada horretan lanean jarraitu behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.