Donostiako 68. Zinemaldia. Sail Ofiziala

«Humanista» bati egindako erretratua

'El olvido que seremos' filmak itxi ditu aurtengo Sail Ofizialeko emanaldiak. Fernando Trueba zuzendariak lehiaz kanpo erakutsi du bere lana

Fernando Truebaren eta Javier Camara, atzo, Donostian. JUAN HERRERO / EFE.
Erredakzioa
Donostia
2020ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Fernando Trueba zinemagilearen El olvido que seremos filmak itxi zituen atzo Donostiako 68. Zinemaldiaren Sail Ofizialeko emanaldiak. Cannesko jaialdiak hautatutako lana lehiaz kanpo erakutsi zuen jaialdiak, eta Trueba bera Donostian izan zen, Javier Camara filmeko aktore protagonistarekin batera, lana aurkezten. Hector Abad Gomez mediku eta giza eskubideen aldeko ekintzaile kolonbiarraren istorioa azaltzen du filmak, eta «humanista» baten gisa definitu zuen zuzendariak.

Hector Aban Faciolineren izen bereko eleberria du oinarri pelikulak. Bertan, aitaren istorioa jaso zuen idazleak. Medellinen, 1970eko eta 1980ko hamarkadetan baztertuenen alde egin zuen lan, eta, besteak beste, osasun publikoaren eta txertatze masiboko kanpainen alde aritu zen, harik eta paramilitarrek hil zuten arte, 1987. urtean. Truebaren ustez, haren ereduak balio du gaur egunerako ere. «Gizon hau humanista bat izan zen; jendearen bizi baldintzak hobetzen saiatu zen, behartsuenenak bereziki», adierazi zuen Truebak.

Pelikula egitea proposatu zioten lehenbiziko aldian, ezezkoa eman zuen zinemagileak, «ezinezkoa» iruditu zitzaiolako. Baina ekin eta ekin aritu zitzaizkiola, eta proiektuari bueltaka hasi zitzaiola azaldu zuen, «pozoia barrura» sartu zitzaion arte. Haren anaia David Trueba arduratu da nobelaren egokitzapena egiteaz. Hasiera batean, gidoia idazlearekin batera lantzea izan zen haren asmoa, baina hark nahiago izan zuen horretan ez parte hartzea, aitaren heriotzaren ostean, 20 urte atzera liburua idazteak ekarri zion «minaren eta sufrimenduaren kutxa» ez zuelako berriro ere zabaldu nahi. Bai liburuak bai filmak, omenaldia egiten diote Abad Gomez zenari.

Malkoei eusten

Kolonbian grabatzen aritu ziren egunak etengabe «malkoei eusten» igaro zituela aitortu zuen Javier Camarak. Bai jendearen aldetik sumatu zuen babesagatik, bai istorioaren bukaera tragikoagatik. «Guztiok genekien amaiera zein zen, eta familia askok jasan dutela horrelako zerbait herrialde honetan. Indarkeria krudelki gorantz doan une honetan, eta pandemia ezin gogorrago honekin, film hau ez da iragana, inoiz baino gaur egungoagoa baizik».

Herrialdeko indarkeriaren arazoari hurbilketa bat ere bada filma, Dago Garcia ekoizleak bideo konferentziaz azaldu zuenez, baina ikuspuntu «humano batetik eta egunerokotasunetik» heldu nahi izan zioela auziari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.