Ezkurdia 22-14 Jaka

Hautagai sendoa da

Ezkurdia distirarik gabe, baina lan serioa eginda sailkatu da buruz burukoaren finalerdietarako. Jakak hamar huts garbi egin ditu

Joseba Ezkurdia, atzo irabazitako partida amorruz ospatzen, Labrit pilotalekuko kantxan. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Pilotakadak. 282.

Iraupena. 50.40.

Saketik. Ezkurdiak bat; Jakak alerik ez, eta bi falta (6-2 eta 15-10).

Markagailua. 0-1, 1-1, 5-1, 5-2, 11-2, 11-4, 14-4, 14-8, 14-10, 17-10, 17-13, 20-13, 20-14 eta 22-14.

Bestelakoak. 1.100 ikusle Labrit Iruñeko pilotalekuan, bete egin zen.

Hortzak eta ukabilak estutu, eta oihu ozen bat Labriteko zalapartaren erdian. Joseba Ezkurdiak horrela ospatu zuen atzoko partidako garaipena. Erik Jaka agurtu ondoren egin zuen, kantxan bertan, eta segundo bateko barne hausnarketaren ondoren. Arbizukoak pisu bat gainetik kendu berri zuen. Emaitza ikusita (22-14), gehiegizko erreakzioa zirudien; partida ikusita, berriz, ulerterraza. Erik Jakak estu hartu zuelako, eta, batzuetan, gorriak ikusarazi zizkion. Ezkurdiak, baina, kantxan hobeto egoten jakin zuen, eta, batez ere, opari gutxiago egin zituen. Garaipenari esker,buruz buruko txapelketako finalerdietarako sailkatu da, eta gaur jakingo du zein den hurrengo aurkaria, Bilbon, Oinatz Bengoetxeak eta Mikel Urrutikoetxeak jokatuko duten partidan.

Ezkurdiak asteak daramatza entzuten buruz burukoa irabazteko faboritorik handietako bat dela, eta inguruan beste gairik ez dagoenean presio hori kudeatzea ez da erraza. Halere, partidaren hasieran ez zuen zama hori sumatu, lehen tantoetan ikusgarrijardun zuelako. Kantxa erdian jarri eta Labriteko giltzen jabe egin zen (5-1, 9-2 eta 14-4).

Jaka trapezista arimadun pilotaria da, eta ez dio beldurrik arriskuari, Labriten, baina, normalean baino traketsago ibili zen. Hamar huts garbi egin zituen erasoan, tartean bost txapa eta saketik eginiko bi falta. Partidak hogeita bi tantora dira, eta hamar, opari gehiegi dira. 14-4rako sei eginak zituen, baina ez zen kikildu. Lizartzakoak fede itsua du bere estiloan, erasoak ematen dio jaten, eta sakea hartu zuenean 14-10era gerturatu zuen. Min handia egin zuen bolearekin eta trebe amaitu zuen tantoa.

Ezkurdia lotu egin zuen bolada horrek. Aurkaria gerturatzen ikusteak nekea handitzen du, baina Jakak bueltatu zion airea saketik eginiko bigarren faltarekin. Luze atera zuen, eta Ezkurdiak bista ona erakutsi zuen pilota pasatzen utzita. Arbizukoa 17-10era joan zen, berriz ere segurtasun tartea irekiz. Serio jokatu zuen, kirioak kudeatuz eta atsedenak ondo eskatuz. Eta garrantzitsuena dena, oparirik egin gabe: hiru huts baino ez.

Jakak, halere, azken hitza esateke zuen. Sakea berreskuratu, eta lau tantora jarri zen berriz (17-13), baina Ezkurdiak ez zion utzi gehiago gerturatzen. Txapelak irabazteko hautagai bihurtu duten patxada hori agertu zuen: tenplea azaleratu, arnasari buelta eman, ideiak garbitu, eta piloteoan agintzen hasi zen. Jakak lehen azterketa zuen buruz buruko txapeldun hautagai izateko oposizioan, eta gainditu egin zuen. Distirarik gabe, egia da, baina lehen partida beti da zaila, eta, orain, bi aste ditu ikasten jarraitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.