Erne Lasorekin eta Imazekin

Horren sasoiko eta horrenbesteko jokoarekin eta konfiantzarekin dabil Unai Laso, edozein atzelari jarrita ere, bikote benetan indartsua osatuko zuten; edonori irabazteko modukoa. Baina Bizkarreta-Gerendiaingo (Nafarroa) aurrelariak profesionaletara itzuli denetik daraman bolada gozoari gehituz gero enpresak Binakako Txapelketan jarri dion bikotekidea, Ander Imaz, bizkartzain lanetan oso ondo ari dela, emaitzak derrigorrez izan behar du oso ona. Eta halakoa da: bi partida jokatu dituzte lehen ligaxkan, eta biak irabazi dituzte; biak nagusitasun handiz, hogei tanto besterik ez jasota. Horri esker, sailkapenaren buruan daude.
Lider eta konfiantzaz lepo; halaxe daude. Eta ez da gutxiagorako. Abisua eman zuten aurreneko jardunaldian, Mikel Urrutikoetxeari eta Aitor Arangureni alde handiz irabazita: 22-9. Atzo, berriz, kolpea eman zuten mahai gainean, antzeko nagusitasunarekin hartu baitzituzten mendean azkeneko binakakoaren txapeldunordeak. 22-11 irabazi zieten Jon Ander Peñari eta Jon Ander Albisuri, Iruñean, Labrit pilotalekuan. Txapelketa hasi besterik ez da egin, eta lau hilabetean makina bat gorabehera egon ohi da. Baina Laso-Imazek jada agerian utzi dute oso kontuan hartzeko bikotea osatzen dutela.
Bizkarreta-Gerendiaingoak eta Oiartzungoak (Gipuzkoa) oso argi zuten zer egin behar zuten Peña II.a-Albisuri irabazteko aukeraren bat izateko: huts gutxi egitea eta partida gogortzea. Hori egin ezean, nekez izango zuten zer eginik. Baina gauza bat da egitekoa argi izatea eta beste bat, argi izanda ere, hori egin ahal izatea. Aurkariek badute zer esana horretan, eta are gehiago Peña II.a-Albisu bezalako bikote indartsu batek. Lehen jardunaldian erakutsi zuten lehengo lepotik zutela burua.
Ataundarraren kolpeak kezkatzen zituen gehien Laso-Imaz. Barneratuta zuten, ezusterik ezean, hura nagusituko zela atzean, eta biek gogotik egin beharko zutela lan hari eusteko. Baina, aspaldikoz, Albisu oso gorabeheratsu aritu zen: bi tanto egin zituen, baina zazpi pilota huts egin. Gaizki ekin zion norgehiagokari, gora egin zuen gero, baina berehala egin zuen behera. Peñak ezer gutxi lagundu ahal izan zion: bost tanto egin zituen, eta lau galdu. Ez zen izan txapeldunordeen eguna.
Bai, ordea, Laso-Imazena. Ia dena egin zuten ondo: indartsu hasi ziren (6-3); eutsi egin zuten kontrarioek lehen estutua eman zietenean (7-7); eta hautsi egin zuten gero (22-11). Jarraian lortu zituzten azken sei tantoak. Laso nabarmendu zen berriro, ikusgarri aritu baitzen, gozatuz eta gozaraziz: hamar tanto egin zituen, eta hiru huts egin. Imazek ederki lagundu zion berriz: bat egin zuen, eta beste bat huts egin.
Jotzaileen lehia gaur
Jardunaldiak gaur izango du segida. Elezkano II.a-Zabaleta eta Irribarria-Rezusta ariko dira elkarren aurka Azkoitian (Gipuzkoa). Bi bikoteek ondo ekin diote txapelketari, aurreneko partida irabazita. Jotzaileen arteko lehia espero da: Zabaleta batetik, eta Rezusta bestetik. Lehia horretan nagusitzen denak urrats handia egingo du garaipena lortzeko bidean. Elezkano II.ak eta Irribarriak, berriz, oso adi egon beharko dute, izan ditzaketen aukerak aprobetxatzeko.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.