Literatura

Hiri bazterreko hezurrak

Tracey Thorn musikaria Londres ondoko herrixka batean jaio eta hazi zen. Gertaera horrek nola eragin dion kontatzen du 'Another Planet: A Teenager in Suburbia' liburuak.
Tracey Thorn kantari eta idazlea, <em>Another Planet: A Teenager in Suburbia</em> liburuaren egilea.
Tracey Thorn kantari eta idazlea, Another Planet: A Teenager in Suburbia liburuaren egilea. BERRIA

Julen Azpitarte -

2019ko ekainak 9
Tracey Thorn (1962, Brookmans Park, Ingalaterra) abeslari, kantu egile eta idazleak musikaren esparruan egin du bere ibilbidearen zatirik handiena eta azpimarragarriena; izan ere, Everything but the Girl talde ospetsuaren %50 izan zen, senarra duen eta haren hiru alaben aita den Ben Watt musikariarekin batera. Aurretik, Marine Girls pop minimaleko taldean aritu zen Thorn. Bi taldeok ezinbestekoak dira Britainia Handian 1980ko hamarkadan sortu eta 1990eko hamarkadan garatu zen pop indiearen nondik norakoak ulertzeko.

Musikari britainiarrak, halaber, diskoak grabatzen jarraitzen du, bakarka. Azken lana, Record (2018, Unmade Road), feminismoz kargatutako pop elektronikoan bildutako disko bizizalea da, zeina tarteka dantzagarri loratzen den. Grabazio horretako doinuetan, iragana eta seme-alabek itzalitako oraina ere jorratzen ditu. Bi gai horietatik edaten dute, hain zuzen, New Statesman argitalpenean plazaratzen dituen aldizkako zutabeek eta orain arte argitaratu dituen hiru liburuek: Bedsit disco queen (Apopilo gelako disko erregina, 2013), bere oroitzapenen ingurukoa; Naked at the Albert Hall (Albert Hallen biluzik, 2015), kantatzearen arteari buruzkoa; eta, azkenik, aurten kaleratutako Another Planet: A Teenager in Suburbia (Beste planeta bat: nerabe bat Suburbian), zeina Alpha Decay argitaletxeak gaztelaniara ekarri duen, liburuak merezi ez duen itzulpen batekin, ziztuan egina, gutxi landua eta batere orraztu gabekoa baita. Thornen ahaleginak, baiki, bestelako isla merezi zuen.

Another Planet: A Teenager in Suburbia liburua Thornen nerabezaroaren inguruan ardazten da. Londresko aldiriko herrixka batean igaro zuen, Brookmans Parken; hain justu, hiriburuko Victoria Station geltokitik 45 minutura trenez. Itxuraz hiritik gertu, baina 1970eko hamarkadako Ingalaterrako hiri periferiak betirako bertakotzen zituen nerabeak; lur zati batera kondenatu eta betikotzen zituen. Eta, horretarako, bizilagunen egunerokotasunean berez txertatzen ziren kate domestikoak baliatzen zituen; tartean, klase sozial jakin batera itsatsitako ohitura zamatsuak eta asperdura, sekulako gogaitze amaiezina, nerabe bat hondora zezakeen asperraldi ikusezina, baina erabat eraginkorra, zeharo alienatzailea. Gurasoen ulertezintasuna ahaztu gabe. «Ni hiri periferiakoa nintzen», nabarmentzen du Thornek, bere jatorri geografikoa eta klase soziala azpimarratzeko.

Gaztaro hori kontatzeko, eta, era berean, etsita baina harro, periferiakoa ere badela onartzeko, Thornek bi elementu interesgarri uztartu ditu liburuan, biak ala biak egoki kateatzen direnak: nerabezaroko egunkarian idatzitako eta ez idatzitako gomutak. eta duela hiru urte Brookmans Parkera trenean egindako bidaia bat. Uztarketa horretatik oroitzapenen inguruko gogoeta interesgarriak egin ditu autoreak: malkoa eragiten dutenak, batez ere gurasoez aritzen denean; zorrotzak, klase sozial bati atxikitako mugez hitz egiten duenean; iniziaziokoak, punk eta pop doinuak, diskotekak, mutil lagunak eta musukatzeak aipatzen dituenean.

Burutzen ez dena

Liburuan jasotako egunkariaren lehenengo lerroak 1975ekoak dira, Everything but the Girl taldeko musikariak 15 urte zituen garaikoak. Eta deigarria da oso, koaderno horietan bildutako oharrak gauzatu ez diren gertaerak dira: «Debi deitzen saiatu naiz, eta ez du erantzun»; «praka beltzak erosten saiatu naiz, baina ez dut politik aurkitu»; «liburutegira joaten saiatu naiz, baina itxita zegoen». Thornen urteetako idatziek ez dagoena edo gertatzen ez dena jasotzen dute, hiri inguruko bizitza eroso eta aspergarriaren seinale. «Ni nintzen ala nire ingurua zen?», galdetzen du liburuan. Eguneroko spleen sakon horretan, telebista saioen aipamenak ere ageri dira, alienaziorako eta iheserako faktore gisa.

Bada, eremu sintetiko horren aurrean, gazteak zerbait transzendentea aldarrikatuko du, bere sormena piztu eta garatzeko aukera emango diona, txinparta, zalaparta, asaldura eta dibertsioa bilatzen baititu. Zulotik ihes egitea. Hori guztia pop musikak eta Londresera egingo dituen bidaiek eskainiko diote. Liburuaren alde honetan, pop kulturak nerabearengan eragindako frenesiaren protagonistak agertzen dira, nagusiki 1970eko hamarkadako emakume musikariak; besteak beste, Viv Albertine (The Slits) eta Chrissie Hynde (Pretenders). Thornen profil ez-konformista zizelkatu zuten eleberri eta filmak ere sarritan aipatzen dira, bai eta kantuak ere: «1981eko otsailak 26, New Orderren Ceremony entzun dut. Aspaldian entzun dudan gauzarik onena da. 'Zeruak badaki oraingoan behar duela izan'. Sentsazio hori ezagutzen dut. Zoragarria da. Orain arte entzun dudan kantuen artean nire kutunenetako bat da».

Thornek, bestalde, tren bidaia ere egingo du Brookmans Parkera. Idazlea egun Londresen bizi da, eta, jaioterria 40 minutu ingurura izanagatik ere, ez du lur esparru hori zapaldu azken 30 urteetan. Hala, lorategi hirian lurreratu, eta egunerokotasunaren etnografo bihurtuko da, inguruak eta ingurukoek izan duten eboluzioa aztertzeko asmoz. Bidenabar, Thorn ohartuko da gauzak ez direla batere aldatu, Internet gorabehera. Hala, herrixkan lau nerabe ikusiko ditu parke bateko aulki batean eserita. «40 urtez bertan egon zitezkeen. Mamuak dirudite». Halaber, hiribururako trena hartzeko dagoela, nasan, neska ikasle bat ikusiko du. «Gora begiratu dut eta desagertu egin da. Agian imajinatu egin dut? Nire mamu bertsioa zen?».

Psikogeografiatik eta antropologiatik ere badu ibilaldi horrek, eta, behin amaituta, «hiri periferoako hezurrak» dituela jabetuko da Thorn, eta hondar horrek gaur arte dirauela baieztatuko du. «Londresen nagoela pentsatzea gustatzen zait, baina jende askok legez, hiri bazterreko hezurrak ditut». Hala, onartuko du langile jatorriko erdi mailako klasearen bizitegi auzoko loturek eta torturek sortutako etsipenak ere eragina izan duela egun den emakume eta artistarengan; alegia, hori ere badela. «Beste inguru batean, ausartagoa izango nintzen, zarata gehiago egingo nuen, urrunago iritsiko nintzen?», galdetzen du autoreak. 2016ko egun oso bat irauten duen iraganerako bidaian, bestelako gaiak ere jorratzen ditu Thornek, hirigintza politika espekulatzaileak eta brexit-aren itzala, besteak beste.

Bi planetaren arteko talkatik sortutako anbiguotasunari buruzko lan ederra da, hiriaren eta herrixkaren arteko dikotomiak eragindakoa, hain zuzen. Non errotu eta garatu norberaren bizitza, desiatzen duguna eskuratzeko, jakinda planetaren ardatz nagusia norbera dela, artifiziorik gabe.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna