Bigarren kolpea

Urdaibaik irabazi du Eusko Label ligako bigarren estropada ere, Portugaleten, eta hiru puntura handitu du aldea Hondarribiarekiko

Bigarren kolpea.
Aitor Manterola Garate.
2018ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Bi zenbakia eta Urdaibai elkarri ondo uztartuta ibili ziren atzo, Eusko Label ligako estropadan, Portugaleten. Bigarren jardunaldia zuen liga nagusiak, eta bigarren garaipena erreskadan lortu zuen Bermeoko taldeak. Aurreko igandean bezala, bi segundoren aldea atera zion bigarrenari: orduko hartan Hondarribia, eta atzo Zierbena. Eta bigarren garaipena du atzokoa Sestaoko banderaren palmaresean.

Azkeneko txandan lehiatu zen ligako liderra, hirugarren kaletik, eta alboan izan zituen, laugarrenetik Hondarribia, bigarrenetik Zierbena, eta aurrenekotik Santurtzi. Izango zuten kezkarik arraunlariek traineruetan eta entrenatzaileek lehorrean norabideekin. Izan ere, Portugaleteko eremuan askotan gertatzen ez dena ikusi zen atzo: ur lasterren aurka, eremuaren erdialdetik, eta ura behera emana zela, hirugarren kaletik nagusiki, lan apartak eginak zeuzkaten San Pedrok aurreneko txandan, eta Ondarroak bigarrengoan. Eremu bihurri honen logika urruti ibili zen atzo, ezustean.

Kezkak kezka, Urdaibai ez zegoen lekurik txarrenean lanari ekiteko, berea baitzuen hirugarren kalea. Lehen luzean, bere-berean joan zen, eta bigarrenaren hasiera partean hartu zuen burua, nahiz eta gainean zuen Zierbena. Pixka bat atzerago zeuzkan Hondarribia eta Santurtzi, lehiatik kanpo samar ordurako.

Zierbenak bigarren luzean eremuko betiko logikari jarraitu zion, eta aurreneko kale aldera joanda egin zuen bidea. Urdaibaik kaleari eutsiz eta laugarrenera joanez egin zituen metroak. Lehen ziabogan Zierbenak bi segundo atera bazizkion ere, bigarrengoan bi segundo aurretik zen Urdaibai. Hirugarren luzean, berriz ere gainera joan zitzaion Zierbena, eta azken ziaboga gertu zutela elkarren parean jarri ziren. Horrela eman zuten maniobra ere, eta berriz ere bueltako luzean jarri zen buru Bermeoko taldea, Joseba Fernandezen kuadrilla. Bizpahiru segundoko altxorraren jabe egin zen, laugarren kalera itsatsita, Hondarribia atzean zela baliatuz. Uneren batean segundo batera ere jarri zitzaion Zierbena, hau ere erdialdera joana, baina banderak ez zion ihes egin Bou Bizkaia-ri.

Bi segundo eta erdi atzetik sartu zen Zierbena, eta hamarrera Hondarribia, eta hamahirura Santurtzi. Emaitza horiekin, Urdaibaik hiru puntura igo du hondarribiarrei ateratzen dien aldea ligako sailkapenean. Azken luzean Santurtziri aurrea hartu ziolako ez zen tartea puntu bat gehiago handitu.

Aurreko bi txandetan, Oriok eta San Pedrok egin zituzten denbora onenak, baina zapore ezberdinarekin amaitu zuten lana bi taldeek. Izan ere, pasaitarrei balio izan zien zortzigarren amaitzeko, baina Orio bosgarren baino ez zen izan, haizeak behera egitearen eraginez azken txandan, ez zuelako laukote horretako inor aurreratu. Bi estropada jokatu eta Oriok ligako liderra bederatzi puntura izatea ezuste handia da.

Azken postuetan, Kaikuk eta Tiranek aldatu egin zituzten aurreko igandeko lekuak, bizkaitarrak azken-aurreko eta galiziarrak azkena izan zirelako.

Beste bi estropada, gaur

Hirugarren jardunaldia gaur izango dute, Zierbenan (12:00, ETB 1), eta atzoko emaitzen arabera osatuko dituzte txandak.

KAE 1 ligakoek Getarian daukate lana (12:00), eta Astillero da lider, Getaria eta Isuntzarekin parean. Atzo, Kantabriako txapelketa irabazi zuen Astillerok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.