Gannak bere legea ezarri du

Italiarrak irabazi du Giroko lehen etapa, eta maglia arrosa jantzi du. Almeida izan da onena faboritoen artean, eta Landa apal aritu da

Gannak bere legea ezarri du.
Iñigo Lasa Fresneda.
2021eko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Filippo Gannak (Ineos) jantzi du lehen maglia arrosa Italiako Giroan. Bera zen estreinako etapa irabazteko hautagai nagusia, eta iragarpenak bete zituen. Erlojuaren kontrako saioetan espezialista da italiarra, eta, lehiatu den azken erlojupekoetan fin ibili ez bazen ere, erakustaldia eman zuen atzo, Turinen. Bost dira jadanik Gannak Giroan irabazi dituen etapak.

Pedal kolpe indartsuarekin eta bihurguneetan arriskatuz, 8.47 behar izan zuen helmugara ailegatzeko Gannak. 8,6 kilometroetan, hamar segundo atera zizkion Edoardo Affini (Jumbo) bigarren sailkatuari, eta hamahiru podiuma osatu zuen Tobias Fossi (Jumbo). Remi Cavagna (Deceuninck), garaipena eskuratzeko beste faborito handia, bosgarren izan zen.

Lasterketa irabaztea helburu duten ziklisten artean, Joao Almeida (Deceuninck) izan zen azkarrena. Portugaldarrak bederatzi minutu eta lau segundo behar izan zituen ibilbidea osatzeko. Ez zuen oso aparte izan Remco Evenepoel taldekidea, bi segundo eskasera izan baitzuen. Flandiar gaztea, iragan abuztuan eroriko larria izan eta gero, atzo itzuli zen lehiaketara, eta lan oso ona egin zuen. Osatuta dagoela erakutsi zuen, eta zazpigarren sailkatu zen. Bederatzi hilabete bakarkako lanean ibili eta gero, ikusi egin beharko da nola erantzuten dion gorputzak hurrengo hiru asteetan.

Deceuninck taldeko bi gazteek haiekin batera sailkapen nagusian lehian ibiltzekoak diren gehienei hamar eta 30 segundo arteko aldea atera zieten. Gehien gerturatu zitzaiena Aleksandr Vlasov (Astana) izan zen: Almeidak baino sei segundo gehiago behar izan zituen erlojupekoa osatzeko.

Ia denbora berbera behar izan zuten Simon Yatesek (BikeExchange) eta Egan Bernalek (Ineos) erlojupekoa osatzeko. Giroa irabazteko faborito nagusiak dira, eta ia denbora tarterik ez zen sortu haien artean. Ingelesak segundo bat gutxiago behar izan zuen ziklista kolonbiarrak baino.

Giroa da Mikel Landaren (Bahrain) lasterketa, baina murgiarra ez da iaioa erlojuaren aurkako saioetan. Atzo ere lasterketako faboritoekiko denbora galdu zuen: 35 segundo Almeidarekiko, besteak beste. Yates eta Bernalengandik hamar segundora da sailkapenean. Denbora tarte berberera du bere taldekide Pello Bilbao. Gernikarra ondo moldatzen da bakarkako lanetan, eta atzo lan txukuna egin zuen.

Etapa laua gaur

Euskal herritarren artean denbora onena ezarri zuena, baina, Jonathan Castroviejo (Ineos) izan zen. Getxoztarra espezialista da erlojupekoetan, eta atzo ere nahiko saio polita osatu zuen. Amaieran, denborarik onenetan hamahirugarrena egin zuen, Gannarengandik 27 segundora.

Gaur bigarren etapa jokatuko dute, Stupinigi eta Novara artean: 179 kilometro. Ez du aparteko zailtasunik; etapa laua da ia bere osotasunean. Ondo bidean, tropeleko txirrindulari azkarrenek beren dohainak erakusteko aukera izango dute. Esprinterrek etapa garaipena eskuratzeko parada aparta izango dute.

Bestalde, Algarveko Itzulian, Kasper Asgreenek (Deceuninck) irabazi zuen laugarren etapako erlojupekoa. Xabier Mikel Azparren (Euskaltel) izan zen euskal herritar azkarrena. Hamaseigarren geratu da, irabazlearengandik 2.23 minutura. Ethan Hayter (Ineos) erori egin zen, baina lidergoari eusten dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.