Aitor Bengoetxea. Euskal Herriko Musika Bulegoa elkarteko lehendakaria

«Loratze bat badator, baina denen beharra izango du horretarako»

Izurriak «katebegi ahulenei» eragin arren, musikaren sektore osoak nozitu ditu haren kalteak. Hori horrela, Bengoetxeak ohartarazi du sektoreak modu egituratuagoan egin behar duela lan: «Konturatu gara uste baino lotuago dagoen kate bat dela guztia».

JON URBE /FOKU.
aitor biain
Donostia
2022ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Euskal Herriko Musika Bulegoak urtebete baino ez zeraman zuzendaritza eta proiektu berri batekin COVID-19aren izurria azaldu zenean. Aurreko krisiak eragindako kolpetik suspertzen ari zen sektorea, elkartea berregituratzen ari ziren, eta, bat-batean, erauntsia eta «zaplaztekoa» heldu ziren. Hala gogoratzen du elkarteko lehendakari Aitor Bengoetxeak (Azpeitia, Gipuzkoa, 1981). Goizetik gauera etorri zitzaion olatua gainera hari ere, sektorearen ordezkari gisa erantzunik ez zeukaten galderei erantzun behar izan zielako. Atzera begira jarri da, aurrera egin ahal izateko.

Ematen du badatorrela udaberria musikaren eszenara ere: hasi dira loratzen emanaldiak, jaialdiak... Hala sumatzen duzue zuek ere?

Bai, eta nik uste behar bat ere badela. Zenbateraino den erreala ez dakit: hau da, duintasun, baldintza eta baliabide ekonomikoek emango ote duten horretarako. Ea horrela den eta loratzen laguntzen diogun. Zeren uste dut loratze hori ez dela bakarrik egiten den zerbait: ureztatu behar da, lurra ondu behar da, erein behar da... Aukerak eman behar dira, alegia. Beraz, bai, loratze bat badator, baina denen beharra izango dugu horretarako.

Luze joan da bi urteko negua?

Ez dut atzerako begirada batean oso iltzatuta geratu nahi, baina luze joan da, ez genekielako noiz arte iraungo zuen eta zenbaterainoko ondorioak utziko zituen. Hor tartean, gaitzak proiektu asko eraman ditu, estudioko grabaketa asko, bira asko, talde asko... Beste batzuk sortu ere egin dira, eta sortuko dira. Baina euskal musikaren inguruan zeuden zikloak eten egin dira, eta egiteko modu berriak azaleratu: azkarra zen kontsumoa are eta azkarragoa da orain. Eta askok ez dakite zeren aldeko apustua egin: zoratzerainoko abiadura horretan jarraitu edo moteldu.

Ziurgabetasun egoera batean dago sektorea?

Guztiz. Ez dakit zeri kantatuko diogun: esperantzari bai, baina, ziurgabetasuna erabatekoa da orain sektorean. Krisiak zerbait erakutsi badigu, zera da: euskal kulturaren jarduna, eta baita musikarena ere, egitura faltan dagoela. Egitura apur denak eraman ditu haizeak. Musika Bulegoan kezka handia dugu horrekin. Adostasunak behar dira, eta denen laguntza ziurgabetasun horri helduleku batzuk eman eta hurrengo zaplaztekoa datorrenean, gutxienik, nondik eraiki jakiteko edo helduleku batzuk izateko.

Aurrez ere jadanik prekarizatuta zegoen sektoreari areago kalte egin dio izurriak?

Kate osoan eragin du, baina sektorearen katebegi ahulenak zirenak erori egin dira guztiz. Zaila da argazki oso bat osatzea, baina geratu dira, adibidez, sortzaile batzuk hilabete amaierara ezin iritsita, eta beste lan batzuk bilatu behar izan dituzte. Eta gauza bera gertatu da teknikariekin ere. Euskal Herrian, kultura eta musika sektoreari enpresa txiki eta ertainek eusten diote batik bat. Batzuk nola edo hala moldatu dira, eta eutsi diote. Baina ikusi ditugu egitura handiak dituztenak ere erortzen. Konturatu gara uste baino lotuago dagoen kate bat dela guztia, eta pare bat katebegi falta badira dena erortzen dela.

Bi urte hauek balio izan dute, gutxienez, fokuetatik kanpoko profesionalak ikusgarri egiteko?

Bai. Ekoizpen kate bat bezalakoa da musikaren sektorea ere, eta bati gertatzen zaionak denei eragiten die azkenean. Ez dakit, areto batean kontzertu bat dagoenean, kontuan hartu behar dugu hori egiteko atzean lanean dagoen jende guztia: antolaketan dabilen programatzailea; telefonoaren bestaldean dagoen management edo booking agentzia bat; teknikariak; produkzioa edo ekoizpena egiten dutenak; musikaria bera, noski; argiztapena egiten duena; ostalari lanetan jarduten duena; diskoetxea... Guri behintzat balio izan digu kate hori gehiago estimatzeko eta talde lan handi bat dela sinesteko. Musika Bulegotik begirada hori inoiz baino zabalagoa izan da.

Izurriak ohitura batzuk aldarazi ditu gizartean. Uste duzu musikari eta kulturari, oro har, eragingo diela horrek ere? Kezkatzen zaituzte?

Asko. Kontsumo ohiturak aldatu dira, adibidez, eta horrek noski eragin diola kulturari eta musikari. Jakin behar dugu hortik gauza positiboak hartzen, badaudelako baita ere. Baina iruditzen zait zuzeneko arteen zera hori ere bermatu behar dela. Kontu global bati buruz ari gara, eta, agertoki horretan, guk gure txikitasunean berezi izaten jakin behar dugu; hortik egin behar dugu lan. Bestela, beste guztia mundu guztiak egiten duenaren berdina da. Gure berezitasunei heldu eta egoerara moldatzen jakin behar dugu.

Euskal Herrian, musikariek zuzenekoetan lortu ohi dituzte diru sarrera nagusienak, eta justu alor hori eten du pandemiak, batez ere.

Musika zerbait bada, zuzeneko bizipen bat da, zuzeneko arte bat, eta, transmisio hori eten denean, estimulu horiek galdu egin dira. Areto denak itxita izan ditugu, adibidez. Hori izan da ikusgarriena, musika hor bizi delako. Zuzenekoen diru iturria eten denean, beste gauza askok ere zentzua galdu dute: zertarako entseatu? Konturatu behar gara zenbat musika ez dugun entzun, zenbat estimulu ez ditugun jaso. Badaude bestelako moduak ere, streaming-ak eta, baina nik osagarri moduan ikusten ditut.

Zuk aipatu duzu: zirkuituak desagertu dira, eta zikloak eten. Zer garrantzi du horrek?

Handia. Euskal Herrian, eta batik bat euskarazko musikari lotzen naiz, hain txikia izanagatik ere, aniztasun handia dugu, baina badaude zirkuitu batzuk beharrezkoak direnak oraindik ere gure kultura sostengatzeko, proiektu berriak azaleratzeko eta elkar ezagutzeko: aretoetako kontzertuak, Durangoko Azoka, udaberrian diskoak argitaratzea... Horietako asko eten egin dira. Pentsatu nahiko nuke ez direla asko aldatuko, eta aldatzen badira lehendik zituzten gauza on guztiak jasota jarriko direla berriz martxan. Aretoak, esate baterako: kuantifikatu daiteke egiten dutena, baina hori baino gehiago dira; erreferentzia puntuak dira musikarientzat eta kultura zaleentzat. Sare horren beharra daukagu.

Krisiak agerian utzi du administrazioaren eta kulturaren sektorearen artean dagoen aldea. Hainbestekoa da arrakala?

Lehen aipatu dudan egitura faltarena hortik zihoan. Elkarlan bat behar da, administrazioaren eta kultur jardunaren artekoa. Adibide bat baino ez da, baina diru laguntzekin konturatu gara zer zaila izan den instituzioetatik dirua helaraztea sektoreari. 2020ko martxoan jarri ginen Jaurlaritzarekin lanean, eta harremana inoiz baino estuagoa da orain, baina asko kostatu zaigu traba edo oztopo administratiboak leuntzea, eta lan asko dago oraindik egiteko. Batetik, sektoreak pentsatu behar du modu egituratuagoan lan egiteaz, eta, bestetik, administrazioak kulturaren sektorearen berezitasunak aintzat hartu behar ditu, eta bere sisteman barneratu. Euskal kulturak oraindik hutsuneak ditu administrazioan, ez du heldulekurik; gauza batzuei forma eman behar zaie administratiboki, jardun errealarekin lotura izateko.

Diru laguntzak alde batera utzita, zein izan da musika sektorearen kezka orokorra administrazioari dagokionez?

Oro har, ezjakintasuna izan da kezka nagusia. Profesionaltasun bat nahi baldin badugu, beste edozein sektoretan bezala, profesionalak bere kontuak zuzen eraman behar ditu, adibidez. Eta horretan ezjakintasun handia dago oraindik; formazioa falta da. Ezagutza falta da ditugun eskubideen inguruan, baina baita ditugun betebeharren inguruan ere. Askotariko kontsultak jaso ditugu, hala ere: protokoloak, estrategiak... denetarik egon da.

Hasi zarete horri aurre egiten?

Bai. Elkarteak halako dekalogo moduko bat osatu du; lehentasunezkoak diren egitekoak zerrendatu ditugu, nola administrazioarekin, hala beste eragile eta elkarteekin, lurrikararen ondoren geratzen den kaos hori ordenatzeko eta egitura bera sendotzeko: artistaren estatutua, Ipar Euskal Herriko intermitentzia edota kontzertu aretoen lizentziak. Gaur egun ez daude aretoentzako lizentzia orokor batzuk, baizik eta udalerriz udalerri aldatzen dira, eta gaueko klubak eta bestelako guneak ostalaritzarekin nahasten dira. Halako eginbehar batzuk detektatu ditugu, eta ari gara lanean horiek pixkanaka konpontzeko.

Elkarteak nola erantzun dio krisiari?

Tira, zuzendaritza berria proiektu berri batekin lanean hasi eta justu urtebetera iritsi zen pandemia.Oraindik sektorea ezagutzen ari ginela jaso genuen zaplaztekoa guk ere. Bete-betean harrapatu gintuen; denok elkarri begiratzen genion, esanez bezala: «Nork egin behar du tira orain?». Jende asko gerturatu zaigu, galdera asko egin dizkigute, eta erreferentzialtasun bat ere lortu dugu, dezentekoa, baina horrek, aldi berean, ardura bat ere ematen dizu. Lan itzela izan da alde horretatik. Baina balio izan digu hausnartzeko, adibidez, nor garen, non kokatzen dugun geure burua elkartean eta zer erantzukizun izan ditzakegun. Ispilu lan hori egiteko eta elkartearen eginkizunak gehiago zehazteko ere balio izan digu.

Orain zer behar du sektoreak suspertzeko?

Publikoa, hori bai, noski, horretan ez dago zalantzarik. Badirudi ondo erantzuten ari dela, edonola ere. Baina bazegoen eta badago beldurra oraindik horrekin, salmentak asko jaitsi direlako; mesfidantza moduko bat dago. Pandemiak kolokan jarri du gaur egungo eredua, eta formula berriak bilatu behar izan dira aurrera egin ahal izateko. Behar ditugu diru laguntzak oraindik ere, batzuek ez baitute ezer jaso oraindik. Eta lehen aipatutakoa: lan egiteko moduak finkatzea, oinarri sendoago batzuk jartzeko eta hain zaurgarriak ez izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.