Europako txangoari agur esan dio

Bera Bera Europako Ligatik kanpo geratu da Valcearen aurka galdu ostean: 27-29. Etxekoek lehen zati ona egin dute; narrasagoa bigarrena

Mariane Fernandes Bera Berako jokalaria ahalegin betean, Valcearen aurka, atzo, Gaskan. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2021eko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Kito. Super Amara Bera Berari amaitu zaio Europako ibilaldia. Donostiarrek sei golen aldearekin irabazi behar zioten atzo Ramniu Valceari Europako Ligan jarraitzeko. Bada, atsedenaldira lau golen aldearekin heldu ziren arren, bigarren zatian ez ziren fin ibili: ez ziren gai izan egoera iraultzeko. Erregaia nahi baino arinago xahutu zuten, eta hirugarren kanporaketako itzulerako lehia ere galdu egin zuten jarraitzaileen aurrean, Gaskan: 27-29.

Hasi, behintzat, Bera Berak erritmo bizi eta erasokorrean hasi zuen lehia jarraitzaileen laguntzaz. Errumaniarrek, etxekoen joaldiari eusteko eta Mariane Fernandes gertutik zaintzeko helburuz, bost eta bateko defentsa ezarri zuten, baina donostiarrentzat ez zen oztopoa izan bisitariek ezarritako estrategia. Eraso landuak eta bat baten aurkako jokoak baliatuta, 3-0 jarri ziren aurretik. Alice Fernandes da Silva etxekoen atezainak ongi zuen zaindua atea.

Kristina Liscevic taldeko izarra jokatzeko moduan ote zegoen zalantza zegoen, arazo fisikoak tarteko. Bent Dahl Valceako entrenatzaileak ez zuen jokalari serbiarra kantxaratu lehen zatian, badaezpada. Hain zuzen, hutsune horrek eta bisitariek egindako opariek mesede egin zioten Imanol Alvarezen taldeari, eta eraginkortasunez aritu zen.

Bera Berakoak abiadura handiz mugitu zuten baloia, baita zuloak topatu ere, batez ere eskuin aldetik. Postu horretan eroso zebilen Maitane Etxeberria; lezoarrak hiru gol sartu zituen lehen 30 minutuetan —bederatzi guztira—. Laura Hernandezek sartutako lau golak ere nabarmentzekoak izan ziren. Edonola ere, Valceak ez zuen nahi norgehiagoka erabat aldrebesterik. Etxekoek atsedenaldira bost golen aldeaz iristeko parada zuten unean, bisitariek azken segundoan bederatzi metrotik gol bikaina sartu zuten. 14-10 atsedenaldian.

Bera Berak bide beretik ekin zion bigarren zatiari. Alvarezen jokalariek erregulartasunari eustea zuten asmo; hori baitzen kanporaketa irabazteko gako nagusia. Zehazki, une batez lau golen aldea hartu zuten etxekoek; gertu zuten joaneko emaitza iraultzeko parada.

Egoera horretan, Dahl Valceako teknikariak zirt edo zart egin beharra zeukan markagailua orekatzeko. Liscevic kantxaratu zuen, eta, errenka jokatu bazuen ere, hasieratik nabaritu zitzaion zer-nolako kalitatea duen Serbiako erdilariak. Liscevicek eta Bobana Klikovac pibot garaiak jokaldi apartak egin zituzten, eta Berako Berako jokalariek ezin zituzten geratu. Are, etxeko taldeari partida erabat narrastu zitzaion; argitasun handirik gabe aritu ziren erasoan, eta errumaniarrek zukua atera zioten horri, eta lehia orekatu, Liscevicen gidaritzapean.

Denbora aurrera zihoan heinean, presaren presaz, jaurtiketa behartuak egin zituzten donostiarrek; Mariane Fernandes hegalekoak, esaterako, ezin zuen aurkariaren hesi garaia eraitsi. Nabarmentzekoa Daciana Hosu Errumaniako taldeko atezainaren lan eskerga; sei geldiketa egin zituen.

Bera Berari maldan gora jartzen ari zitzaion kanporaketa, eta Alvarez teknikariak, beste aukerarik ezean, jokalari bat gehiago sartu zuen erasoan: horrek, baina, atea hutsik egotera behartzen zuen, eta etxekoek jaurtiketetan kale egiten zuten bakoitzean, garesti ordaintzen zuten. Errumaniarrak, markagailua berdintzeaz gain, aurretik ezarri ziren, eta neurketa amaitu arte kontrolpean izan zuten. Amaieran, 27-29. Onena izan denak jarraituko du Europan.

Bidasoa eta Zuazo, ongi

Bidasoak eta Zubileta Evolution Zuazok atzo jokatu zuten ligako partida. Gipuzkoarrek ez zioten aukerarik eman Torrelavegari, eta erraz nagusitu ziren Artalekun: 35-27; bizkaitarrek balio handiko garaipena lortu zuen Quirzeren kantxan 25-26 irabazita. Anaitasunak ere atzo zuen jokatzekoa 12. jardunaldia, Sinfinen aurka, baina Espainiako Lehiaketa Batzordeak bertan behera utzi zuen neurketa, Iruñeko taldeko hiru jokalarik positibo eman zutelako koronabirusean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.