Donostiako 66. Zinemaldia. Sail Ofiziala

Ustelen erresumari argazkia

'El reino' aurkeztu du Rodrigo Sorogoyen zinemagile espainiarrak lehiara, ustelkeriari buruzko thriller bizia. Trama batean nahastutako politikariaren rol nagusia jokatu du Antonio de la Torrek

El reino filmeko lantaldea. Goian, ezker-eskuin: Fresneda, Wagener, Pou, Lennie, Peña eta Zahera; eta behean: De la Torre eta Sorogoyen. GORKA RUBIO / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2018ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Erritmo biziko thriller bat ekarri du Rodrigo Sorogoyenek Sail Ofizialeko lehiara. Espainiako ustelkeriaren erretratu bat egiten du El reino filmak, politikari ustel bat protagonista jarrita. Pertsonaiaren ordezko erreala zein izan zitekeen pentsatzen ariko zen ikusleren bat baino gehiago atzo goizeko emanaldian, adibiderik ez baita falta garaiotan. Baina filma alderdi jakin bati buruzkoa, edo zehatzago, PPren ustelkeriari buruzkoa dela ukatu egin zuen zinemagile espainiarrak, filmaren osteko agerraldian: «Hastapenetan bertan hartutako erabaki bat izan zen, ez baitzen bidezkoa, zintzoa eta zuzena izango alderdi bakar bati buruz aritzea. Sistemaren ustelkeriaz hitz egitea erabaki genuen, gizakiaren ustelkeriaz. Bestela, PPri buruzko film bat izango zen, eta ez zen hori gure asmoa». Pelikulari harrera beroa egin zion Kursaaleko publikoak.

Ustelkeria trama bat aurkezten duen heinean, aktore talde zabal batek parte hartu du. Protagonistaren rola, baina, Antonio de la Torrek antzeztu du. Manuel da bera, autonomia erkidego bateko idazkariordea. Inguruko kideek bezala, goi mailako bizimodua darama, eta politikagintzan karrera oparoa egiteko asmoa du. Une batean, baina, bere izena ustelkeria trama bati lotuta agertuko da hedabideetan. Bere alderdiak eta ustez lagun zituen horiek bazter uzten dutela ikustean, erori behar badu ez dela bera bakarrik eroriko erabakiko du. Etsi-etsian aurrera egin nahian jardungo du une horretatik aurrera.

De la Torrek azaldu zuen hainbat politikarirekin bildu zela bere pertsonaia sortzeko; jardunean dihardutenak batzuk, erretiratuta beste batzuk, auzibidean zenbait. Eta esker oneko agertu zen haiek emandako argibideengatik. «Aktorearen lana ulertzea da, ez epaitzea; besteak beste, horregatik maite dut hainbeste nire lanbidea. Niretzat, bizi garenmunduaz hitz egiten duten filmek merezi dute kontatuak izatea, eta istorioari dimentsio erreala ematen lagundu zigun pertsona horiekin guztiekin hitz egiteak». Filmari «jarrera ideologiko bat egoztea huts larria» litzateke, aktorearen ustez. «Harago joan behar da. Filma pertsonei buruzkoa da, eta, batez ere, gure gizartearen isla da, erretratu bat».

Kazetariarena egiten du Barbara Lennie aktoreak filmean, eta bere rola prestatzeko bera ere kazetari batekin bildu zela azaldu zuen. Aldiz, horretarako beharrik ez zutela sentitu adierazi zuten agerraldian izan ziren gainerako antzezleek —Jose Maria Pouk, Ana Wagenerrek, Nacho Fresnedak eta Luis Zaherak—. «Inspirazio iturria kalean dago, albistegietan, Interneten... Inguratzen gaituen paisaia politikoari begiratu diot nire pertsonaiari nire begirada eta arima emateko», azaldu zuen Wagenerrek. Haren ustez, filmaren alderdirik interesgarrienetako bat da zenbait politikariren atzean ezkutatzen den beste aurpegi hori, beste bizimodu hori erakusten duela, normalean herritarren begi bistan ez dagoena.

Gogoeta, orokorragoa

Sorogoyenek eta Isabel Peñak elkarlanean idatzi duten gidoiaren sendotasuna goraipatu zuten lantaldeko antzezle guztiek. Eta pertsonen jarreretan jarri dutela indarra adierazi zuten bi egileek. Sorogoyen: «Ez litzateke zuzena pentsatzea ez daukagula zerikusirik pertsona hauekin, edo beste planeta batean bizi direla. Guztiok dugu ustelkerian erortzeko erraztasuna; horregatik existitzen da ustelkeria».

Zuzendariak gaineratu zuen ez duela pentsatzen Espainiako sistema politiko osoa goitik behera ustela dagoenik. «Egia da sistema kaltetuta dagoela eta ustelkeriak erraz ukitzen duela, baina ez dut esan nahi politikari guztiak ustelak direnik». Zinemagilearen ustez, Espainian ez ezik, beste edozein herrialdetan ere ongi ulertuko da filmak kontatzen duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.