Paperezko musika

35 urteko bidearen ondoren, orain bi aste itxi du leihoa 'Rockdelux' aldizkariak. 1984tik gaur egunera arte, garaian garaiko musika ildo eta mugimenduei jarraitzeko tresna izan da.

Rockdelux-en hainbat ale, tartean, aldizkariaren azkena. BERRIA.
mikel lizarralde
2020ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Hilaren 4an eman zuten albistea aldizkariaren webgunearen bidez: 35 urteko ibilbidearen ostean, Rockdelux musika hilabetekariak maiatzekoa du bere azkeneko zenbakia. 394.a. Azkeneko urteetan paperezko prentsak jasan duen krisiak gogor astindu du aldizkaria, eta salmenten beherakadari publizitatearena ere gehituta, baziren hilabete batzuk bere arduradunak aldizkariarentzako irtenbideak bilatzen ari zirela. Koronabirusak eragindako larrialdi egoerak, ordea, ezerezean utzi ditu asmo horiek guztiak. «Espero ez genuen kolpe hau proiektua are eta bideraezinagoa egin duen zaplaztekoa izan da, are gehiago kontuan izanda Rockdelux-en beti saiatu garela kalitate estandar batzuk (papera, inprimaketa, banaketa) eta langile guztientzako ordain duin batzuk mantentzen», adierazi dute arduradunek, editorial baten bitartez.

Rockdelux-ek Bartzelonan izan du egoitza, eta gaztelania hizkuntza, baina Hego Euskal Herrian zabalpen handia izan du urte luzez, eta hainbat euskal musikariri Euskal Herritik kanpo ere hedatzeko leiho bat ireki die. Esaterako, Negu Gorriak taldearen agerpena txalotu zuen —bai Gure jarrera (1991), bai Borreroak baditu milaka aurpegi (1993) urteko onenak izendatu zituen Espainiako Estatuko diskoen artean—, eta berdin Lisabörekin: Animalia lotsatuen putzua 2011ko lan onena izan zen agerkariko kolaboratzaileen arabera. Aldizkariaren 20. urtemuga ospatzeko, berriz, Espainian, Herrialde Katalanetan, Galizian eta Euskal Herrian XX. mendean argitaratutako ehun diskorik aipagarrienen zerrenda egin zuten, eta han ere hainbat euskal disko ageri ziren: Habiak (Anari), Hertzainak (Hertzainak), Bat Hiru (Mikel Laboa), Ezarian (Lisabö), Brigadistak Sound System (Fermin Muguruza) eta Borreroak baditu milaka aurpegi (Negu Gorriak).

Garaien lekuko

Rockdelux 1984ko azaroan sortu zen, Rock Espezial (1981-1984) aldizkariaren jarraipen gisa, eta, hasierako aleetan maketazio nahasi eta narras batek jantzita, musika genero ia bateraezinak elkartzeko asmo handinahia izan zuen. DLux (musika modernoa), Rock Espezial (rock klasikoa) eta Disco Expres (rock gogorra) ataletan banatua zegoen Rockdelux, eta haren lehen zenbakiek ez zuten lerro editorial garbirik erakusten, eta berdin har zezaketen azala Sadek eta Waspek; Bryan Ferryk eta Rattek. 1986an, ordea, zuzendaritza taldea aldatu, eta hurrengo hilabeteetan aldizkaria bere ildo estilistikoa finduz joan zen, lekua eginez pop-rocketik kanpoko estiloei —bereziki hip-hopari, baina baita elektronikari, hardcoreari eta munduko musikak deiturikoei—, eta heavy metala albo batera utziz.

1986ko disko eta kantu onenenekin egindakoa izan zen, halaber, Rockdelux-ek bere ibilbide luzean bereizgarri bilakatu zituen zerrendetako lehendabizikoa. Handik aurrera, urtearen amaieran beti egin izan du urtearen errepasoa; lehendabizi musikan zentratuta, eta azkeneko urteetan —aldizkariak orokorrean egin zuen bezala—, beste kultur diziplina batzuei ere lekua eginda: zinema, literatura, komikia, telesailak...

1990eko hamarkadarekin eta eszena independentearen loratzearekin, Rockdelux erreferentzia inportantea bilakatu zen, bere orrialdeetan lekua eginez garaian-garaian sortzen eta hedatzen joan ziren joera berriei (trip-hopa, brit-popa, housea, post-rocka), eta baita proiektu komunikatibo berriak abian jarriz ere. Hala, 1994an Factory hiruhilabetekaria jarri zuen martxan, aldizkari nagusian sartzerik ez zuten musikarien gaineko erreportajeak nahiz musika estiloen eta zigiluen gaineko dossier sakonak lantzeko. Datu bat: lehenengo aleko azalean Negu Gorriak azaltzen zen, eta barruko orrialdeetan Europako biraren bidaia-egunkaria idazten zuen Fermin Muguruzak. Factory-k 25 zenbaki atera zituen, eta horietako bakoitza CD batek lagundua zetorren. Horrekin batera, beste aldizkari bat ere abiatu zuten 1996an: Dancedelux. Urtean behin kaleratu zuten 2005era arte, dantzarako musika elektronikoan zentratuta.

Ale bereziak

Hilabetekaria izan da Rockdelux, erreportaje atenporalak landu bai, baina batez ere unean uneko jario informatiboari aurre egin diona. 100. zenbakitik aurrera, ordea (1993ko irailekoa), ale berezi ugari ere argitaratu ditu. berrehungarreneanenean, esaterako, XX. mendeko berrehu disko onenak eraman zituen aldizkarira, eta aldizkariaren 20. urteurrenean (223. zenbakia), ariketa bera egin zuen, begirada estatuko artistetan pausatuta. Bi zenbaki horiek aukera eman zioten aldizkariari bi kontzertu berezi egiteko, eta, Raul Refreek gidatutako talde handi batek lagunduta, hainbat kantari, horien artean Anari eta Muguruza, igo ziren oholtzara aleotan nabarmendutako diskoetako kantuak jotzera. Bi kontzertuak aldizkariarekin batera banatutako CD banatan bildu zituen agerkariak.

Nahiz eta beste kultur diziplinei ere lekua egin dien, beste ezeren gainetik musika aldizkaria izan da Rockdelux. Baina horrek ez die lekua itxi bestelako gogoeta politiko eta sozialei ere, batez ere azkeneko hamabost urteotan.

Garaietara egokitzeko orduan, kostatu zitzaion aldizkariari digitalizazioari heltzea, eta, azkenean, doako eduki informatiboen ugaritzeak ekarri du, neurri batean, haren heriotza. Ez bakarrik horrek, ordea. Santi Carrillo zuzendariak aitortu duenez, belaunaldi berriek ez dute ohiturarik musika prentsa irakurtzeko, eta, aldizkariak portada publiko horri zuzendutako edukiei eman dien zenbakietan, Rockdelux-en betiko irakurleak bizkarra eman dio.

35 urteko zikloa ixteko, larrialdi egoeran prestatutako ale berezi bat kaleratu du, eta bere 55 kolaboratzailek itxialdirako kultur gomendioen sorta bat egin dute. Azkenak izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.